17/2012 FORU DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak indarra hartzearen ondorioz, aldaketa sakonak gertatu ziren doako laguntza juridikoaren (lehengo pobreziaren onura) eskubidearen aitorpenean, baliabideen askitasunik eza frogatzen dutenentzat. Lege horrek eskubidea aitortzeko prozeduraren desjudizializazioaren alde egiten du, organo kolegiatu administratibo baten esku uzten baitu, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen esku, hain zuzen ere. Hala ere, espedienteen tramitazioa abokatuen elkargoen aurretiko lanean oinarritzen da, haiek betetzen baitituzte, orientazio juridikorako zerbitzuen bidez, honako lan hauek: eskabideen ohiko tramitazioari ekin, asmoak aztertu, eta behin-behineko izendapen edo ukapenak erabaki.

Lege horren lehen xedapen gehigarriak ezartzen du zein diren Estatuaren erabateko eskumeneko aginduak, eta zein oinarrizko legeria osatzen dutenak; autonomia erkidegoek, haien estatutuetako eskumenez baliatuz, horiek osatu eta garatzeko arauak eman ditzakete, betiere beren gain hartu badituzte Justizia Administrazioa baliabidez hornitzearen arloko eskumenak egiaz betetzea.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 60.1 artikuluan jasotako aurreikuspenaz baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu zuen Justizia Administrazioaren arloko eskumenen titulartasuna; aurreikuspen hori gauzatzeko, maiatzaren 14ko 813/1999 Errege Dekretua onetsi zen, Justizia Administrazioa baliabide material eta ekonomikoez hornitzearen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzkoa, ondorioak 1999ko urriaren 1etik aurrera.

2

Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua apirilaren 9ko 80/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen (abenduaren 22ko 707/2003 Foru Dekretuak aldatu zuen). Nafarroako Foru Komunitateko Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 21eko 42/2007 Foru Dekretuaren bidez aurreko biak indarrik gabe gelditu ziren.

Eskumenaz baliatzen hasi zenetik hona iragan diren hamabi urte hauetan, doako justiziaren onuraren aitorpenen kopuruak gora egin duela ikusi dugu, eskabideen kopuruak % 500etik gorako igoera izan baitu, bai eta prozedura mota nagusiak aldatu egin direla ere, Espainia osoari eragiten dion krisi ekonomikoaren egoerarekin lotuta, bereziki bigarren datuari dagokionez.

Bi inguruabar horiek direla-eta, azken urteotan asko handitu da zerbitzu honek eragin duen gastua, urtero Nafarroako KPIren portzentaia gehituta, gainera.

Doako Laguntza Juridikoaren Legeak ezarri ditu, batetik, zerbitzua finantzatzeko oinarrizko irizpideak, eta bestetik botere publikoek aldian-aldian ebaluatu beharko dutela haren kostua ere. Finantzaketari eta zerbitzua eman eta jarduteko arauei dagokienez, legeen mailako arau baten berezko malgutasunaz eta orokortasunaz pentsatu dira. Horrek bide eman beharko du maila beheragoko arauek gara ditzaten alderdi horiek, egoera ekonomiko eta sozial aldakorretara egokitzen laguntzeko. Horrela, saihestu nahi da araudia gotortzea, eta gai hauek, berez, haien ezaugarriengatik, oso denbora gutxian behin eta berriz aldatu baitaitezke, zuzentzen dituzten arauak legez zurrunegiak izatea.

Gastu publikoari eusteko garaiak ditugun hauetan, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa den Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamenduaren alderdi ekonomikoak berrikustea, beste alderdi teknikoago batzuekin batera, zerbitzua ahalik eta hobekien emateko eta herritar guztientzako babes judizial eraginkorra bermatzeko, Konstituzioaren 24.2 artikuluan jasotako aginduarekin bat.

3

Azken xedapenetako lehenak esku ematen dio Justiziaren arloko eskumena duen kontseilariari erregelamendu honen 3. eranskinean jasotako diru-ordaineko modulu eta oinarriak eta 7. eta 31. artikuluetan aipatzen diren zenbatekoak gaurkotzeko; hartara, errazagoa da diruz lagundu daitezkeen zenbatekoak egokitzea egoera ekonomiko aldakorretara, erregelamendua aldatzeko premiarik izan gabe. Bestalde, zenbateko horiek Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa den kontsumoko prezioen indizeari (KPI) jarraikiz urtero gaurkotuko dira baldin eta ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk baldin badago.

4

Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamenduan, maiatzaren 21eko 42/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoan, 31.1 artikuluan, diru-laguntzak jaso ziren doako laguntza juridikoan kudeaketak elkargoei ekartzen dizkien azpiegitura gastuetarako, tramitatutako espediente bakoitzeko zenbateko finko bat ordainduko dela zehaztuta.

Erregelamenduaren proiektu berriak eusten die diru-laguntza horiei, tramitatutako espediente bakoitzeko ematen direnei, baina espediente nagusiaren eta espediente lotuaren arteko bereizketa eginez; zenbateko desberdinak jasoko dituzte, hortaz, espediente lotuen kasuan egin beharreko tramite bakarra eskabidearen erregistro telematikoa baita, espedientea Doako Laguntza Juridikoaren Batzordera igortzeko beharrik gabe, espediente nagusian dagoelako, lehenagotik, ebazteko beharrezkoa den dokumentazio guztia.

  1. artikuluari eman zaion testu berrian, 1. idatz-zatiko c letra kendu da, konexio informatikoek ez dietelako inolako gasturik sortzen elkargoei, izan ere, egungo konexioak ez dira RDSI linea berariazkoen bidez egiten, Interneteko sarbidea duen web nabigatzaileen bitartez baizik.

    5

  2. eranskinak diru-ordainaren moduluak eta oinarriak biltzen ditu, doako laguntza juridikoaren zerbitzua finantzatzeko oinarritzat hartuko direnak.

    Hurrengo ekitaldietan lortu beharreko aurrekontu egonkortasuna dela-eta, beharrezkoa da abokatu eta prokuradoreen diru-ordainaren moduluak eta oinarriak berrikustea, eranskin horretan ageri direnak. Bestetik, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak indarra hartu aurretik hasitako prozedurak kendu dira, bai eta egun ordain independentea dutenak ere, profesionalen jarduna prozedura orokorrean edo guardiakoan sartu behar dela iritzita, edo haren luzapen gisa ulertu.

    6

    Erregelamendu honek beste gai batzuei ere heltzen die, artikuluei zenbait idatz-zati berri erantsiz, doako laguntza juridikoaren kudeaketa hobetu eta argitzeko xedearekin, alderdi hauetan: eskabidearen aurkezpena, behin-behineko izendapenak, kalte-ordainaren sorrarazpena, profesionalen betebeharrak. Dudarik gabe, gehikuntza hauek lagungarriak izanen dira zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

    7

    Erregelamendu berriaren VI. kapituluari testu berria eman zaio. Bertan, adituen bidezko doako laguntzarako eskubidea jasotzen da. Abiapuntua da adituen laguntzarako sistema orokorra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko adituen bitartez eta, halakorik ez badago, aditu pribatuen bitartez.

    Legegintzako teknikaren arloko arrazoiengatik eta arau-sakabanatzea saihesteko, testu berri bat egitea erabaki da, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua, maiatzaren 21eko 42/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa, indargabetuko duena.

    Hori horrela, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2012ko martxoaren 21eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

    DEKRETATU DUT:

    Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onestea.

    Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten da. Haren testua foru dekretu honetan dago.

    XEDAPEN IRAGANKORRA

    Xedapen iragankor bakarra.-Ondorio ekonomikoak.

    Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hiruhileko naturaleko lehen egunetik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak.

    XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Xedapen indargabetzaile bakarra.

    Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen maiatzaren 21eko 42/2007 Foru Dekretua indarrik gabe gelditu da.

    AZKEN XEDAPENAK

    Lehena.-Diru-ordaineko modulu eta oinarriak berrikusi eta gaurkotzea.

  3. Foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduaren 3. eranskinean ageri diren diru-ordaineko moduluak eta oinarriak, bai eta 7. eta 31. artikuluetan aipatzen diren zenbatekoak ere, justiziaren arloko eskumena duen kontseilariak emaniko foru agindu bidez berrikusi ahalko dira. Nolanahi ere, zenbateko horiek urtero gaurkotuko dira Nafarroarako kontsumorako prezioen indizearen araberako portzentaian (KPI), aurrekontuan dagoen diru erabilgarriak baldintzatuta betiere.

  4. Xedapen honetan aipatzen diren diru-ordaineko moduluen eta oinarrien berrikuspenerako beharrezkoa izanen da, betiere, ukitutako profesionalen elkargoei aldez aurretik entzutea.

    Bigarrena.-Baremoen egokitzapena.

    Ahalmena ematen zaio justiziaren arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduaren 3. eranskinean ezartzen den baremoa prozesuei buruzko legerian zehazten diren prozeduretara egokitzeko, eranskin horretan aipatzen ez direnetara, betiere ukitutako profesionalen elkargoei aldez aurretik entzunda.

    Hirugarrena.-Arau garapena.

    Ahalmena ematen zaio justiziaren arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta xedapenak emateko.

    Laugarrena.-Indarra hartzea.

    Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan hartuko du indarra.

    Iruñean, 2012ko martxoaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria, Roberto Jiménez Alli.

    NAFARROAKO FORU KOMUNITATERAKO DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN ERREGELAMENDUA

    1. KAPITULUA

    Xedapen orokorrak

  5. artikulua. Xedea.

  6. Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean doako laguntza juridikorako eskubidea erabiltzeko prozedura arautzea, baita eskubide hori aitorturik daukatenen abokatu eta prokuradoreen jarduketa profesionalak ordaintzeko diru-laguntzak emateko prozedura ere, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR