24/2009 FORU DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

1

Onetsi den erregelamenduaren bitartez turismoko kanpalekuen araudia hobeto egokitu nahi da sektorearen beharrizan berrietara zein Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen aurreikuspenen ondorioz sortu hirigintza, lurralde eta ingurumen arloko araudira.

Beste alde batetik, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean turismoko ostatu establezimenduen motak aipatzen dira, besteak beste turismoko kanpalekuak; lege horrek dioenez, eskatu ahal zaizkien betebehar teknikoak eta haien kategoriak erregelamendu bidez zehaztu behar dira.

2

Erregelamenduan biltzen diren turismo arloko arauei dagokienez, beren helburuak hauek dira: orain arte indarrean egon den araudiaren xedapenak hobetu eta eguneratzea, eta araudi hori aplikatzearen ondorioz metatu den esperientzia kontuan hartuta hainbat alderdi zehaztasun handiagoz mugatu eta definitzea. Hori guztia, turismoko kanpalekuen turismo ostatuaren zerbitzua erabiltzaileei ahalik eta kalitate eta segurtasun handienarekin ematen zaiela bermatzeko.

3

Hirigintza eta lurralde arloko arau berriek lurzoru urbanizaezinaren nozio positiboagoa bultzatzen dute. Lehengo izen berberari eutsi arren, mota horretako lurzorua definitzean arreta handiagoa jarriko zaio landa arloko balioak modu positiboan gordetzeari, urbanizazio masiboaren aurkako izaeratik ondorioztatzen den kontzeptu negatiboari baino.

4

Dena dela, lurzoru urbanizaezinaren kontzeptuaren izaera negatiboa ere, urbanizazio prozesutik nahitaez gordetzearekin zerikusia izanik, behar bezala lantzen da. Izan ere, bidea eta turismoko kanpaleku baten berezko azpiegiturak behar ez bezala erabili eta hirigune berriak sortzeak dakarren arriskuari aurre egiten dio. Horrelako instalazioek landa giroko bizimodua sortu behar dute, eta ez hiri giroko bizimodua modu bortxatu batean birlandatu.

Ezaugarri negatibo horiek turismoko kanpalekuaren eta instalazio erantsien definizioekin eta erregelamenduaren salbuespenekin osatzen dira. Kontzeptuak zehazteko ahaleginaren bidez, turismoko kanpalekuen itxura erakutsi arren, bizigune iraunkor gisa gauzatu nahi diren eraikinen engainua agerian jarri nahi da. Adibidez, etxe mugigarriak edo "mobil-home" direlakoak ostatu hartzeko unitate edo modulu finkoen atalean sartzen dira, eta horretarako erregelamenduan ezarrita dauden mugen mendean geratzen dira.

Helburu berbererako ezarri da beste hainbat muga, besteak beste kanpalekua ezin zatitzea, alde batetik, eta gutxienez 8.000 metro karratu izan beharra, beste aldetik.

5

Lehengo araudiaren ondoriozko esperientzia kontuan hartuta, turismoko kanpalekuekin bateragarriak diren lurzoru urbanizaezineko kategoria eta azpikategoriak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamenduren arabera zehaztea aukeratu da. Horrela, hirigintza eta lurralde arloko erregelamenduen bilakaerari orpoz orpo jarraitzearen ondorioz turismoko kanpalekuen araudian eguneraketak egin behar izatea, hain gogaikarria den hori, saihestu egin da. Hala ere, komenigarritzat jo da segurtasunari eta ingurunearen balio naturalak indartzeari buruzko alderdi jakin batzuk erregelamenduan zuzenean arautzea. Alderdi horien artean nabarmentzen dira babestu beharreko lurzoruei edo arrisku naturaletatik zaindu beharrekoei (hirigintzako araudiaren ondorioz uholdeetako ur emariaren arrisku eta intentsitateari buruz sortutako parametroen arabera uholde-eremu izendatuta dauden lurzoruak barne direla) kokaleku aldetik eragiten dieten mugak. Izan ere, lurzoru horien erabilerarik egokiena turismoko kanpalekuari laguntzeko instalazio eta zerbitzuei lotuko zaie, beharrezkoa izanez gero.

6

Landalurraren berezko balioak indartzeko helburu positiboak zerikusia du balio historiko, artistiko edo ekologikoko elementuetarainoko distantziak zehaztasunez arautzearekin, baita segurtasun neurriak zein unean uneko lege zortasunekiko bateragarritasunari buruzko neurriak ezartzearekin ere. Gainera, lurzoru urbanizaezinaren alderdi positiboan erabat sartzen dira zuhaitzei, itxiturei, perimetroetako landare-zerrendei eta maldei buruzko neurriak, abelbideak zaintzeari eta erosioaren aurka egiteari buruzko neurriak zein turismoko kanpalekuak ingurune naturalari eta paisaiari egokitzeko neurriak.

Landa lurzoruaren alderdi positibo horren araudi arloko beste ezaugarri bat landa ingurunearen babesaren eta turismoko kanpalekuko erabiltzaileak eskatzen dituen erosotasun eta segurtasunaren arteko orekari buruzko gogoetaren emaitza da. Kanpaleku horietako askoren kokalekuak gizakiaren jarduera ekonomikoak gutxien eraldatu dituenak dira; baina landa habitata alderdi horretan ere indartu behar da. Helburua ez da landagune idiliko distiratsuak sortzea, gainazal mugiezin horretan turismo kanpalekuak atseginez ezartzeko. Aitzitik, paisaiari dagokionez babestuta egon arren ekonomiari dagokionez bizirik dauden guneak sortu nahi dira. Kanpalekuek gune horiek biziagotzen lagundu behar dute. Eta turismoko kanpalekuak landa giroko bizimodu ekonomikoa indartzeko erabiltzearen alde egiten bada -hain zuzen ere hori da helburua-, ezin dira baztertu Nafarroako klimaren ezaugarriak, lurralde honen zati handi batean plubiositate indizeak Estatuko batez bestekoak baino handiagoak baitira. Hori dela-eta handitu behar da unitate edo modulu aurrefabrikatuak eta askorentzako ostatu-logelak jartzeko gunearen gehieneko proportzioa.

Proportzio hori handitzeaz batera, modu zorrotzagoan arautu behar da ostatu-instalazio finkoetarako gunearen bereizketari eta gehieneko eraikigarritasunari dagokion guztia. Erregelamendu berriak modu zehatzagoan ezartzen du zer diren ostaturako elementu finkoak, "bungalow" motakoak, etxe mugigarriak edo "mobil-home" izenekoak, eta askorentzako logelak. Abiapuntua kontzeptu hau da: beheko solairua eta ziurrenik estalkipeko solairua dituen oinarrizko modulua, turismoko kanpalekuaren titularrak zuzenean ustiatzekoa.

7

Prozeduren arloan, erregelamenduak bereizketa argigarria egiten du turismo edo aisialdi jardueren udal plan bereziek eraentzen dituzten eremuen eta gainerako eremuen artean: lehenengoetan udal lizentzia edo baimena zuzenean lor daiteke; gainerakoek berriz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren lurralde baimenari lotuta egoten jarraituko dute, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera. Era berean, foru administrazioaren eta tokiko administrazioaren zereginen banaketa -ikuskapen arlora hedatzen dena- ere argigarria da.

Halaber, erregelamenduak alde batetik hirigintza eta ingurumen arloko baldintzak (Erregelamenduan bertan aurreikusita daudenak) betetzen diren kontrolatzeko ahalmenak eta bestetik ikuskapen eta zehapen ahalmenak bereizten ditu: lehenengoak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagozkio, eta bigarrenak tokiko administrazioari zein turismoko kanpalekuei.

8

Turismoko kanpalekuak ezartzeko eskatzen diren agiri eskakizunak zerrendatzean hauei buruzko kezka hartu da kontuan: segurtasuna, erabiltzaileen erosotasuna, ingurune naturalari zein paisaiari egokitzea eta ingurunearen zein paisaiaren balioak indartzea.

9

Turismoko kanpalekuen hirigintza eta lurralde arloko alderdien antolamendua amaitzeko, informazioaren gardentasunik handienaren printzipioa bermatu nahi da. Horretarako, kanpalekuak lurzoru urbanizaezinean ezartzeko aukerari buruz aldez aurretik foru administrazioari kontsulta egiteko arauak emanen dira.

Bestalde, eta ekimen hau Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatu dutenez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari dagokio foru dekretua onets dadila proposatzea, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 12. artikuluko 5. atalean ezarritakoarekin bat.

Horiek horrela, aipatu foru legean ezarritakoaren arabera Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bederatziko martxoaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Erregelamendua onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onetsi da. Haren testua foru dekretu honi erantsi zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.-Eraikinak uholde-eremuetan.

Foru dekretu hau indarrean jartzean uholde-eremuetan edo arrisku naturala duten eremuetan eraikinik badago erabiltzaileen eta kanpalekuko langileen ostaturako edo haien egonaldi luzeetarako, erabiltzen jarraitu ahal izanen dira, baldin eta Barne Zuzendaritza Nagusiak onetsitako bi plan hauek badituzte: larrialdi plana, arriskua egonez gero eremu horiek berehala eta benetan ebakuatu ahal direla bermatzeko, eta erabilerak ordezteko plana, ostatuarekin edo egonaldi luzearekin zerikusia duten erabilerak arriskurik ez duten beste alde batzuetara lekualdatzea aurreikusteko.

Bigarren xedapen iragankorra.-Egokitzapena.

  1. Behar bezala baimenduta egonik foru dekretu hau indarrean jartzean funtzionatzen ari diren Turismoko kanpalekuek, erregelamenduaren II. tituluak ezartzen dituen hirigintzako baldintzak betetzen ez badituzte, gaur egungo egoeran jarraitu ahal izanen dute, baina beren azalera handitzeko edo erabat berritzeko baldintza horiek bete beharko dituzte.

  2. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko kanpalekuek foru dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hiru urteko epea izanen dute beren instalazio eta zerbitzuak dagokien turismo kategoriaren eskakizunetara egokitzeko, erregelamenduaren III. tituluan ezarrita dagoenaren arabera. Epe hori igarotakoan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak interesdunari entzunaldia eskaini ondoren bidezkoa den kategoria emanen dio.

    ...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR