21/2012 FORU LEGEA, abenduaren 26koa, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako,

FORU LEGEA, ZENBAIT ZERGA ALDATU ETA BESTE TRIBUTU-NEURRI BATZUK HARTZEARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, berrikuntza batzuk sartu dira finantza gastuen kengarritasuna mugatzeko arauetan; aldaketa nagusia da arau mugatzaile hori merkataritza talde batekoak ez diren sozietateei ere aplikatzea. Orain arte, merkataritza talde batekoak ziren sozietateei bakarrik aplikatzen zitzaizkien finantza gastuen kengarritasuna mugatzeko arauak.

Bestalde, inbertsioetarako erreserba bereziari dagokionez, lau aldaketa garrantzitsu egin dira pizgarri fiskal hori malgutzeko eta horren aplikazioa indartzeko. Ildo horretatik, zerga-oinarriaren murrizketako portzentajea handitu egin da mikroenpresentzat, gutxieneko zuzkidura 50.000 eurora bitarte beheratu da, bost urtetik hiru urtera murriztu da funts berekien blokeoaldia, eta inbertsioak gauzatu ondoren erreserbak izan ditzakeen helmugak gehitu egin dira.

Sozietateen gaineko zergan sartzen diren aldaketekin jarraituz, aktibo finko berrietako inbertsioagatiko kenkarian beste baldintza bat ezarri da aplikatu ahal izateko, hots, inbertsioak 6.000 euroko gutxieneko muga izanen du zergaldi bakoitzean. Gainera, aldi batez beheratu da kenkari honek gainditu ezin duen muga: kuota likidoa 100eko 35etik 25era murriztu da.

Enplegua sortzeagatiko kenkariak ere aldaketa handi samarra izan du: beste baldintza bat ezarri da osorik aplikatu ahal izateko, hau da, kasuan kasuko zergaldian kenkaria sorrarazten duen plantilla osoaren batez bestekoa (lan kontratua duten pertsonen kopurua urteko) hurrengo hamabi hilabeteetan mantentzea. Hurrengo hamabi hilabete horietan plantilla osoaren batez bestekoan murrizketa izaten bada, kenkaria txikiagoa izanen da.

Azkenik, zerga-oinarriaren murrizketaren aplikazioan mugaketa bat ezartzen da aldi batez, aurreko zergaldietako likidazio-oinarri negatiboak direla eta. Mugaketa horrek hogei milioi eurotik gorako negozio kopurua duten entitateetan izanen du eragina.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren esparruan, epez kanpo aurkeztutako autolikidazioen ondoriozko errekarguen alderdi batzuk zehaztu dira. Hala, tributudunak autolikidazio negatiboa aurkezten badu (itzuli beharreko kopuruarekin), eta, itzulketa lorturik, ondoren beste autolikidazio bat aurkezten badu eta, horretan, lortutakoa baino itzulketa txikiagoa eskatzen badu, 52.3 artikuluko errekargua bidezkoa ez den itzulketa zatiaren gainean igorriko da.

Beste alde batetik, zerga arloko egiaztapen eta ikuskapen prozedurak ez direnen ondorioz irekitako zehapen prozedurek bideratzen dituzten zerga arloko arau-hauste larrien zehapenetarako, proportziozko isun murriztuagoa proposatzen da. Eta horren oinarri, funtsean, arau-hausleak erakutsitako iruzur-asmo txikiagoa da, bai eta zerga arloko Administrazioak zehapen prozedura tramitatu eta betetzeko duen erraztasun handiagoa ere, tributudunak, egin zaion errekerimenduari erantzunez, ematen dituen datuetan oinarriturik askotan.

Zerga arloko datuak hirugarrenei lagatzeko aukerari dagokionez, bi kasutan handitu da: Osasun Departamentuarekin lankidetzan aritzeko xedez, Osasun Sistema Nazionaleko erabiltzaileei osasun esparruan egiten dituzten ekarpenen gehiegizkoa itzul dakien, eta "Erabilera berezia" izeneko osasun laguntzaren zerbitzuko prestazioak kasu bakoitzean kudeatzen dituen Nafarroako Gobernuko departamentuak modu egokian zehaztu ahal dezan erabiltzaile bakoitzak prestazio horietan egin beharreko ekarpenaren portzentajea.

Atzerrian diren ondasun eta eskubideez informatzeko berariazko betebehar berri bat ezarri da.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokionez, egintza juridiko dokumentatuen modalitatean ez dira zergari atxikiak egonen administrazio agintaritza eskudunak ofizioz agintzen dituen aurreneurrizko idatzoharrak. Administrazio publikoei beharrezkoak ez diren tramiteak kendu nahi zaizkie, aurreneurrizko idatzohar horiek ezartzen dituen dokumentua aurkeztu behar ez izateagatik, edonola ere zergatik salbuetsia egonen bailitzateke.

Toki Ogasunen esparruan, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan aplikatu beharreko tarifak eguneratuko dira 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, dagokion KPIa aplikatuta, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibideak onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea aldatu da, irekita urtebete baino gutxiago egoten diren establezimenduentzat proportziozko murrizketak ezartzeko.

Tasen arloan aldaketa garrantzitsuak egin dira, administrazio zerbitzuak ematean izaten diren aldaketetara egokitzeko. Hala, tasa berriak sortu dira, beste batzuen zergapeko egintza eguneratu egin da, eta tarifak ematen diren zerbitzu berrien arabera eta administrazio kostuetan izandako aldaketen arabera moldatu dira.

Bukatzeko, balantzeen eguneratzea erantsi da. Gaur egungo egoera ekonomikoak eta azken eguneratzea orain hamasei urte egin izanak justifikatu egiten dute araua sartzea. Enpresei era desberdinetako abantailak emanen dizkie: beren ondarearen egoera hobetuko du, beren kostuak hobeki ezagutzen eta mozkina zehazten lagunduko du, kanpoko finantziazioa izaten lagunduko du eta zama fiskal txikiagoa ekarriko du; gainera, borondatezkoa izanen da.

1. artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako eraginarekin, eta deusetan galarazi gabe Bi, Hiru, Zazpi, Hamasei, Hamazazpi eta Hemezortzi ataletan ezarritakoa, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen artikulu hauek testu hau izanen dute:

Bat.-11.1. artikulua. Testu berria izanen dute b) letraren a') eta c') azpiletrek, eta beste letra bat ere, e), gehitzen da:

a') Inbertsio funtsak, Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legeak arautzen dituenak.

c') Pentsio funtsak, azaroaren 29ko 1/2012 Legegintzako Errege Dekretuan -Pentsio-Plan eta -Funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bateginean- araututakoak.

e) Aktibo bankarioen funtsak, Kreditu entitateak Berregituratzeko eta Desegiteko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen hamargarren xedapen gehigarriak aipatzen dituenak.

Bi.-38.5. artikulua. 2012ko urtarrilaren 1ean hasitako zergaldietan ondorioak izateko.

5. Entitatearen zergaldiak urtebete baino gutxiago irauten badu, artikulu honen 1. idatz-zatiaren laugarren lerrokadan aurreikusitako zenbatekoa hau izanen da: milioi bat euro bider zergaldiaren iraupenak urtearekiko duen proportzioa.

Hiru.-38. artikulua, 6. zenbakia gehitzea. 2012ko urtarrilaren 1ean hasitako zergaldietan ondorioak izateko.

6. Artikulu honetan aipatzen den muga ez zaie honako hauei aplikatuko:

a) Kreditu entitateei eta aseguratzaileei. Hala ere, zergen finkapenaren araubidean, izaera hori ez duten entitateekin batera, tributatzen duten kreditu entitateen edo aseguratzaileen kasuan, artikulu honetan ezarritako muga kalkulatuko da azken entitate horien etekin operatiboa eta finantza gastu garbiak kontuan harturik.

Ondorio horietarako, kreditu entitateen tratamendua izanen dute entitate horiek zeinetan boto eskubidea, zuzenean edo zeharka, osorik kreditu entitateei dagokien, baldin eta beren jarduera bakarra bada merkatuan finantza tresnak jaulkitzea eta kolokatzea, entitate horien erregulazio kapitala eta finantzazioa sendotzeko.

b) Entitatearen iraungitzea gertatzen den zergaldian, salbu hori gertatzen bada X. tituluko IX. kapituluan ezarritako araubide bereziaren babespeko berregituratze eragiketa baten ondorioz, edo talde fiskal baten barnean egiten bada eta iraungitako entitateak oraindik finantza gastuak kengarri baldin baditu hartan sartzeko unean.

Lau.-41.1. artikulua. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin.

1. Zerga-oinarria ehuneko 45 murritz daiteke baldin eta kantitateak, ekitaldiko kontabilitateko mozkinetakoak izanik, inbertsioetarako erreserba berezi batera bideratzen badira, atal honetan azaltzen diren baldintzetan eta beharkizunekin.

Ehuneko hori ehuneko 60koa izanen da, 50.1.b) artikuluaren azken lerrokadan xedatutakoarekin bat enpresa txiki izaera duten subjektu pasiboen kasuan.

Bost.-42.1. artikulua. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin.

1. Inbertsioetarako Erreserba Bereziari egin beharreko zuzkidura gutxienez 50.000 euro izanen da ekitaldi ekonomikoan.

Halaber, entitateak berak ekitaldia ixtean dituen funts berekiak, zeinen mozkinekin hornitu baitzen Erreserba Berezia, zuzkidura egiten den ekitaldian hori adina igoko dira, eta gehikuntza horri hurrengo ekitaldietan eutsi beharko zaio, 44. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen den hiru urteko epea bukatu arte, salbu eta kontabilitateko galeren ondorioz gutxitzen bada.

Aurreko lerrokadak aipatzen duen betebeharraren ondorioetarako, entitatearen funts berekien artean ez dira sartuko ekitaldi bakoitzeko emaitzak.

Sei.-44.4. artikulua. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin.

4. Behin erreserba gauzatzeko epea bukatzen denetik hiru urte iraganik, Erreserba Berezian dagokion zenbatekoa honako hauei aplikatzen ahalko zaie:

a) Kontabilitateko emaitza negatiboak deuseztatzeko.

b) Kapital soziala handitzeko.

c) Borondatezko erreserbak eta legezko erreserbak.

Aplikazio hori egindakoan, aplikatutako kopuru hori adina gutxitzen ahalko dira entitatearen funts berekiak, 42.1 zenbakian ezarritako betebeharraren ondorioetarako, hots, funts berekiak erreserba bereziari egindako zuzkidura adina handitu beharraren ondorioetarako.

Zazpi.-62.2. artikulua. 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin.

2. Espainiako egoiliarra ez den entitate bateko partaidetza eskualdatuta lortutako errenta salbuetsia egonen da, baldin eta aurreko zenbakian ezarritako beharkizunak betetzen badira. Errentari araubide bera aplikatuko zaio baldin eta bazkidea bereizita edo entitatea desagertuta lortzen...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR