62/2012 FORU DEKRETUA, uztailaren 18koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ATARIKOA

I

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egungo antolaketaren araudia, funtsean, uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuan dago jasota, aurreko beste estatutu batzuk ordeztu zituena. Orain arteko estatutu guztiak Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Lege indardunean oinarrituta daude. 10/1990 Foru Legeak, bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 14ko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitako osasun sistemaren funtzionamendu-eredua egokitu zuen Nafarroarako.

Espainiako autonomia erkidego gehienetan bezala, gure erkidegoan ezarritako antolaketa-figura erakunde autonomo bat da, unean-unean osasun arloko eskumenak dituen departamentuari atxikia. Erakunde horrek antolaketarako ahalmen handia du, osasun arretaren antolaketa konplexua egituratu ahal izateko, bai oinarrizko osasun laguntzaren ikuspegitik (horretarako, funtsezkoa da lurralde ezarpena), baita laguntza espezializatuaren ikuspegitik ere (horretarako, ezinbestekoa da zerbitzuak eskuragarri izatea ahalik eta baliabide kualifikatuenekin eta arreta eman nahi zaion biztanleriari egokitutako ahalmenarekin).

Esparrua hori dela, ez da harritzekoa antolaketa beharrak ere bilakatuz joatea, izan ere, unean-unean osasun arreta publikoa emateko modurik onena aukeratzeko eragina duten faktoreak daudelako. Aurreko ereduak berraztertzeko faktore dira, besteak beste, gure erkidegoko eskualdeetako biztanleriaren bilakaera, adinaren piramidearen bilakaera bera eta horrixe lotutako aldaketak gaixotze-tasari eta heriotza-tasari dagokienez, teknika mediko eta kirurgikoen bilakaera, mota guztietako komunikazioen hobekuntza, eta abar, eta horrekin guztiarekin batera, gure sistemaren erantzun diagnostiko eta terapeutikoan etengabe hobetzeko nahia.

Horiek horrela, 2006. urtetik aurrera zenbait aldaketa puntual egin zaizkie Estatutuei (azkenekoa abuztuaren 24ko 135/2011 Foru Dekretuaren bidez), Iruñerriko zenbait ospitalek bat egin dute, bi foru lege aldarrikatu dira osasun mentalaren antolaketa eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren antolaketa arautzeko, atxikipenik gabe, eta zenbait arlo kliniko sortu dira Nafarroako Ospitalegunean.

Horregatik guztiagatik, gomendagarria da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutua ordeztea, zerbitzuari berez dagozkion eginkizunei mugatutako antolaketa bat egituratzeko, eta Ikerketa Biomedikoaren Zentroa eta Nafarroako Osasun Publikoaren Institutua egituratik ateratzeko.

II

Bestalde, Osasunari buruzko Lege Orokorrak, Osasun Sistema Nazional homogeneo bat osatzeko asmoz, autonomia erkidegoetako osasun arloko antolaketarako eman dituen halabeharrezko jarraibideen ondorioz, eredu organiko eta funtzional deszentralizatu bat sortu da, erkidego guztietan berdin aplikatu ezin dena, bakoitzak lurralde- eta biztanle-egitura oso desberdina duelako, eta, horrenbestez, antolaketa-eredu publikoa ere desberdina delako.

Ildo horretan, orain aldarrikatzen den estatutuak osasun arloaren lurralde deszentralizazioari eusten dio, eta, eginkizunei eta baliabideen aprobetxamenduari dagokienez, administrazioa deskontzentratzeko eredu baterantz jotzen du, hala laguntza esparruetan beretan, nola esparruen artean beharrezkoak diren harremanetan, herritarrei arreta nahikoa, arina eta integrala emateko helburua betetze aldera.

III

Estatutu hauen helburuetako bat da testu bakar batean jasotzea 2006. urtetik aurrera Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren antolaketa-egitura modulatu duten xedapenak, Nafarroan osasun laguntza eraginkortasun handienarekin emateko, eragimenaren, euspen ekonomikoaren eta iraunkortasunaren aldetik hurrengo urteetarako behar diren parametroak erabiliz, eta osasun laguntzaren unibertsaltasuna helburu.

Laguntza esparruei behar dituzten sostengu baliabideak ematen zaizkie, erakundearen zuzendaritza horizontalen menpe, eta kasu bakoitzean behar diren beharretara egokitzen dira kopuruari eta egiturari dagokienez. Eta ezin dugu ahaztu Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak eta, batez ere, Osasun Mentaleko Zuzendaritzak beren egiturak sortu dituztela foru lege bidez. Horrek Administrazioak bere burua antolatzeko duen ahalmen naturala murriztu du, eta horrenbestez, araugintzako hierarkia dela kausa, aukeratutako eredu orokorrarekin bat ez datozen baliabide horizontal batzuk sartu behar izan dira, batez ere Osasun mentala arautzen duen tituluan.

Orain garatzen den ereduak osasun egitura ongi eratu bat ezarri nahi du beharrezkoak diren laguntza unitate hierarkizatuen bitartez (lurraldearen ikuspuntutik eta herritarrei osasun laguntza mailakatua eta integrala emateko nahikoak) eta, orobat, sistemari sostengua, koordinazioa eta sendotasuna eman behar dioten administrazio unitateen bitartez. Administrazio unitate horien kasuan, II. tituluaren 3. kapituluan Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Zuzendaritzaren egitura ezartzen da, ez besteen gainetik dagoelako, baizik eta Kudeaketako Zuzendaritzarako staff organo gisa jarduten duelako.

Nolanahi ere, estatutu honetan ez da egitura bukatu bat ezarri nahi, oinarrizko esparru bat baizik, hurrengo urteetan garatu behar den eredua edukitzeko. Egitura hori osatu beharra dago osasun laguntzaz kanpoko arloa garatzeko araudiarekin, baina baita osasun laguntzaren arloarentzako berariazko araudiarekin ere. Horretarako, foru dekretu eta foru agindu argiak emanen dira, foru dekretu honen helburu berdinetara bideratuak.

IV

Premisa horiek ezarrita, foru dekretu honen bidez onesten den estatutuaren egiturak hamaika titulu ditu: Lehenbizikoa erakunde autonomoaren izaerari eta eskumenei buruzkoa da; bigarrenean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren oinarrizko egitura ezartzen da, hala zuzendaritza organoen mailan, nola parte hartzeko organoen mailan, eta esan den bezala, eredu hau ezartzeko funtsezkotzat jotzen den zuzendaritza baten araudia finkatzen da; hurrengo hiru tituluetan osasun laguntzaren bi esparruen egitura garatzen da, hots: Oinarrizko Osasun laguntza, Laguntza Espezializatua eta Osasun Mentala. Kontuan hartu behar da azkeneko horren kasuan haren nortasuna 21/2010 Foru Legearen ondoriozko antolaketak baldintzatzen duela; hurrengo hiru tituluetan izaera horizontala eta sistemarentzat zerbitzu-izaera duten zuzendaritzen egitura jasotzen da, hau da, Nafarroako osasun laguntzaren sistemaren eta herritarraren arteko harreman zuzena eta funtsean osasun arloaren antolaketa dena jasotzen dutenak; eta azkenik, derrigorrezko hiru titulu sartu dira, erakundearen administrazio jardueraren araubide juridikoari, haren mota guztietako ondareari eta baliabideei, eta araubide ekonomikoari buruzkoak.

Erakundearen goi-organoei dagokienez, behar den antolaketa-garapena ezartzen da, zuzendaritza eginkizunak eta administrazio eskumenak mailakatuz, baina horrek ez du baldintzatzen osasun laguntza jardueretako praktikaren berezko antolaketa. Horregatik, hemen ere, aurreko atalean bezala, geroko araudi batera jotzen da osasun laguntzaren egitura ezarri eta garatzeko, eta estamentuen arteko harremanak eta osasun esparruen arteko harremanak finkatzeko.

Era berean, harremanetarako kide anitzeko tresnak izatea faboratzen da, jarduera diagnostiko eta terapeutikoen bilakaerarako aberasgarriak direlako, baina txostenak luzatzeko eta ondorio juridiko eta administratiboak dituzten jarduketak egiteko muga batzuk ezartzen zaizkie.

Azkenik, eta deusetan galarazi gabe erreferentziazko goragoko araudia, orain arte osasun arloaren antolaketan oinarri izan den identifikazio baten garrantzia gutxiagotzen da, hots, osasun eraikinaren eta hari egokitutako antolaketa unitatearen artekoa, izan ere, horrek dauden baliabideak egoki aprobetxatzea zailtzen du osasun laguntzaren zenbait esparrutan, eta baita esparru horizontal batzuetan ere.

Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Lehen artikulua.-Onespena.

Nafarroako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira. Foru dekretu honen ondoren heldu da Estatutuen testu osoa.

Bigarren artikulua.-Osasun laguntzaren egitura.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun laguntzaren egitura ezarriko da behar den maila izanen duten erregelamenduzko xedapenen bidez, eta betiere foru dekretu honen aginduak errespetatu beharko dituzte.

Lehen xedapen gehigarria.-Izendapenak.

  1. Foru dekretu honetan izena aldatu ez zaien burutzen izendapenak berresten dira, sortu ziren baldintza beretan.

  2. Oinarrizko Osasun Laguntzako erizaintza arloko burutzen titularren izendapenak berresten dira, egin ziren baldintza beretan, baina Erizaintzako Laguntza Ataletako burutzak deituko zaie.

    Bigarren xedapen gehigarria.-Laguntza atalen eta hortik beherako unitateen egitura.

    Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura, laguntza atalei eta hortik beherako unitateei dagokiena, beste xedapen berariazko baten bidez indargabetzen ez den bitartean, foru dekretu honek indarra hartu aurretik ezarritako bera izanen da, harik eta Gobernuak edo, hala badagokio, Osasuneko kontseilariak aldatu arte.

    Hirugarren xedapen gehigarria.-Aholkularitza zientifiko-teknikoa.

    Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 2ko Foru Aginduaren babesean eratu ziren batzorde eta komiteek bere horretan segituko dute, sortzeko arrazoia zein izan zen, eginkizun horietan jarduten duten bitarte. Batzorde eta komite horietako bakoitzeko idazkariak ziurtagiria eginen du funtzionamenduari eta kideei buruzko alderdi guztien gainean.

    Laugarren xedapen gehigarria.-Buztintxuriko Osasun Mentaleko Sektoreko zuzendaria.

    Osasun mentaleko sektoreetako eta osasun eskualde oinarrizkoetako erizaintza unitateetako zuzendaritzak eta burutzak eta horien eginkizunak eta eskudantziak ezartzen dituen ekainaren 15eko 225/1992 Foru Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako, Buztintxuriko Osasun Mentaleko Sektoreko Zuzendaritza I. multzoan sailkatzen da.

    Bosgarren xedapen gehigarria.-Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoa.

    Nafarroako Odol eta...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR