20/2011 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

ZENBAIT ZERGA ALDATU ETA BESTE TRIBUTU-NEURRI BATZUK HARTZEKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gobernuak politika fiskalaren arloan hartzen dituen neurriek bi eduki arlo dituzte: batetik, aurrekontu-politika, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean islatzen dena, eta bestetik, tributu-politika, neurri handi batean Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege honetan islatzen dena. Hortaz, azkeneko lege proiektu horren bidez Nafarroako Gobernuaren tributu-politika ezartzen da, bere aurrekontu-politika sendotu eta bermatzeko asmoz.

Hori helburu, foru lege honen helburua da legezko arau batzuetan aldaketak egitea. Hauek dira nabarmenenak: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legea; Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legea; Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea; Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea; Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea, Kooperatiben Zerga-araubidea arautzen duen ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legea; jokoaren gaineko tributuak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legea.

Foru legeak hamaika artikulu ditu, lau xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

Lehenengo artikuluak zenbait aldaketa egiten ditu ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean.

Gauzazko ordainketen gaineko zenbait alderdi aldatzen dira. Alde batetik, 15.2 artikuluan prestazio batzuk aipatzen dira, diruzkoa ez den ordainketarik edo gauzazko ordainketarik gabekotzat jotzen direnak. Aldaketa honek 15.2 artikuluan agertzen diren prestazioen zerrendan kasu gehiago eranstea dakar. Hortaz, honako hauek ere ez dira gauzazko ordainketatzat hartuko: baimena duten ikastetxeek bertako langileen seme-alabei honako maila hauetan ematen dieten hezkuntza zerbitzua: eskolaurrekoa, haur, lehen eta derrigorrezko bigarren hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitateko ikasketak. Bestalde, g) letra eransten zaio 16.1 artikuluari. Artikulu horretan finkatzen da, hain zuzen, beren ohiko jardunbidean gauzazko ordainketatzat hartutako jardueretan aritu ohi diren enpresek beren langileei egiten dizkieten gauzazko ordainketen berariazko balorazioa.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan garrantzi handiko aldaketa bat egin da, izan ere, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Testu Bateginaren 60. artikulua aldatu da eta, horren ondorioz, aurrezkiaren likidazio-oinarri bereziaren karga-tasa 100eko 18tik 100eko 19ra igo, 0tik 6.000 eurora bitartean tarterako. Aurrezkiaren likidazio-oinarri bereziaren karga-tasaren igoera horrek balioko du diru gehiago biltzeko eta karga-tasak eta zerga informazioaren kudeaketa araubide erkideko lurraldearekin bateratzeko. Aldaketa horren ondorioz hogeigarren xedapen gehigarriaren 2. idatz-zatia ere aldatu behar da, banakako bizi-aseguruen edo baliaezintasuneko aseguruen kontratuetatik sortutako etekinak jasotzearen ondoriozko konpentsazio fiskalari buruzkoa, eta beste xedapen gehigarrri bat erantsi behar da, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera 100eko 19ra igotzeko ondasun higigarrien kapitalaren etekinen gaineko atxikipenaren edo konturako sarreraren ehunekoa, inbertsio kolektiboko erakundeetako akzio eta partaidetzen eskualdaketatik edo horien errenboltsotik heldutako ondare-gehitzeena eta ondasun higiezinen errentamendu eta azpierrentamenduena.

Azken honetan agerian dagoen errealitate bat ugaltzen ari da, batez ere kirolari profesional batzuen eremuan (futbolariak, pilotariak eta txirrindulariak), zeinaren bidez, zergen ordainketari ihes egiteko, kirolari horien irudia ustiatzeko eskubidea entitate tartejarri batzuei lagatzen baitzaie, eta horretarako baliabide ezberdinak erabiltzen dira. Horri aurre egiteko, 52. bis artikulua sartzen da irudi-eskubideen lagapenaren ondoriozko errentak arautzeko, estatuko araudiaren ildo beretik. Aginduak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak. Araubide berriari esker, zergen ordainketari ihes egiteko baliabide horien aurka borroka egin daiteke, izan ere, baliabide horien bitartez, batetik, enplegatzaileek aukera dute kontzeptu hori dela-eta kirolariei ordaindutako errenten atxikipenak saihesteko, eta bestetik, kirolariek errentaren gaineko kargaren zerga-gehikortasunari itzuri egiten ahal diote, eskubidea sozietate bati lagaz. Sozietate tartejarri hori, gainera, Espainiatik kanpora egon daiteke, eta batzuetan, paradisu fiskaletan izaten dira.

2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, lanaren kenkaria aldatzen da, 12.050 eurotik gorako lan etekin garbiak dituzten jarduneko langileentzat modulatzeko. Errenta baxuek kenkari hori izaten segituko dute, oso-osorik, baina 9.100 eurotik gora poliki-poliki jaitsiko da.

Azkenik, beste xedapen gehigarri bat ezarri da, hogeita hemezortzigarrena, enpresa edo lanbide jarduera batean 2012. urtean hasten diren subjektu pasiboei aplikatu beharreko onura fiskalak luzatzeko, betiere etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren araubidearen arabera kalkulatzen baldin badute, dela modalitate arruntean, dela modalitate erraztuan.

2. artikuluak Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legea aldatzen du, nabarmenki. Aldaketek 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak. Gauza jakina da ondarearen gaineko zerga azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen bidez ezarri zela, eta galdagarria izan zela Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 24ko 22/2008 Foru Legeak indarra hartu arte, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Arau horrek ez zuen, berez, zerga indargabetu, ordaindu beharra kendu zuen bakarrik, izan ere, %100eko hobaria ezarri zuen kuota osoan, eta aitortu beharra kendu.

Foru lege honek ondarearen gaineko zergaren karga berrezartzen du egiazki. Krisialdi ekonomikoak aurrekontu-zailtasunak dakartza, eta horregatik gomendagarria da tributu-neurri hau hartzea diru-sarrera publikoak areagotzeko. Neurri hau hartzeko, berdintasunaren printzipioa hartu da aintzat, gaitasun ekonomiko handiagoa duten pertsonek gehiago lagun dezaten egungo egoera zaila gainditzeko eta aurrekontuen egonkortasunerako helburuak betetzeko. Azken finean, zergaren karga berrezartzen da 2011. urtetik beretik, izan ere, 2011ko abenduaren 31n zerga sorraraziko da, %100eko onura orokorra kenduko, eta aitorpena aurkeztu beharra berriz ezarriko. 2008an aplikatutako tarifa mantentzen da, baina, karga hau ondare handiei bakarrik ezartzearren, salbuetsita dagoen gutxieneko ondarea 700.000 euroraino igotzen da, eta ohiko etxebizitzagatik salbuetsita dagoen gehieneko kopurua 300.000 euroan finkatzen.

3. artikuluak Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen zenbait manu aldatzen ditu.

Inbertsioetarako erreserba bereziari dagokionez, 42.1 artikulua aldatzen da, ekitaldi ekonomikoan inbertsioetarako erreserba berezian egin beharreko kontabilitate-zuzkiduraren gutxieneko kopurua 150.000 eurotik 90.000 eurora murrizteko. Bistan denez, helburua inbertsioari laguntzeko onura fiskal honen potentziala handitzea da, malguagoa izan dadin eta subjektu pasibo gehiagok erabil dezaten.

Enplegua sortzeagatiko kenkariari dagokionez, 71.5 artikuluaren edukia aldatzen da, kenkariaren aplikazioa argitzearren. Horrela, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatutako sozietate talde bateko kide diren entitateen kasuan, enplegua sortzeagatiko kenkariaren oinarria finkatzeko, ez da bakarrik entitate hori kontuan hartuko, baizik eta talde osoak sortutako enplegua.

117. artikulua ere aldatzen da, babeseko erakunde-sistema baten partaide diren kreditu-entitate guztiak sartzeko talde fiskalaren eremuaren barrenean.

Aldi baterako ezarri ziren onura fiskal batzuen iraunaldia luzatzen da. Horrela, hogeita batgarren xedapen gehigarria eransten da, ondare-elementuen amortizazio azeleratua bi urte luzatzeko enpresa txikientzat. Amortizazio hori hamalaugarren xedapen gehigarrian aurreikusita zegoen, 2009tik 2011ra bitarteko urteetan hasi ziren zergaldietarako, biak barne. Enpresa txikien mesederako, enplegua sortzeagatiko kenkariak, 71. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan azaltzen direnak, %30 handitzeko onura 2012. eta 2013. urteetan hasitako zergaldietara ere luzatzen da. Onura hori 2010. eta 2011. urteetarako araututa zegoen hamazazpigarren xedapen gehigarriaren bidez. Azkenik, inbertsioa gauzatzeko epea aldatzen da berrinbertsioagatiko salbuespen kasuetan edo Inbertsioetarako Erreserba Berezian. Hogeita hamalaugarren xedapen iragankorrean 2012ko urtarrilaren 1era bitarterako aurreikusi bezala eginen da: onura fiskal honen aplikazioaren indarraldia 2014ko urtarrilaren 1era arte luzatzen da.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, %18tik 19ra igotzen da oro har egin beharreko atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren ehunekoa.

Beste alde batetik, Moderna fundazioari dohaintzan emandako kopuruetarako pizgarri fiskalak ezarri nahi dira. Horrela, fundazio horri dohaintzan emandako diru-kopuruak honako tratamendu hau izanen du sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboentzat: fundazioei egindako dohaintzetarako ezarritako zerga araubide bera aplikatzen ahalko zaio (hau da, gastu kenkaria izanen da, muga batzuk gorabehera), eta gainera, zergaren kuota likidotik honako hau kentzen ahalko da: emandako diru-kopuruei %40...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR