22/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

153. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a - BEREZIA 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA 1.1. XEDAPEN OROKORRAK 1.1.3. Foru Aginduak 22/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Ekainaren 15ean onetsi zen Osasuneko Kontseilariaren ekainaren 15eko 21/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez luzatu eta aldatu baitzen Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan malgutasunaren bidetik pixkanaka segitu zen neurriak arrisku maila ertainera egokitzeko, horixe baitzen Nafarroako Foru Komunitatean une horretan zegoen egoera. Ildo horretan, neurriak malgutu ziren honako arlo hauetan: ostalaritza, jatetxe zerbitzuak eta ospakizunak, ostatuak eta aterpetxeak, irakaskuntza ez-arautua, liburutegiak eta artxiboak, kirola, igerilekuak, monumentuak, erakusketak eta museoak, bingoak eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak, erabilera anitzeko espazioak eta elkarte gastronomikoak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, gaur egun, intzidentzia metatua 14 egunean eta 7 egunean, hurrenez hurren, 91 kasukoa eta 44 kasukoa da 100.000 biztanleko, 2,1eko ratioarekin, eta beherantz jarraitzen du poliki-poliki.

Adierazleek erakusten dute, oro har, alerta maila baxuan gaudela, 1 mailan. Populazio orokorrean 14 eta 7 egunetan metatutako intzidentziaren adierazleak beheranzko joerari eusten dio, baina arrisku maila ertaina da oraindik ere.

Bestalde, txertaketari dagokionez, 50 urte eta hortik gorakoen taldean lehen dosia eman zaie herritarren %94,4ri, eta %72,7k pauta osoa hartua du. Nolanahi ere, talde guztietan ez da berdintsu eman pauta osoa, 60 urtetik 67 urtera bitartekoen taldean uztailean emanen delako AstraZeneka txertoaren bigarren dosia eta, hargatik, estaldura txikia da oraindik talde horretan.

Era berean, aurreko astean aldaeren %36,5 ez ziren, ustez, alfa aldaerakoak (aldaera britainiarra), eta joera goranzkoa da. Aldaera horien artean, gero eta handiagoa da ustez delta diren aldaeren ehunekoa.

Horregatik guztiagatik, eta zenbait erakundek ere hala adierazten dutelako –Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak (ECDC), esaterako– zuhurtziaz jokatu beharra dago neurriak malgutzeko orduan.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenaren arabera, hobera egin dute nabarmen ospitale arloko adierazle guztiek: larrialdietako jarduerak, ospitaleratzeko eta ZIUn ingresatzeko beharra duten kasuek eta ospitalean COVID-19agatik hildakoen kopuruak.

Aipatutako bilakaeraren ondorioz, nabarmen jaitsi da COVID-19agatik ospitaleratuta jarraitzen duten pertsonen kopurua, eta horri esker pertsona horiek artatzeko eskura diren ohe kopurua murriztu ahal izan da.

7 pertsona daude ZIUn ingresaturik, eta horietatik 5ek 31 eta 73 egun artean daramatzate ospitaleraturik, eboluzio konplexuak izan baitituzte eta, horren eraginez, aise gainditu baitute patologia horregatiko ZIUko batez besteko egonaldia.

Txertaketak modu nabarian babesten ditu kolektibo ahulenak infekziotik, batez ere gaixotasunaren garapen larritik eta, horren ondorioz, ospitaleratzetik; txertatutako adin tarteetan ikusten ari da hori.

Infekzioa aktiboago dago 15 eta 29 urte bitarteko kolektiboan, zeinak ez duen txertorik jaso eta SARS-CoV-2 birusa zabaltzea errazten duten jokabideak dituen.

Gaur egun, birusaren aldaera berrien agerpena da kezka nagusia; izan ere, kutsatzeko ahalmen handiagoa dute, infekzio larri gehiago eragiten dituzte, ospitaleratzea eta ZIUko zainketak behar dituztenak, eta arriskua dago txertoen eragina eta infekzioa pasatu ondoren hartutako berezko babesa apaltzeko.

Azken astean egindako PCR tekniketan jaitsi egin da B.1.1.7 anduien (andui britainiarraren) ehunekoa kasuen %63,55 arte. Azken lau asteetan alfa aldaerakoak, hots, Erresuma Batuko aldaerakoak ez diren 53, 75, 64 eta 117 kasu hauteman dira PCR tekniken bidez. Horien artean, Brasilgo aldaerakoak izan daitezkeen 15 andui hauteman dira, Hegoafrikako aldaerakoak izan daitezkeen 21 kasu, Indiako aldaerakoak izan daitezkeen 72 eta beste aldaera batzuetako 32, sekuentziazio bidez konfirmatzeke daudenak. Lotura epidemiologikoa izan dezaketen 171 kasu aztertzen ari dira, lotura izan dezaketenak intereseko aldaera batekin (B.1.575) zeinari E484K mutazioa gehitu zaion.

Anduien azken sekuentziazioa, maiatzaren 22tik ekainaren 8ra arteko laginekin egina, ekainaren 14an bukatu zen. Sekuentziazio horretan berretsi zen Nafarroan badaudela SARS-CoV-2 birusaren 10 aldaera, 4 VOC (kezkagarriak) eta 2 VOI (interesekoak).

Profesional kopuru esanguratsu batek jardun behar izan duenez txertaketan, kontaktuen aztarnari segitzen eta proba diagnostikoak egiten, eta udako oporren programazioak direla-eta, murriztu egin da ospitaleetako baliabideak (COVID-19rako nahiz COVID-19rako ez direnak) erabiltzeko prest dauden langileen kopurua.

Hiru faktore ari dira oraindik ere pandemiaren bilakaera aldatzen, nagusiki. Alde batetik, gero eta herritar gehiago txertatzeak egoera hobetzen du, zenbat eta txerto gehiago hartu, orduan eta babes handiago hartzen baitu biztanleriak lehen ospitaleratzeko arrazoi ziren SARS-CoV-2aren infekzio larrien aurka. Aldiz, sozializazio handiagoak eta babes-arauak eta autobabeserako neurriak laxatzeak egoera okertzen ahal dute; izan ere, inguruan agerraldiak izan daitezen eragiten ari baitira eta andui berrien zirkulazioa ahalbidetu. Horrek infekzio kopuruan eta baliabide asistentzialetan eragin okerra sortzeko arriskua dakar, baldin eta txertaketari eta immunitate naturalari ematen zaien erantzuna kolokan jartzen bada.

Gauzak horrela, prebentzio komunitarioko neurriak mantendu behar dira, batez ere arriskurik handieneko kolektiboetan, helburu hauekin: galga jartzea birusaren aldaera berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak zein ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute; eta, denbora irabaztea txertoen bidez biztanle zaurgarrienak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa.

Txosten teknikoak ikusirik, bidezkoa da neurriak malgutzen jarraitzea, egokitu behar baitzaizkio Nafarroako Foru Komunitatearen arrisku maila txikiari, txikia dela erakusten baitute, une honetan, adierazle guztiek. Malgutzen dira, oraingoan ere, ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreko neurriak, baita diskoteka, dantzaleku, bingo, joko- eta josteta-aretoetakoak ere. Oraingo honetan, alabaina, itxiera ordutegiak bereizten dira, bateragarriak izan daitezen jarduera ekonomikoa eta osasun publikoaren babesa. Ordutegiak ezartzeko, aztertu da zer eratako jarduerak dituzten establezimenduek, lizentzian jasotakoaren arabera, eta oinarritzat hartu dira irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz ezarritako ordutegiak (foru dekretu horren bidez arautu zen ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra). Orobat, neurriak malgutzen eta edukierak handitzen dira kulturaren, kirolaren eta merkataritzaren sektorean, besteak beste, eta arautzen dira, era berean, bereziki udan gauzatzen diren zenbait jarduera, hala nola feria jostetak, haurrentzako eta gazteentzako aisialdi jarduerak, haurrentzako aisialdiko lokalak, kalejirak, herri bazkariak, zezenketak eta beste.

Neurri hauek uztailerako ezartzen dira, aurreikusten baita txertaketaren inpaktuari esker egoera epidemiologikoak maila txikian jarraituko duela. Unean uneko egoera epidemiologikoa zein den, neurriok aldatu ahal izanen dira uztailaren 29a baino lehen.

Neurri horiek guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR