25/2015 FORU DEKRETUA, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu du.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6. bis artikulu berriaren arabera, Gobernuari dagokio, besteak beste, oinarrizko curriculuma diseinatzea, irakaskuntzako helburu, gaitasun, eduki, ebaluazio irizpide eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandar eta emaitzen aldetik, lege organiko honek aipatzen dituen titulazioek Estatu osoan ofizialtasuna eta balioa izanen dutela ziurtatzeko.

Batxilergoko oinarrizko curriculuma abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu da. Nabarmentzekoa da hezkuntzaren erreforma honetan curriculumak antolaketa berria duela, irakasgaiak multzoka banatuta daudelarik: enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak.

Enborreko irakasgaien multzoan bermatzen dira prestakuntza sendoa eskuratzea eta goi mailako hezkuntzan ikasketei etekina ateratzen jarraitzea ahalbidetzen duten ezagutzak eta gaitasunak, ikasle guztiendako komunak izan behar duten eta, edozein kasutan, etapa bukaerako proban ebaluatu beharko diren irakasgaietan.

Irakasgai espezifikoen multzoak autonomia handiagoa uzten du irakasgaien ordutegiak eta edukiak finkatzerakoan eta, orobat, irakasgaien eskaintza zehazteko.

Azkenik, autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgaien multzoak autonomia maila handiena du eta bertan, hezkuntza administrazioek eta, bere kasuan, ikastetxeek berek diseinatutako irakasgaiak eskain ditzakete, hala nola, enborreko irakasgaien edo irakasgai espezifikoen zabalkuntzak.

Irakasgaien oinarrizko curriculuma eduki multzoetan, ebaluazio irizpideetan eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarretan antolatu da eta horiek erreferentzia gisa hartuko dira curriculumaren zehaztapenaren plangintzarako eta irakaskuntzaren programaziorako, etapari dagozkion helburuak eta gaitasunak erdiesteko xedearekin.

Zazpi gaitasun zehaztu dira, 2006ko abenduaren 18an Europako Parlamentuak eta Kontseiluak etengabeko prestakuntzarako gaitasun giltzarriei buruz emandako 2006/962/EC Gomendioa aintzat harturik.

Gaitasunak ekintza eraginkor bat lortzeko batera mobilizatzen diren abilezia praktikoen, ezagutzen, motibazioen, balio etikoen, jarreren, emozioen eta beste zenbait osagai sozialen eta portaerarekin loturiko osagaien konbinazioa dira. Beraz, praktikako ezagutza bezala ulertzen dira, alegia, jardun sozialetan parte-hartze aktiboa izanez eskuratutako ezagutza gisa. Jardun sozial horiek, halakoak izanik, hezkuntza formalaren testuinguruan, curriculumaren bitartez, zein hezkuntza ez-formaleko eta informaleko testuinguruan gara daitezke.

Gaitasunak, hartara, askotariko testuinguru akademiko, sozial eta profesionaletan aplikatzen den “egiten jakitea” bezala kontzeptualizatzen dira. Testuinguru desberdinetara transferitu ahal daitezen, ezinbestekoa da gaitasunetan dagoen ezagutza ulertzea, eta ezagutza hori gaitasunak osatzen dituzten abilezia praktikoekin edo trebetasunekin lotzea.

Hezkuntzako araudi berriaren berritasunetako bat da gaitasun jakin batzuen eskuratze mailaren gaineko banakako ebaluazioa eginen zaiela ikasleei etapa bukaeran. Titulua eskuratzeko nahitaezkoa izanen da banakako ebaluazio hori gainditzea.

1105/2014 Errege Dekretuko 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioz eta kontuan hartuz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 47. artikulua eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuena, Nafarroako Gobernuak Batxilergoko curriculum hau garatu du bere eskumenen esparruko lurralderako. Horretarako garatu duen foru dekretu honek kontuan hartzen ditu gizartearen eskari berriak eta curriculumaren osagaietan txertatutako gaitasunen bidezko ikaskuntza indartzen du, irakaslana eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua berritu daitezen bultzatzeko.

Curriculuma aldatzeko prozesu hau erdiesteko funtsezkoa da irakaslearen rola. Diziplinarteko ikuspegi batetik eta metodologia didaktikoko autonomia handiago batetik abiatuta, gai izan behar du arazoak ebaztea, irakasgai desberdinetan ikasitako ezagutzak aplikatzea eta ikasleen jarduna sustatzea ahalbidetuko duten ikaskuntza egoerak edo atazak diseinatzeko.

LOEn sarturiko aldaketak aukera bat izan daitezke etapa honen diagnostikoa egiteko, zeinaren bidez alde indartsuak zein alde ahulak azaleratuko diren. Curriculum berria ezartzeko, oinarri gisa, indarrak mantenduko dira eta aurkitutako ahuleziak konpontzeko neurriei ekin beharko zaie. Diagnostiko honetatik abiatuta posible izanen da ikasle guztiak arrakastara eramanen dituzten hobekuntza ildoak ezartzea.

Arretaren fokua ikasle bakoitzarengan jarri behar da, edozein direla ere haren gizarte jatorria, ingurua, zailtasunak, etab. Hark arrakasta erdiestea izan beharko da edozein hezkuntza plangintzaren jomuga nagusia, bai Hezkuntza Departamentuarena bai ikastetxeena, irakasleena eta familiena, horien inplikazioa ezinbestekoa delarik prozesu honetan.

Batxilergoak ikasleei prestakuntza intelektual, zibiko eta etiko sendoa eman behar die eta, derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntza denez gero, errendimendu eta eskakizun akademikoko maila handiak izanen ditu.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek berek erronka eta xede modura izan behar dute ikasleek Batxilergoa bukatu behar dutela goi mailako hezkuntzako irakaskuntzei arrakastarekin aurre egiteko bideratuko dituen prestakuntza-maila intelektual eta gizatiarrareko maila egokiarekin.

Hori horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena eman duelarik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 22ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

    Foru dekretu honek Batxilergoko curriculuma ezartzen du, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatuetan eta ikastetxe pribatu itunduetan erabiliko da.

  2. artikulua. Printzipio orokorrak eta pedagogikoak.

  3. Batxilergoaren xedea da ikasleei prestakuntza, heldutasun intelektual eta gizatiarra eta ezagutzak eta abileziak ematea, funtzio sozialak gara ditzaten eta bizitza aktiboan erantzukizunez eta gaitasunez sar daitezen. Era berean, ikasleak gaituko ditu goi mailako hezkuntzan sartzeko.

  4. Batxilergoak bi ikasmaila ditu, modalitate desberdinetan garatuko da eta modu malguan antolatuko da, ikasleei prestakuntza espezializatua emateko, beren prestakuntzaren itxaropen eta interesen arabera, edo, behin hura bukaturik, bizitza aktiboan sartzeko aukera emateko.

  5. Irakaskuntzak irakasgaitan egituratzen dira eta horiek, aldi berean, enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak dira.

  6. Ikasleek Batxilergoa ikas dezakete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua baldin badute eta irakaskuntza akademikoen aukeran egindako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako amaierako ebaluazioa gainditu badute.

  7. Era berean, Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua edo Kirol-teknikari titulua izanez gero, Batxilergoko irakaskuntzetako modalitateetako edozeinetan zuzenean sartzeko aukera izanen da.

  8. Ikasleek Batxilergoa egiten lau urte igaro dezakete, araubide arruntean.

  9. Batxilergoan erabiliko den metodologiak erraztuko ditu bakarkako eta taldeko lana, pentsamendu beregain, kritiko eta zorrotza, jakintza arloetan ikerketako teknika eta aztura erabiltzea eta ikasitakoa transferitzea eta aplikatzea.

  10. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak irakasgai guztietan ikasteko beharrezko tresna izanen dira, goi mailako hezkuntzan ezinbestekoak direlako eta eguneroko bizitzarako eta lanean txertatu ahal izateko erabilgarriak direlako.

  11. Irakurmena, idazmena eta jendaurrean egoki mintzatzeko gaitasuna landu beharko dituzte irakasleek irakasgai guztietan. Batxilergoko ikasleek, gainera, informazioa egoki erabiltzen ikasi behar dute, zernahi euskarritan eta iturritan, baita eskolako liburutegia ere.

  12. Ikastetxeek metodologiak erabakiko dituzte eta horietan kontuan hartuko dira ikasleen ikasteko erritmo desberdinak eta norberaren ezaugarriak eta/edo ikasteko estiloak, ikasle guztiek beren gaitasunen garapen-maila gorena lor dezaten. Era berean, metodologia horiek nork bere kasa ikasteko gaitasuna eta taldean lan egitea bultzatu beharko dituzte.

  13. Tutoretza eta hezkuntza orientazioa, orientazio psikopedagogikoa eta lanbide orientazioa ezinbestekoak dira etapa honetan. Irakasle tutoreek irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea koordinatuko dute eta harreman iraunkorra izanen dute familiarekin, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.1. artikuluko d) eta g) letretan onartutako eskubideez baliatzea errazteko.

  14. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan lehentasuna emanen zaie ahozko adierazpenari eta ulermenari eta gaztelania edo euskara haien ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez dira erabiliko.

  15. artikulua. Etaparen helburuak.

    Batxilergoak ikasleengan gaitasunak garatzen lagunduko du, ondokoak egin ahal ditzaten:

    1. Herritartasun demokratikoa gauzatzea ikusmolde global batetik abiatuta, eta Espainiako Konstituzioko balioek eta giza eskubideek iradokitako kontzientzia zibiko arduratsua eskuratzea, gizarte justu eta ekitatiboa egiterakoan erantzukidetasuna sustatuko duena.

    2. Heldutasun pertsonal eta soziala sendotzea, modu arduratsuan eta beregainean jardun dezaten eta beren espiritu kritikoa gara dezaten. Gatazka pertsonalei, familiakoei eta sozialei aurrea hartzea eta era baketsuan ebaztea.

    3. Gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatzea, gaur egun dauden berdintasun-eza eta diskriminazioak kritikoki aztertzea eta balioestea eta, bereziki, emakumearen kontrako indarkeria, eta pertsonen benetako berdintasuna eta edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatiko bazterkeriarik eza bultzatzea, desgaitasuna dutenei arreta berezia...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR