243/2011 FORU DEKRETUA, abenduaren 14koa, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen duena Larrondo-Lakartxela izeneko Batasunaren Intereseko Lekua, eta haren kudeaketa plana onesten duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Larrondo-Lakartxela izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Uztarrozeko eta Izabako udal mugapeetan. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktiboko eta aurreneurrietako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak zaintzeari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarauak dira Europar Batasunak naturaren zainketaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunen intereseko habitat natural eta basa florako eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Natura 2000 Sarea eratzeko, zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitaten motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen ahal diren Lekuen zerrenda behin behinekoz onetsi zuen, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartzeko. Horien artean, Larrondo-Lakartxela izeneko ES2200009 gunea dago.

Batasunaren Intereseko Lekua onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Zainketa Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren zainketa neurriak ezarriko dira, Batasunaren Intereseko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko, edo egoera hori lehengoratzeko.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpetarreko Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, zainketa bereziko eremutzat joko dira.

Larrondo-Lakartxelako gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira ZBEan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 14an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. artikulua. Xedea.

    Foru dekretu honen xedea hauxe da:

  2. Batasunaren Intereseko ES2200009 Lekua, "Larrondo-Lakartxela" izenekoa, Zainketa Bereziko Eremutzat jotzea.

  3. "Larrondo-Lakartxela" izeneko ES2200009 Zainketa Bereziko Eremuaren kudeaketa plana (foru dekretu honi erantsi zaio) onestea.

  4. artikulua. Lurralde mugaketa eta planaren aplikazio eremua.

    "Larrondo-Lakartxela" izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 2.614,16 hektareako azalera dauka.

    Hona hemen haren mugak:

    Iparraldeko eta ekialdeko muga.

    Iparraldean, Frantziako muga, Otsagabiko mugatik Arrakogoitiraino. Ekialdean, herrilurren mugak, Ekialterrearaino.

    Hegoaldeko eta mendebaldeko muga.

    Hegoaldean, muga Adaziodiako eta Igoriako eguteran doa, Erroizuko sakaneraino. Mendebaldetik, Zardaiako eta Iriolako sakanetan barna doa, gero larreetako mugetan barna (mendebalderen duen muga), barnean dagoela Infiernoko sakaneko ibaiburua, Otsagabiraino iritsi arte.

    Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

    Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 129.,173. eta 201. OPMak ukitzen ditu, 2.326,45 hektareako azalera.

    Aurretik adierazi denetik ondorioztatzen da Leku honen eremurik handiena mendi katalogatua dela.

  5. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

  6. Zuzendaritza Batzordea sortuko da. "Larrondo-Lakartxela" gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organoa izanen da. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

  7. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

    1. Bultzatuko du kudeaketa planean jasotako neurriak gauzatu daitezela, saiatuko da aurreikusitako egutegia bete dadin eta Administrazioaren eta eragile sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza sustatuko du.

    2. Partaidetza soziala sustatuko du ingurumeneko eztabaida eta erabakietan.

    3. Gune honetako balioak eta berezitasunak eraginkortasunez babesteko proposamenak eginen ditu, bidezko izan daitezkeen handitzeak sustatuko ditu eta gunearen kontserbaziorako eta garapen iraunkorrerako onuragarritzat jotzen dituen kudeaketak eginen ditu.

    4. Kasu bakoitzean eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei eskatuko die planaren helburuetarako kaltegarriak izaten ahal diren jarduerak eteteko edo behin betiko desagerrarazteko.

    5. Planaren betetze-maila urtero ebaluatuko du, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatuko die bete ditzatela neurriak garatzeko behar diren konpromisoak.

    6. Larrondo-Lakartxelako natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatuko ditu, baita ezagutza eta onura publikoa ere, eta haren balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuko ditu.

    7. Kudeaketa plana aldatzeko edo berrikusteko edozein plani buruzko txostena eginen du, onetsi aurretik.

    XEDAPEN GEHIGARRIAK

    Lehen xedapen gehigarria.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematea.

    Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko kostu ekonomikoaren zenbatespenak Europar Batasunera igortzeko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

    Bigarren xedapen gehigarria.-Lotutako araudia.

    Onura publikoko mendia den Lekuko azaleran, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

    AZKEN XEDAPENAK

    Azken xedapenetako lehena.-Kudeaketa planaren indarraldia.

    Foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planak 10 urteko indarraldia izanen du. Epe hori bukatzean berraztertu eginen da. Hala ere, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen iraupenean eragina izan dezakeena, berraztertzen edo aldatzen ahalko da.

    Azken xedapenetako bigarrena.-Beste plan batzuekiko erlazioa.

  8. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz eman litezkeen maila goragoko planekin, alegia, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarearen jarduketa ildo orokorrak finkatzen dituzten horiekin.

  9. Bestalde, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatzekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, hura egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honi aurka egiten badiote, egokitu egin beharko dira, lehenbizikoz aldatzearekin edo berrikustearekin batera.

    Azken xedapenetako hirugarrena.-Garatzeko gaikuntza.

    Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

    Azken xedapenetako laugarrena.-Indarra hartzea.

    Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

    Iruñean, 2011ko abenduaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR