9/2011 FORU DEKRETUA, otsailaren 7koa, 'Orreaga-Iratiko Oihana' izeneko Europar Batasunaren Intereseko Lekua zainketa bereziko eremutzat jo eta hura kudeatzeko plana onesten duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Orreaga-Iratiko Oihana izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Itzaltzu, Otsagabia, Jaurrieta, Hiriberri, Orreaga, Luzaide eta Orbaitzeta udal mugapeetan eta 2., 9. eta 10. partzuergoetan, hain zuzen. Gune horretan Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarriak diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten dutelako bai eremu murritza dutelako. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non, kudeaketa aktiboko eta aurreneurrietako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez epe luzerako habitat natural eta basa espezie horien iraupena bermatuko baita.

Habitat natural edo espezie horietako batzuk Kontseiluak habitat naturalen eta basa fauna eta floraren iraupenari buruzko 1992ko maiatzaren 21ean eman 92/43/EEE Zuzentarauan, edo basa hegaztien iraupenari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauan sarturik daude. Alegia, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, Europar Batasun osoan baizik. Bi zuzentarauak Europar Batasunak naturaren iraupenaren arloan duen tresna nagusia dira. Horretarako, lekuen sare ekologikoa sortu zen, Natura 2000 Sarea, hain zuzen ere, non Europar Batasunerako interesgarritzat jotzen diren habitat natural eta basa flora eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Natura 2000 Sarea osatzeko, zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi toki bakoitzeko habitat naturalen motak eta Europar Batasunerako interesgarriak diren espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean Erabakia hartuta, Zainketa Bereziko Eremutzat jotzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinean onetsi zuen, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartu ahal izateko. Horien artean, "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ES0000126 gunea dago.

Europar Batasunaren Intereseko Lekua onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren jo behar du Zainketa Bereziko Eremutzat, gehienez ere sei urteko epean, mantendu edo lehengoratzeko behar diren zainketa neurriak hartuz, Europar Batasunaren Intereseko Lekuko habitat naturalek eta espezieen populazioek iraun ahal dezaten.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpinoko Batasunaren intereseko lekuen zerrenda onetsi zuen. Hori dela eta, Europako zuzentaraua aplikatzeko, zainketa bereziko eremutzat joko da.

"Orreaga-Iratiko Oihana" gunerako kudeaketa plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen diren eta lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak biltzen ditu.

Nafarroako Gobernuaren 1990eko abenduaren 27ko Erabakiaren arabera, "Orreaga-Iratiko Oihana" gunea Hegaztien Babesgune Berezia da (ZEPA B-126).

ZEPA horren mugak berrikusi ondoren eta doikuntza kartografikoak oinarri hartuta, egokia omen da horiek doitzea, "Orreaga- Iratiko Oihana" gunearen mugekin bat etorrarazita.

Apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuaren bidez, Hegaztien Babesgune Berezien (ZEPA) barneko basa fauna babesteko eremuak (APFS) deklaratu ziren, horien artean APFS-2 eremua, "Arrollandieta" izena daukana eta aurretik aipatu den ZEPAn dagoena.

Bere garaian APFS deklaratzea eragin zuten balioak eta haren kontserbazioa bermatzeko beharrezko araudi esparrua "Orreaga-Iratiko Oihana" eremuan sartzen dira modu zabalagoan, eta, beraz, ez omen da beharrezkoa babes mota horri eustea.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2011ko otsailaren 7an egin zuen bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. artikulua. Xedea.

    Foru dekretu honen xedea hauxe da:

  2. Europar Batasunaren intereseko ES0000126 lekua, "Orreaga-Iratiko Oihana" izenekoa, zainketa bereziko eremutzat jotzea.

  3. "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ZEPA B-126ren mugak doitzea, zainketa bereziko eremuko mugekin bat etorrarazita.

  4. "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ES0000126 ZBEren eta "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ZEPA B-126ren kudeaketa plana onestea, foru dekretu honi erantsi zaiona.

  5. artikulua. Lurralde mugaketa eta planaren aplikazio eremua.

    "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko gunea Nafarroako Pirinioetako haranetako iparraldeko muturrean dago, eta 18.078,12 ha-ko azalera dauka.

    Hona hemen haren mugak:

    -Iparraldeko eta mendebaldeko muga:

    Mugaketa Frantziarekiko mugan zehar hedatzen da, Otsagabiaren eta Uztarrozeren arteko mugatik Luzaideraino. Handik hegoalderantz, Gainekoleta eta Asundegi ubideekin paralelo doa, Ibañeta Gainera heldu eta Orreagan amaitu arte.

    -Hegoaldeko eta ekialdeko muga:

    Orreagatik hainbat pistarekiko muga Orbaitzetako fabrikaraino heltzen da. Leku horretatik aurrera, Arrazolara doa, Idorgain eta Cantera Gainetatik pasatzen da Irati ibairaino, eta hortik Orbaitzetako mugatik doa Berrendiraino. Berrendi eta Abodiko hegoaldetik ekialderantz 9. partzuergora heltzen da, eta amaieran Frantziaren, Otsagabiaren eta Uztarrozeren arteko muga dago.

    Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan adierazi den kartografiak ezarri du.

    Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi duen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 1, 5, 12, 13, 28, 72, 141, 173, 177, 202 eta 205 zenbakietako OPMak ukitzen ditu, 16.515 ha-ko azaleran.

    Era berean, Orreagako Errege Kolegiatako Orreaga mendia Mendi Babesle deklaratu eta Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan sartzen duen azaroaren 10eko 328/1997 Foru Dekretuaren arabera, eremu horrek honako mendi babesle hau ukitzen du: 1 zk. duena, 830 ha-ko gutxi gorabeherako azaleran.

    Aurretik adierazi denetik ondorioztatzen da lekuaren eremu zati handiena mendi katalogatutzat jotzen dela.

  6. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

  7. Zuzendaritza Batzordea sortuko da, "Orreaga-Iratiko Oihana" gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organo gisa. Mendien titularrak diren tokiko entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

  8. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

    1. Kudeaketa planean hausnartutako neurriak gauzatzea sustatzea, ezarritako egutegira moldatzen saiatuta eta Administrazioaren eta agente sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza bultzatuta.

    2. Partaidetza soziala bultzatzea ingurumen eztabaida eta erabakietan.

    3. Guneko balioak eta berezitasunak eraginkortasunez babesteko proposamenak egitea, balizko handipenak sustatzea eta horren kontserbaziorako eta garapen iraunkorrerako onuragarritzat jotzen dituen kudeaketak egitea.

    4. Kasu bakoitzean eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei planaren helburuetarako kaltegarriak izaten ahal diren jarduerak eteteko edo behin betiko desagerrarazteko eskatzea.

    5. Planaren betetze-maila urtero ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei neurriak garatzeko behar diren konpromisoak betetzeko eskatzea.

    6. Orreaga-Iratiko Oihaneko natur baliabideen azterketa eta ikerketa zein ezagutza eta onura publikoa bultzatzea, haren balioetarako errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuta.

    Lehen xedapen gehigarria.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari esku ematea.

    Esku ematen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko kostu ekonomikoaren zenbatespenak Europar Batasunera igortzeko, izapideei ekin diezaien, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aipatzen diren ondorioak izan ditzan.

    Bigarren xedapen gehigarria.-Loturiko araudia.

    "Orreaga-Iratiko Oihana" lekuko guneak diren Lizardoiako Erreserba Integralari (RI-1) eta Mendilazko Natur Erreserbari (RN-6) dagokienez, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean, Nafarroako erreserba integralak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 231/1998 Foru Dekretuan eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

    Halaber, onura publikoko mendiarekin edo mendi babeslearekin bat datorren lekuko azaleran, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

    Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

    Basa fauna babesteko eremuak (APFS) deklaratu zituen apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa indargabetuko da, "Arrollandieta" izeneko APFS-2ri dagokionez.

    Azken xedapenetako lehena.-Kudeaketa planaren indarraldia.

  9. Foru dekretu honek onesten duen kudeaketa planaren indarraldia 2018ko abenduaren 31n amaituko da, eta egun horretan berrikusiko da. Hala ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen iraupenean eragina izan dezakeena, berrikusi edo aldatzen ahalko da.

  10. Planaren eremua, helburua, horrelakotzat jotzea eragin duten elementuen hautaketa, azken helburuak, espero daitezkeen emaitzak eta berariazko araudia ukitzen ahal dituen edozein aldaketa edo berrikuspen foru dekretuaren bidez tramitatu beharko da. Aurretik deskribatu diren aldeak ukitu gabe, planaren helburuak, efikazia eta eraginkortasuna hobetzeko helburua duten gainerako aldaketak foru aginduaren bidez onetsi beharko dira. Nolanahi ere, Zuzendaritza Batzordeak edozein aldaketaren berri eman beharko du.

    Azken xedapenetako bigarrena.-Beste plan batzuekiko lotura.

    Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren iraupenari buruz eman litezkeen...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR