22/1998 FORU LEGEA, abenduaren 30ekoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako lege hau onetsi duela:

PERTSONA FISIKOEN GAINEKO ERRENTAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO FORU LEGEA.

Espainiako Konstituzioak bere 31. artikuluan ezartzen du gastu publikoak ordaindu ahal izateko behar-beharrezkoa dela hiritar guztien ekarpena, bakoitzaren ekonomi ahalmenaren araberakoa, berdintasunean eta progresibitatean oinarritutako tributu sistema zuzenaren bidez.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) funtsezko tributua da Konstituzioaren agindua eraginkorra izan dadin, errentaren gainean ezartzen baita. Errenta, karga progresiboa duen zergadunen ekonomi ahalmenaren adierazpen zehatzena da.

Tributua dirubilketarako baliabide bikaina da. Aurtengo Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusi da zerga honen bidez zuzeneko zergen 100eko 70,33 bilduko dela eta zerga guztien 100eko 30,78.

Aipatu ezaugarriek Errentaren gaineko Zergari politika fiskaleko hainbat helburu egotzi dizkiote, hala nola, aberastasunaren birbanaketa, kontuan izanik progresiboa dela, eta ekonomi egonkortasuna, ziklo ekonomikoei egokitzeko gaitasun handia baitu.

Zerga orokor, pertsonal eta progresiboaren eredu hau 1978an ezarri zen gure tributu sisteman eta 1992tik aurrera arautu da berriz ere. Data horretatik iragandako denboran beharrezkotzat jo da zerga eguneratzea, egoera ekonomiko, finantzario eta sozialari eta gure inguruko tributu sistemei egokitzeko.

Foru Legeak egitura hau du: 10 titulu, 100 artikulu, zenbait xedapen gehigarri eta iragankor, xedapen indargabetzailea eta azken xedapena.

  1. tituluak ezartzen du Zerga ordaindu beharreko oinarri orokorra, LORAFNAren 45. artikuluan aipatzen den Hitzarmen Ekonomikoaren arauei jarraituz. Ondoren tributuaren izaeraz dihardu eta dio zuzenekoa dela, hots, ezin dena trasladatu eta errenta, eskuratzen denean kargatzen duena; izaera pertsonalekoa, hau da, nahitaez subjektu pasiboa eta horren subjetibitatea jaso behar duena, zeren tributu kuota zehazteko zergadunak biltzen dituen hainbat berariazko inguruabar hartzen baititu kontuan. Inguruabar horiek eragina dute subjektu pasiboaren ekonomi ahalmenean eta, beraz, haren karga ezartzerakoan ezin dira saihestu.

    Tributuaren xedea pertsona fisikoak eskuratzen duen errenta orokorra edo osoa da, karga sortzen baita edozein dela aipatu errentaren sorlekua edo ordaintzailearen egoitza.

    Azkenik, I. tituluak zergaren aplikazio eremua jorratzen du eta dio Nafarroan egoitza duten subjektu pasiboei aplikatuko zaiela, Hitzarmen Ekonomikoaren 7. eta 8. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  2. tituluak tributuaren zergagaiari ekiten dio. Zergagaia, oro har eta zabal harturik, subjektu pasiboak lortutako errenta gisa definitu da.

    PFEZk eta Oinordetza eta Dohaintzen Zergak errenta bera kargaturik ezarpen bikoitza gerta ez dadin, aipatu lehen tributuari ez lotzeko suposamendua ezarri da baldin delako errenta bigarrenari lotzen bazaio.

    Salbuespenei dagokienez orain arte indarra izan duten ia guztiak biltzen ditu Foru Legeak eta edukia beste hauetara zabaltzen du: goi-mailako kirolariei ematen zaizkien zenbait dirulaguntza, nazioarteko bake eginkizunetan edo laguntza humanitariokoetan parte hartzeagatik eskuratutako haborokinak, atzerrian egindako lanengatik jasotako lanaren etekinak, 1936-1939 Gerraren ondorioz diren pentsioak edo elbarriak eta giza inmunoeskasiaren birusa dutenei ematen zaizkien dirulaguntzak.

    Zergagaiaren elementu materiala arauturik, Zergaren elementu pertsonalari ekiten zaio, subjektu pasiboari, alegia.

    Subjektu pasiboa pertsona fisikoa da, bakarka harturik, ezin baitzen bestela izan Auzitegi Konstituzionalak otsailaren 20an emandako 45/1989 Epaiaren ondoren.

    Foru Legearen III. tituluak, hasteko, Zergaren Zerga-oinarria arautzen du, hau da, karga daitekeen kontribuzio ahalmena zehazteko parametro koantitatiboa.

    Zerga-oinarria bitan banatzen ahal da, bata orokorra, berezia bestea, karga ezberdina izan dadin batean zein bestean.

    Foru Legeak, hurrena, errentaren zenbait osagai jorratzen ditu. Lehenik, lanaren etekinak, oso-osoan hartuta, hots, zuzenean lanetik eskuratutakoak eta zeharkako bideetatik jasotakoak, nahiz dirutan, nahiz gauzatan.

    Kontzeptu horretan horiek guztiak bildurik, bertan sartutako kontraprestazioak eta onurak aipatzen dira ondoren. Arreta berezia jarri da beti lanaren etekintzat hartuko direnetan, zenbait hartukizunen kalifikazioari eta tratamendu fiskalari buruz doktrina zein jurisprudentzia alorretan izan diren eztabaidek sortutako ziurtasun-gabezia juridikoa bukatzeko.

    Etekin irregularrak eskuratzeagatik errenta metaketan Zergaren ondorioak saihesteko, zergadunak aise erabiltzeko moduko prozedura prestatu da etekin irregularrak urteka sailkatzeko mekanismoaren ordez. Prozedura hori, funtsean, etekin osoa portzentaia batean murriztean datza, 100eko 30 eta 100eko 50 arteko portzentaia aldakorrean.

    Kapitalaren etekinei dagokienez, Legeak ondasun higikorren eta higiezinen arteko bereizketa ezaguna egiten du, ondareko zein elementutan duten jatorria, haren izaera juridikoaren araberakoa.

    Gauzatan egindako ordainketen balorazioa egiterakoan, jasotako ondasun edo zerbitzuek merkatuan duten balioari erreparatzen zaio, eta bidea irekitzen da aipatu prezioa zehazteko irizpideak arauz ezarri ahal daitezen.

    Berrikuntza bat sartu da higiezinen kapitalen etekinak arautzean: ondasun higiezinetatik ondorioztatzen diren errenta errealak soilik kargatzen dira, ustezko errenta desagertzean, horren koantifikazioa, higiezinaren katastro balioari portzentaia bat aplikatuz egiten baitzen.

    Aurreko guztiaren ondorioz, etekin garbia zehazterakoan, ondasun higiezinei dagozkien gastu kengarrien aipamenik ez da agertzen. Hemendik aurrera, jakina, errentan emandako edo utzitako ondasunen, edo usaera eta gozamen eskubide edo ahalmenaren menean diren ondasunen sailean sartuko dira.

    Denboran zehar erregulartasunik gabe eskuratutako lanaren etekinekin edo bi urtetako epea baino luzeagoan jasotakoekin gertatzen denaren antzera, lortutako zenbatekoaren murriztapen bat ezarri da, kasu honetan, etekin garbi positiboaren 100eko 30.

    Jatorriaren arabera, hiru sailetan banatu dira, ohi denez, higikorren kapitalaren etekinak: entitateen fondo propioetan izandako partaidetza, kapital propioak besteri utziaz lortutako etekinak eta gainerako ondasun higikor edo eskubideetatik heldu direnak.

    Lehenbizi aipatutako etekinen zerrendatzea kontinuista da eta aurreko arautegiari jarraitzen dio. Ondoko hauek biltzen ditu: dibidenduak, batzarretara joateagatiko primak eta bazkide, akziodun edo partaide izatetik ondorioztatzen den beste edozein onura.

    Etekinak gaur egun bezela sartzen dira Zergaren oinarrian: lortutako zenbatekoa eta koefiziente bat biderkatzen dira eta koefizientea aldatuko da dibidendua nondik heldu den, entitate horri Sozietateen gaineko Zergak aplikatzen dion karga tasaren arabera.

    Horretan berrikuntzarik handiena da "dibidenduaren garbiketa" izenekoari mekanismo zuzentzailea ezarri zaiola. Aipatu garbiketa baloreen eskuratzean datza dibidenduaren banaketa baino lehenxeago eta ondoren, besterentzean. Foru Legeari jarraituz, dibidendua ordaindu aurreko bi hilabeteetan lortutako baloreei 1 koefizientea aplikatuko zaie, ondoko bi hilabeteetan balore homogeneoen besterentzea gertatuz gero. Epe horiek urte batera luza daitezke tartean Espainiako bigarren mailako balore-merkatu ofizialetan negoziatu gabeko baloreak direnean.

    Kapital propioak besteri uztetik heldu diren higigagarrien kapitalaren etekinei dagokienez, berria da kontzeptu horretan sartzea eskualdaketa, itzulketa, amortizazio, truke edo bihurketatik ondororioztatutako etekinak. Orain arte, oro har, ondare gehikuntza edo murrizketatzat hartzen ziren.

    Aipatu "dibidenduaren garbiketa" kendu nahi duenaren antzeko mekanismo bat gaineratzen du Foru Legeak, direlako aktiboak eskualdatzetik etekin negatiboak lortzen direnean.

    Gisa horretako gainerako etekinen alorrean, azpimarratu behar da, lehenik, kapitalizazio eta aseguru eragiketei tratamendu bateratua ematen zaiela. Horiek, aurreko arautegian, ondare gehikuntza edo murrizketak zekartzaten.

    Aldaketa honen arrazoia da merkatuan den aseguruen eskaintza askotarikoak sortutako errenta motak bereiztea ia ezinezko bihurtzen duela "finantza ingeniaritza" delakoak, horrek dakarren nahasmenduarekin tributu alorrean, itzurpen fiskalerako nahasbideak finkatzen baititu.

    Bigarrenik, Foru Legeak nabarmentzen du lerroalde honetan sartzen dela ondasun higikorren edo eskubideen usaera eta gozamen ahalmena edo eskubidea eratzeko edo uzteko suposamendua eta horiek baloratzeko merkatura jo beharko dela du azpimarratzen, aipatu eragiketak ezkontidearen edo hirugarren mailarainoko ahaideen alde egiten direnean.

    Lanaren eta higikorren kapitalaz adierazi den legez, denboran zehar erregulartasunik gabe eskuratutako etekinak edo bi urtetako epea baino luzeagoan jasotakoak metatzetik etor daitekeen progresibitatearen ondorioak saihesteko, etekin garbiak murrizteko sistema ezarri da, 100eko 30 eta 100eko 70 artekoa.

    Enpresa- eta lanbide-jardueren etekinen arautegia lehen zegoenaren antzekoa da, berrikuntza azpimarragarriak erantsi badira ere.

    Foru Legeak, hasteko, enpresa- eta lanbide-jardueren etekinak definitzen ditu, PFEZean egin ohi den moduan eta ondoren, jarduera horien etekin garbia zehazteko araubideak jorratzen ditu. Berrikuntzarik handiena da zuzeneko zenbatespen araubideean bi mota bereizi direla, arrunta eta erraztua.

    Bi-bietan etekin garbia, orokorrean, Sozietateen gaineko Zerga aplikatuz zehazten da, garrantzi gabeko espezilitateren batean izan ezik.

    Lan zerbitzuak emateagatik nahiz ondasunak zein horien gaineko titularitate eskubideak uzteagatik ezkontideari edo adin txikiko seme-alabei ordaindutako zenbatekoak gastu kenkaritzat hartzeko alorrean zenbait neurri eta mugapen ezarri dira, itzurketa saihesteko.

    Zuzeneko zenbatespen arrunteko modalitatea arauz ezarriko den eragiketa bolumena gainditzen ez duten jarduerei aplikatuko zaie. Borondatezkoa...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR