59/2008 FORU DEKRETUA, ekainaren 9koa, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ARRAZOIEN AZALPENA

Foru dekretu honek zenbait aldaketa egiten ditu martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduan.

Tributu Harmonizazioari buruzko abenduaren 26ko 2/2005 Legegintzako Foru Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37. artikuluko Bi.1.6 atala aldatu zuen, araubide bereziko edo sustapen publikoko babes ofiziala duten etxebizitzen emateetan %4ko zerga tasa aplikatu behar dela dioen atala, hain zuzen ere. Horrelako etxebizitzengatik zerga murriztua ordaindu ahal izan dadin erosleak zenbait baldintza eta inguruabar bildu behar ditu etxebizitzaren erabilerari dagokionez. Erregelamenduaren 17 bis.Bat artikuluan egiten den aldaketaren bidez, hura legezko xedapenera egokitzen da, eta etxebizitzaren erosleari tasa murriztua aplikatzeko eskubidea sortzen dioten inguruabarrak frogatzeko modua ezartzen da aldi berean.

Tributu Harmonizazioari buruzko otsailaren 6ko 1/2006 Legegintzako Foru Dekretuak 16. zenbakia gehitu zion 19/1992 Foru Legearen 37.Bat.2 artikuluari. Zenbaki berri horretan xedatzen da %7ko tasa murriztua aplikatu behar zaiola irrati eta telebista digitaleko zerbitzuak eman eta hartzeari. Horrelako eragiketak egiten dituzten entitateei finantza eragozpen handiak ez sortzeko, komenigarritzat jotzen da Zergaren Erregelamenduaren 20. artikuluko itzulketa prozedura berezia aplikatzea zerbitzu horiei.

Tributu Harmonizazioari buruzko maiatzaren 2ko 2/2006 Legegintzako Foru Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatu zuen, hainbanaketaren arauaren aplikazioa egokitzeko, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren sistema bateratuari buruzko Europako Zuzentaraua kontuan hartuz (gaur egun, 2006/EE Zuzentaraua, Kontseiluarena, 2006ko azaroaren 28koa), eta eragiketen prezioari lotu gabeko dirulaguntzak hartzeagatik kenkarirako eskubidea murrizten zuten muga guztiak kendu zituen Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legetik. Horren ondorioz, Zergaren Erregelamenduaren 19.1 eta 27.2 artikuluak legezko arau berriei egokitu beharra dago.

Tributu Harmonizazioari buruzko maiatzaren 2ko 2/2006 Legegintzako Foru Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatu zuen, ezgaitasuna edo minusbaliotasuna duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuaren kontzeptua behar bezala zehazteko, eta foru lege horren 37. artikuluko Bi.1.4 eta Bi.2 atalak aldatu zituen, mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten autoei dagozkien eragiketetan zerga murriztua aplikatzen ahal den kasuak zehaztuz. Legean egindako aldaketa horien ondorioz, erregelamenduzko baldintzak legezko arau berrietara egokitu behar dira.

Tributu Harmonizazioari buruzko abenduaren 10eko 3/2007 Legegintzako Foru Dekretuak, azkenik, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean araubide berezi berri bat ezarri du, entitate taldearena. Arauak berak dioenez, araubide berriaren alderdi batzuk erregelamendu bidez garatu behar dira. Horixe egiten da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduari gehitu zaizkion 50 bis eta 50 sexies bitarteko artikuluetan.

Hala, 50 bis artikuluan, araubide berezia aplikatu nahi duten entitateek Zerga Administrazioari egin behar dizkioten jakinarazpenen edukia arautzen da; besteak beste, araubide berezia hautatzeko hartu diren erabakiak, entitate taldearen osaera, eta kasu bakoitzean entitate taldearen araubide bereziaren norainokoa eta edukia eratzen dituzten aukerak eta ukoak.

Ondoren, 50 ter artikuluak araubide berezia aplikatzeko aurkeztu behar diren taldeko eta banakako aitorpen-likidazioen nondik norakoak zehazten ditu: aitorpen-likidazioen motak, aurkezteko epeak, banakako aitorpen-likidazioak ez aurkeztearen ondorioak, eta nola itzultzen den araubide orokorrera entitate taldearen araubide berezia aplikatzeari uzten zaionean.

Araubide berezia aplikatzen duten entitate taldekideen arteko eragiketek izan ditzaketen salbuespenei uko egiteko epeak, agiriak eta formazko betekizunak 50 quater artikuluan arautzen dira. Arauketa horretan subjektu pasiboen segurtasun juridikoa eta zergaren kudeaketa egokia uztartzeko ahalegina egin da.

Araubide bereziko betebehar formalak 50 quinquies artikuluan garatzen dira, berariazko aipamena eginez araubide bereziaren maila aurreratuaren oinarri den informazio analitikoko sistemari. Sistema horren bidez zehaztu behar da zein irizpide erabili diren talde barneko eragiketen zerga oinarriari eta eragiketa horiek osatzen duten aparteko sektoreari kostuak egozteko.

Azkenik, 50 sexies artikuluak lehengo arauak osatzen ditu entitate horiek kontrolatzeko prozedurari dagokionez. Bidezko arrazoirik gabeko etenaldiek eta Zerga Administrazioari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik gertatutako atzerapenek zer nolako eragina duten zehazten du, hain zuzen ere.

Beste aldaketa batzuk egiten dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 54. eta 55. artikuluetan. Luzatutako fakturen eta jasotako fakturen erregistro liburuen edukia manu horietan arautzen da hurrenez hurren, eta fakturen edukia, berriz, Fakturazio Betebeharrei buruzko Erregelamenduak arautzen du, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 6. artikuluan. Aldaketaren bidez liburuen eta fakturen edukien arteko koherentzia areagotu nahi da. Ezartzen da, zehazki, liburu horietan bereiz jaso behar direla fakturen luzatze datak eta fakturetan dokumentaturiko eragiketen datak, eragiketaren data eta fakturaren data bat bera ez direnean. Halaber, laburpen-idazpenen edukia eguneratzen da.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat etorriz proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko ekainaren bederatziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, hauxe

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretua aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuko agindu batzuk, ondoren aipatzen direnak, honelaxe geldituko dira idatzirik:

Bat.-17 bis artikulua.

"17 bis artikulua. %4ko zerga tasa murriztua.

Bat.-Zergari buruzko Foru Legearen 37. artikuluko Bi.1.6 ataleko bigarren paragrafoan zenbait etxebizitza-emateri buruz ezarritakoari dagokionez, hartzaileak sinatu eta subjektu pasiboari zuzendutako aitorpen idatziaren bidez egiaztatzen ahal dira ondoko inguruabar hauek: hartzaileak Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bategineko VII. tituluko III. kapituluan aurreikusitako araubide berezia edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen X. tituluko V. kapituluan aurreikusitakoa aplikatzeko eskubidea duela, eta ondorengo errentamendutik ateratako errentei aplikatzen ahal zaiela, hurrenez hurren, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuaren 54.1 artikuluak araubide arruntean ezarritako hobaria edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 109 quinquies artikuluko 1. zenbakian ezarritakoa. Hartzailea izanen da aitorpen idatzi horretan adierazitakoaren erantzulea.

Zergari buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusten diren...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR