54/2008 FORU DEKRETUA, maiatzaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

1

Lanbide heziketa ondoko lege hauek babesten dute: orokorrean, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, eta bereziki, hezkuntza sistemaren barruan garatzen den lanbide heziketaren esparruan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak. Bi lege organiko horiek arau-esparru berritzailea eta gure herriaren egoera ekonomiko eta sozial berriari egokitutakoa taxutzen dute.

Hezkuntzako Administrazioaren mendeko lanbide heziketako sistema, hezkuntza sistemaren barruan lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren bidez arautu eta antolatu da. Horrenbestez, bidezkoa da azken arau hori Nafarroako Foru Komunitatean egokitu eta garatzea, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluaren barruan Nafarroari aintzatesten zaizkion eskumenak erabilita.

Nafarroako Gobernuaren ustez, bere garapen ekonomikoko, aurrerapen sozialeko eta lurralde-orekako politiken onerako oso garrantzitsua da kalitatezko lanbide heziketa berritu, indartu eta garatzea. Alde horretan, azken urteotan, gure Komunitatean mota horretako irakaskuntza modernizatzeko prozesu biziari ekin zaio. Prozesu horren mugarri nabarmenak hauek dira: lehengo lanbide heziketatik gaur egungorako trantsizioa, Nafarroako Gobernuak "Lanbide Heziketa garatzeko 2001-2004 eperako Nafarroako Plana" onetsi izana, Nafarroako Gobernuak 2005eko apirilaren 4ko Gobernu-bileran Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak eskatuta onetsitako "Lanbide Heziketari eta Kualifikazioen Sistema Nazional berriari buruzko Nafarroako Gobernuaren Erabakia", eta Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren bitartez Zentro Integratuak sortu izana.

Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean, Europar Batasunaren jarraibideetan eta interes sozialeko beste hainbat alderditan oinarritzen diren lanbide heziketako titulu berriak egituratzen ditu. Titulu horiek lortzeko irakaskuntza erdi mailako eta goi mailako heziketa ziklotan antolatzen da, eta Ziklo horiek lanbide-modulutan antolatzen dira. Modulu horietako gehienak, berriz, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko gaitasun unitateekin lotzen dira.

Lehengo oinarrizko antolamendua kontuan hartuta, foru dekretu honek estrategia eta arau arloko alderdi berriak garatzen eta txertatzen ditu. Horrela, lanbide heziketarako, garapen-eredu baten printzipioekin batera Nafarroan mota horretako irakaskuntzarako etorkizuneko norabidea planteatzen duten helburuen multzoa ezartzen da. Norabide horren koordenatuak arau honen VI. kapituluan planteatzen diren ildo estrategikoetan biltzen dira.

2

Nafarroako esparrurako soilik garatzen diren arau arloko -eta soilik arlo horretako- elementuei dagokienez, lehenengoz nabarmendu behar dira lanbide heziketako tituluen curriculuma diseinatu, antolatu, garatu eta sekuentziatzeari buruzko artikuluak. Curriculum hori Autonomia Erkidegoek egin behar dute, eta Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan modernizaziorako alderdi batzuk txertatu dira. Alde batetik, derrigorrezko lanbide-moduluak sortu dira, eta horiek Hezkuntza Departamentuak gehituko eginen dizkie Estatuak titulu bakoitzerako ezarri dituen gutxieneko ikasketei; beste alde batetik, lanbide heziketako ikastetxeek modulu osagarrien curriculuma diseinatzeko aukera izanen dute. Bigarren elementua, produkzio-ingurunearekin zerikusia duena da, hori baita lanbide-kualifikazioen sistemaren funtsezko eta lehen mailako erreferentzia. Ondorioz, ikastetxeak lan arloko testuingurura molda daitezela lortzeko ezartzen diren helburuek mugatutako esparruaren barruan, azpimarratu egiten dira gogo ekintzailea, baita langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak ere, eta produkzio sektoreko profesionalek heziketa-zikloetan irakaskuntzan parte hartzeko aukera ere bai.

Modernizaziorako hirugarren elementuak, edo funtsezko hirugarren elementuak, irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuan aurreratutako ikastetxe Integratuaren eredu berriarekin eta horri lotuta dagoen lanbide heziketako ikastetxeen sarearen kontzeptuarekin zerikusia dauka. Prestakuntzako bi egitura horiek, ikastetxea eta sarea, Nafarroako lanbide ikasketen zimendu gisa planteatzen dira, eta foru dekretu honetan bultzatzen den araupeketari esker hori guztia kudeatzen dutenek malgutasun, autonomia eta antolatzeko ahalmen handiagoak izanen dituzte.

Laugarren elementua, lanbide heziketa etorkizunerantz proiektatzeko eragilea da, eta lanbide heziketaren ildo estrategikoetan banakatuta dago. Ildo horiek eremu hauei dagozkie: berrikuntza teknologiko eta didaktikoari, nazioartekotzeari, lanbide arloko informazio eta orientazioari eta lehiakortasunaren ebaluazioari.

3

Lanbide heziketako berrikuntza teknologiko eta didaktikoaren azken helburua merkatu lehiakor eta globalizatuan murgildutako enpresen bitartez eskolatik lan-mundura igarotzeko beharrezkoak diren ezagutza eta gaitasunak ikasleen artean sustatzea da, hain zuzen ere merkatu horretan teknologiaren eta berrikuntza teknologikoaren garrantziak erakundeen hazkundeari nahiz langileen enplegagarritasunari eragiten baitiote. Alde horretan, lanbide heziketaren ildo estrategiko horrek zaintza teknologiko eta didaktikoko sistema egituratzen du irakaskuntza horien testuinguruan, eta aintzat hartzen ditu Nafarroako Gobernuak azken urteotan onetsi eta burutu dituen plan teknologikoak.

Lanbide heziketako irakaskuntza nazioartera ateratzea, ildo estrategikoaren izaera hartzen duen beste helburu bat da. Beste guztiak bezala, ildo estrategiko hori proiektu eta ekintza zehatzekin lotzen da. Eremu honetan, proiektu horiek ikasle nahiz irakasleen nazioarteko mugikortasunarekin zerikusia dute, baina ez horrekin bakarrik, baizik eta atzerriko entitate eta erakundeekin mota askotariko proiektuak egiteko interesarekin ere bai. Ildo estrategiko horren ondorio zuzenetako bat goi mailako heziketa zikloetan atzerriko hizkuntza bat -ahal dela ingelesa- sartzea da. Goi mailako heziketa ziklo bat amaitzen duten ikasleek zeharo espezializatutako kualifikazioa eta gaitasun pertsonal eta sozialen garapenean oinarritutako heldutasun profesionala lortuko dituzte, eta horretaz gain beren mugikortasun profesionala edozein herritara hedatzeko gai izanen dira, eta horrela nazioarteko informazioa eta baliabideak eskuratu ahal izanen dituzte, egoera praktikoetan atzerriko hizkuntza bat erabiliz.

Lanbide arloko informazio eta orientazioa Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren ondoriozko beharrizanetako bat da. Sistema berri horrek gazte eta langileentzako informazioa integratzeko ahalmena du, eta horri esker mugikortasun, malgutasun eta zabaltasun handiagoa sorraraziko ditu. Modu horretan, herritarrak lanbide heziketako ikastetxeetan lanbide eta lan arloko informazio eta orientazio zerbitzua izan beharko du.

Foru dekretu honek lehia ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura ere ildo estrategiko gisa definitzen du. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluko 3. puntuak eta abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 35. artikuluko 4. puntuak adierazten duten bezala, pertsonek ikasketako sistema antolatu eta arautuetatik kanpo eskuratutako gaitasunak aintzatetsi eginen dira. Hori oso beharrezkoa da lanbide batean jardun bitartean zenbait ezagutza eta trebetasun eskuratu dituzten pertsonentzat; hain zuzen ere, lanbide heziketako tituluetan ezagutza eta trebetasun horiek gaitasun ofizial gisa definituta egonen dira.

Azaldutakoaren arabera, Lanbide Heziketaren Kontseiluaren iritzia entzundakoan, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena eman ondoren, Hezkuntza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko maiatzaren hogeita seiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. KAPITULUA

    Lanbide heziketa hezkuntza sisteman

    1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

      Foru dekretu honen helburua Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren egiturari eta antolamenduari buruzko jarraibide orokorrak ezartzea da, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta hezkuntza sistemaren barruan lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan.

    2. artikulua. Kontzeptua eta xedea.

    3. Lanbide heziketa hezkuntza sistemaren barruan ikasleei hainbat gaitasun ematen dieten ikasketen multzo gisa definitzen da. Gaitasun horiei esker ikasleak lanbide batzuetan zein besteetan jarduteko eta enplegua eskuratzeko gauza izanen dira, bai eta eremu pertsonalean zein lanbide eremuan beren kabuz moldatzeko eta gizartearen aldaketetara egokitzeko, gizarte honen oinarriak jakintza eta etengabeko ikasketa baitira, bizitza sozial, kultural eta ekonomikoan modu aktiboan parte hartu ahal izateko.

    4. Lanbide heziketako irakaskuntzen prestakuntza-ekintzak sistema ireki eta malgu batean egituratuta egonen dira, bizitzan ikasteko beharrizanari erantzuna emanen dion etengabeko prestakuntza-prozesu baten barruan.

    5. Lanbide heziketa ireki eta malgu hori ondoko alderdi hauetan gauzatuko da, besteak beste: antolakuntza-modalitateen, prestakuntza-eskaintzen eta titulazioak eskuratzeko sarbideen aniztasuna. Horretarako, bere ingurunera irekitako lanbide heziketako ikastetxe baten eredua landuko da. Ikastetxe horrek erantzun zehatzak, berritzaileak eta produkzio sistemarako egokiak emanen ditu, pertsonen beharrizanak eta egoerak kontuan hartuta.

    6. artikulua. Helburuak.

    7. Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 3. artikuluan azaldutako helburuak garatu eta zehazteko, Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketaren funtsezko helburuak - dekretuan azaldutakoez gain- hauek izanen dira:

      1. Pertsonen zein Nafarroako Foru Komunitateko produkzio sektoreen prestakuntza eta lanbide arloko beharrizanak betetzea.

      2. ...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR