3/2013 FORU LEGEA, otsailaren 25ekoa, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, KONTRATU PUBLIKOEI BURUZKO EKAINAREN 9KO 6/2006 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

1. Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak Kontseiluaren 1989ko abenduaren 21eko 89/665/EEE Zuzentarauaren transposizioa egin zuen, Nafarroako foru legeriara ekarriz. Zuzentaraua hornidura eta obra kontratu publikoen esleipenaren arloko errekurtso prozedurak aplikatzeko lege, erregelamendu eta administrazio xedapenen koordinazioari buruzkoa da. Arau hori aitzindaria izan zen, kontratazio publikoaren arloan erreklamazio sistema azkarra eta eraginkorra ezarri baitzuen, Nafarroako Kontratazio Publikorako Batzordearen bidez ebaztekoa. Batzorde hori organo independentea da esleipen-botereekiko, eta haren aurrean erreklamazioak aurkez daitezke kontratazio publikoen kontra, edozein izanik ere horien izaera eta zenbatekoa.

Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak indarra hartu ondoren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2007ko abenduaren 11ko 2007/66/EE Zuzentaraua eman zuten, Kontseiluaren 89/665/EEE eta 92/13/EEE zuzentarauak aldatu zituena, kontratu publikoen esleipenaren arloko errekurtso prozeduren eraginkortasuna hobetzeari dagokionez. Zuzentarau horren funtsezko helburuak dira kontratuen legez kanpoko esleipen zuzenaren kontra borroka egitea eta bermeak indartzea errekurtso-prozeduretan.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren iritziz, legez kanpoko esleipen zuzena Batasunaren zuzenbidearen arau-hauste nagusia da kontratazio publikoaren arloan. Ondorio horietarako, 2007/66/EE Zuzentarauaren iritziz (14. eta 15. oinarriak), legez kanpoko esleipen zuzena da aldez aurretik Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) lizitazio iragarkia argitaratu gabe egiten den esleipen oro, kasu hauetako bat ez bada:

–2004/18/EE Zuzentarauan sartuta ez dauden kontratuak.

–Defentsaren arloko kontratuak, kontratu sekretuak eta segurtasun neurri bereziak dituztenak.

–Erosketa-zentral baten kontratuak beste entitate esleitzaile batentzat.

–Zerbitzu-emakidak.

–Entitate esleitzaile batek beste entitate esleitzaile bati esleitzeko erabiltzen diren kontratuak, lehiarako eskubidearekin bateragarria den legezko edo erregelamenduzko arau baten babesean.

–Zuzentarauaren II-B Eranskinean jasotako laguntza kontratuak (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen II-B eranskina).

–Publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez esleitutako kontratuak.

–Obra-emakidaren osagarriak diren obrak esleitzea emakida-hartzaileari berari, obraren hasierako zenbatekoaren erdia baino gutxiago egiten badute betiere.

Nabarmendu beharra dago 2007/66/EE Zuzentarauan, 15. oinarrian, legez kanpoko esleipen zuzentzat hartzen direla “barne kontratuenak”, Batasuneko zuzenbideak eta jurisprudentziak ezartzen dituzten baldintza zorrotzak bete gabe egiten badira.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak arlo honetan emandako doktrina gehitzeko xedez, aldatu egin da ente instrumentalei egiten zaizkien enkarguen araubidea.

Era berean, zuzentarauaren asmoa da bermeak indartzea errekurtso prozeduretan, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean kontratazio publikoaren arloko erreklamazio deitzen direnetan, prebentzio neurri batzuk hartuz (esleitzeko erabakia etetea; etenaldian kontratuak egiteko debekua; etendura, esleitzeko erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkezten denean), eta errekurtsoen gaineko ardura organo independente bati emanen zaiola ezarriz; organo horretako kideak izendatu eta errebokatzeko baldintzak epaileei aplikatzen zaizkien berberak izanen direla ere ezartzen du zuzentarauak, “horiek izendatzen dituen agintariari, agintaldiaren iraupenari eta kargutik kentzeari” dagokienez (2007/66/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 9. idatz-zatiaren bigarren lerroaldea).

Hori dela eta, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea aldatu egin behar da, zuzentarau berriak agindutakoaren transposizioa egiteko, eta arauak bere baitan hartzen dituen kontratu guztietara zabaldu behar da egokitzapena, foru lege indardunari oinarria eman dion irizpidearekin koherentea izanik, kontratuaren zenbatekoak ez baitu haren izaera juridikoa aldatzen, eta 2004/18/EE Zuzentarauaren esparru materialean sartutako kontratuen eta sartu gabekoen artean ez baitago funtsezko desberdintasunik.

Bestetik, aldaketa honek Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean gardentasuna lortzeko aurreikusten diren bitartekoak indartzea dakarrela kontuan harturik, bidenabar hobetu eginen da kontratuen aldaketen gaineko arautzea, Europako jurisprudentziak zehaztu dituen betebeharrekin bat. Halatan, exekutatzean kontratuak izanen dituen balizko aldaketak kontuan hartzen dira haren balio zenbatetsia kalkulatzean.

Gainera, aprobetxatu da Europar Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2011/7/EB Zuzentarauaren aginduen transposizioa egiteko; zuzentarau horren bidez merkataritza-operazioetan berankortasunaren aurka borroka egiteko neurriak ezarri ziren, eta merkatuari egokiago zitzaizkion ordainketa-epeak ere ezarri ziren, enpresen likidezia problemak arintzearren.

Azkenik, aipatutako zuzentarauen ondorioz nahitaezkoak diren aldaketa horiekin batera, beste batzuk ere eginen dira araua hobetzeko, aplikazio urteetan bildutako esperientziak aholkatuta eta manuak ukitutako operadore juridikoek eskatuta.

2. Ente instrumentalentzako mandatuei dagokienez –mandatuok Foru Legearen 8. artikuluan ageri ziren, eta, orain, ente instrumentalentzako enkarguak deitzen dira–, horien ezaugarri mugatzaileen definizio zehatza gehitu da, eta, halaber, jarduketaren publizitatea egitea sustatzen da, gardentasun berme gisa. Horretarako, erreforma honek Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea moldatzen du Europar Batasuneko jurisprudentziak sortutako doktrinara, nagusiki epai hauetan bildutakora: “Teckal”, 1999ko azaroaren 18koa; “Arge”, 2000ko abenduaren 7koa; “Stadt Halle”, 2005eko urtarrilaren 11koa; Parking Brixen”, 2005eko urriaren 13koa; “Coname”, 2005eko uztailaren 21ekoa; “Carbotermo”, 2006ko uztailaren 21ekoa; “Aroux”, 2007ko urtarrilaren 18koa; “Tragsa”, 2007ko apirilaren 19koa; eta “SEA”, 2009ko irailaren 10ekoa.

Eskatzen den lehendabiziko betebeharra da enkargua jasoko duen entitatea ez dela formalki izanen enkargua egiten duen berbera, baina honek bestearen gainean izanen duen kontrola bere zerbitzuen gainean duenaren parekoa izanen da, halako moduan non enkargua jasotzen duen entitateak ez baitu bere kabuz erabakitzeko ahalmenik izanen. Ondorio horietarako, Europar Batasunaren jurisprudentziarekin bat, bere zerbitzuen gaineko kontrolaren parekoa egiten duela ulertzeko, ezin da onartu enkarguak egiten dituzten entitateen baliabide berekitzat hartzea beren kapitalean entitate horiena ez den partaidetza duten sozietateak.

In house providing (barne kontratua) bat dagoela onartzeko, Europar Batasunaren jurisprudentziak eskatzen duen bigarren baldintza hauxe da: enkargua jasotzen duen entitateak bere jardunaren zatirik handiena bete behar duela hura kontrolatzen duen entearekin edo duten enteekin, eta halaxe jaso da testu berrian.

Europar Batasunaren jurisprudentziarekin bat, halaber, testu berriak aukera ematen du ente instrumental bat entitate batena baino gehiagorena izan dadin aldi berean, eskatzen diren bi baldintza horiek betetzen baditu betiere.

Amaitzeko, sistema ahalik eta segurtasun juridiko handienaz janzteko, ente instrumentalaren izaeraren deklarazioa eta enkarguak egiteko agindua argitaratzeko beharkizuna ezarri da; horrela, interesdunek enkargu bat egiteko erabakiaren kontrako erreklamazioak aurkez ditzakete.

3. 2007/66/EE Zuzentarauan aurreikusten diren legez kanpoko esleipen zuzenen kasuetako bat gerta ez dadin, 97. artikuluan arautu da kontratuak esleitzeari buruzko iragarkiak, lizitazio iragarkirik izan ez badute, Kontratazioaren Atarian argitaratu beharko direla, hala egiteko bide ematen duten egitatezko kasuak eta zuzenbidezko oinarriak labur adierazita.

Aukera baliatu da, orobat, agindu honetan arautzeko “aldez aurreko borondatezko gardentasuna” ( voluntary ex ante transparency ) duten Europar Batasuneko iragarkiak, eraginkortasun faltak eragin dezakeen segurtasun gabezia juridikoa saihesteko helburua dutenak, 2007/66/EE Zuzentarauaren 26. oinarrian adierazten denaren arabera. Horrela, esleipen-boterearen iritziz, baimenduta baldin badago kontratazio publikoari buruzko araudiarekin bat, kontratu bat zuzenean esleitzea, aurretik Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean lizitazio iragarki bat argitaratu gabe, eta aldez aurreko borondatezko gardentasuneko iragarki bat argitaratzen badu, bertan adierazirik kontratuaren xedea, kontratua zuzenean esleitzeko justifikazioa eta esleipen-hartzailearen identifikazioa, eta errekurtso eraginkorra ahalbidetuko duen gutxieneko etenaldia aplikatzen badu, deuseztasun zehapenetik salbuetsirik egonen da, eta hautatutako prozedura baliozkotzat hartuko da ondorio guztietarako.

Ildo berean, legez kontrako zuzeneko esleipena Europar Batasunaren zuzenbideko arau-hauste nagusietako bat izanik, zehaztu beharra zegoen foru legeak agindutakoa bete gabe egindako esleipen zuzena zuzenbide osoz deuseza dela deklaratu behar dela, eta deuseztasun zehapena ere gehitu da, etendura epean edo erreklamazio bat izapidetzen ari dela kontratuak formalizatzeagatik.

Azkenik, arau orokor gisa ezartzen da gainerako arau-hausteek deuseztagarritasuna sortzen dutela, administrazio antolamenduan ohi den moduan.

4. Errekurtso-prozeduretan bermeak indartzeko, 93. eta 202. artikuluetan ezartzen da esleitzeko ebazpena ez dela eraginkorra izanen (ondorioen etendura) esleitzeko erabakiaren jakinarazpena igortzen denetik 10 egun iragan arte (15 egun, Europar Batasuneko gutxienekotik gorako balio zenbatetsia duten kontratuen kasuan). Esleipena etenda geldituko da, halaber, kontratuaren esleipenaren kontrako erreklamazio bat aurkezten bada (ez beste ekintza batzuen kontra), organo eskudunak aurkaratzeaz ebatzi arte.

Nolanahi ere...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR