61/2013 FORU DEKRETUA, irailaren 18koa, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea erregelamenduz garatzeko, lehenbizi, 25/2011 Foru Dekretua eman zen, martxoaren 28koa; horren bidez, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautu, eta 10/2010 Foru Legearen III. titulua garatu zen. Hori horrela, foru dekretu honen xede nagusia da 10/2010 Foru Legean jasotako aurreikuspenetan sakontzen jarraitzea, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriei dagokienez. Zehazki, foru dekretu honen bidez 10/2010 Foru Legearen II. eta IV. tituluak garatzen dira, xedetzat honako hauek arautzea dutenak: etxebizitza babestuen kontzeptua, ezaugarriak eta tipologiak; erakunde publikoek etxebizitzaren arloan egin beharreko sustapen jarduerak; eta etxebizitzak eraiki, zaindu eta mantentzeko baldintzak.

Kontu horiek guztiak arautzeko, aurretik 4/2006 Foru Dekretua zegoen, urtarrilaren 9koa, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen zituena. Alabaina, gaur egun Nafarroan den araubide juridiko berriak gainditu egin du foru dekretu hori, izan ere 10/2010 Foru Legea eta 25/2011 Foru Dekretua indarrean sartzearen ondorioz, espresuki nahiz isilbidez indargabetu edo aldatu ziren 4/2006 Foru Dekretuan jasotako aurreikuspen asko.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatea jabetzen da Europar Batasun osoak bizi duen krisi ekonomikoaz, baita egoera horrek defizita murrizteko eta gastu publikoa kontrolatzeko eskatzen dituen neurriez ere. Egoera horrek beharrezkoa egiten du, batetik, etxebizitzaren arloan ematen diren laguntzen antolamenduari buruz hausnarketa egitea, funts publikoak modu eraginkorrean gastatzeko, gaur egungo beharretara egokituz, eta bestetik, baliabide publikoak jarduketa babesgarri ezberdinen artean banatzea, beren garrantziaren arabera.

Horrenbestez, beharrezkoa da foru dekretu berri bat onestea, Nafarroan etxebizitzaren arloan dagoen arau esparruari segurtasun juridiko nahikoa emateko batetik, eta etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta jarduketa horietarako aitortzen diren laguntza ezberdinak biltzeko bestetik.

Horretarako, honela garatu eta banatu da foru dekretu hau: sei kapitulu, laurogei artikulu, bederatzi xedapen gehigarri, zazpi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, hiru azken xedapen eta bi eranskin.

2

Hona, I. kapituluan jasotakoak: foru dekretuaren xedea, jarduketa babesgarriak, jarduketa babesgarri horietarako aurreikusitako laguntzak, laguntza horiek jaso ahal izateko baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko epeak, eta bestelako kontzeptu batzuen definizioa, esaterako, familia unitatearena edo errenta ponderatuarena, foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako. Laburbilduz, foru dekretuan garatzen diren jarduketa babesgarri guztietarako nahiz horiei dagozkien laguntzak emateko prozeduretarako oinarrizkoak eta komunak diren xedapenak jaso dira lehen kapitulu honetan.

3

  1. kapituluan erabiltzen den sistematikaren bidez, gidaliburu erabilterraz bat osatu nahi izan da etxebizitza babestuak sailkatzeko prozeduran parte hartzen duten eragile ezberdinentzat, eta horretarako, honakoak arautu dira: prozedura ikuspuntu tekniko eta arkitektoniko batetik tramitatzeko alderdi administratiboak eta jarduketa babesgarrietarako ezarriak dauden laguntzak.

    Horrela, arauketa horretatik etxebizitza babestuak esleitzeko prozedura kenduta, foru dekretu honek beharrezkoa den araubide juridikoa ezartzen du etxebizitza babestu baten kalifikazioarekin lotutako alderdi guztiak arautzeko. Arauketa horri heltzeko modua praktikarekin koherentea da. Hasteko, etxebizitza babestu mota bakoitzaren eraikuntza-ezaugarriak jorratzen dira, eta era berean, lursailen hirigintzako baldintzak eta etxebizitza eraikitzeko kostuen mugak arautzen dira.

    Jarraian, 10/2010 Foru Legean aurreikusitako etxebizitza babestuen erreserbaren zenbait alderdi garatzen dira, eta horrez gain, etxebizitza babestuaren kalifikazioak tramitatzeko prozedura, kalifikazio eskaeraren edukia, tramitazioa eta behin betiko kalifikazioa eman edo ukatzeko modua eta ondorioak arautzen dira.

    Arlo horiek arautzen dituzten artikulu batzuetan derrigorrez aurkeztu beharreko agirien kopuruak gehiegizkoa badirudi ere, adierazi beharra dago benetako ahalegina egin dela derrigorrez aurkeztu beharreko agiriak eta egin beharreko tramiteak ahalik eta gehien sistematizatu eta murrizteko; horrela, kasu batzuetan, bikoiztasunak saihestu dira foru administrazioaren eta udal administrazioaren jarduketen artean, eta beste batzuetan, berriz, dagoeneko administrazioaren agiritegietan dauden agiriak berriro aurkeztea. Alabaina, aintzat hartu behar da etxebizitza babestuak eraikitzen direnean interes publiko eta pribatu asko elkartzen direla (pertsonen segurtasuna, eraikuntzaren kalitatea, etxebizitza babestuaren esleipen-hartzaileen eskubideak...), eta interes horiek guztiek, berez, Administrazioaren kontrol zorrotza eskatzen dute etxebizitza babestuaren kalifikazio espedienteei dagokienez.

    Jarraian, etxebizitza babestuak sustatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dira, atal berean bilduta arlo horretan dauden laguntza guztiak, diru-laguntzak izan daitezkeenak edo mailegu kualifikatuen emakida. Arlo horretan, etxebizitza babestuen alokairua sustatzeko asmoz, ez da inolako doikuntzarik egin eta, beraz, aurretik zeuden bezala mantendu dira etxebizitza babestuak errentan hartu dituzten errentarien diru-laguntzak.

    Kapitulu honen amaieran, etxebizitza babestuen erabilera, luperketa eta eskuratzearen ahalmenen mugei eragiten dieten bi auzi jorratzen dira.

    Lehenbizikoa etxebizitza babestu bat deskalifikatzeko aukerari buruzkoa da, baldin eta, 10/2010 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoarekin bat, etxebizitza babestu baten titularrak, esleitu zaion etxebizitza babestuaren truke, bere beharren arabera egokiagoa den beste bat eskatu badu eta ez badu erantzunik jaso 6 hileko epean. Zentzu horretan, foru dekretu honetako aurreikuspenak erabat kontinuistak dira, 4/2006 Foru Dekretuan ezarritakoari eusten baitiote.

    Araututako bigarren auziari dagokionez, 2010. urtera arte existitzen ez zen aukera baten arau-garatzean sakontzea du xede: etxebizitza babestu bat husteko baimena ematea. Lehen aldiz, baimen hori ematea eragiten ahal duten arrazoiak zerrendatu dira, eta husteko ematen den gehieneko epea zabaldu da. Egiaztatu ahal izan denez, gero eta ohikoagoa da Nafarroako langileen eta ikasleen mugigarritasun geografikoa, eta horrek ekarri du arlo honetako eskakizunak malgutzea. Nolanahi ere, ulertu behar da baimen hori berez nahiko arraroa dela etxebizitza babestuaren arloan, horren xede nagusia esleipen-hartzaileen bizileku ohikoa eta iraunkorra izatea baita. Hain da horrela, ezen 10/2010 Foru Legearen 17. artikuluan etxebizitza okupatzea etxebizitza babestua eskuratzeko baldintza gisa ageri baitzen. Gainera, erabiltzaileek etxebizitza babestua eskuratzeko ahalmena arautzeko ezarritako legezko araubideak zenbait formula eskaintzen ditu etxebizitza hirugarren batek okupatzen duela bermatzeko, eta beraz, etxebizitza okupatu gabe geratzea saihesteko. Hori horrela, aukera dago etxebizitza alokatu edo saltzeko edo bigarren gradura arteko odol bidezko senide batek erabiltzea baimentzeko. Horrek guztiak dakar etxebizitza babestu bat husteko arrazoien interpretazioa ikuspuntu murriztaile batetik egin behar izatea, aintzat hartuta etxebizitza babestu bat okupatua izateko dela.

    4

  2. kapituluan zaharberritzearen arloko jarduketa babesgarriak eta horiei dagozkien laguntzak jaso dira.

    Etxebizitza babestuak kalifikatzeko prozedurarekin bezala, ahalegin handia egin da jarduketa babesgarriak zein diren zehazteko, bai eta eraikinek eta etxebizitzek babesgarri gisa kalifikatzeko bete beharreko gutxieneko baldintzak ere; horretarako, lehen aldiz definitu dira esparru honetan aintzat hartzen diren aurrekontuak (orokorra, babesgarria eta diruz lagun daitekeena) eta aurrekontu ezberdinen mugak ezarri dira.

    Jarraian, zaharberritze arloko jarduketa bati dagokion diru-laguntza emate aldera jarraitu beharreko pausoak arautzen dira, hasi behin-behineko kalifikaziotik eta behin betikoa eskuratu arte, honakoak barne: obrak gauzatzeko ezarritako gehieneko epeak, egiaztapena, edota zaharberritzen den etxebizitzaren titulartasunean izan daitezkeen gorabeherak, zaharberritzeko jarduketek izan dezaketen iraupen luzearen ondorioz.

    Zaharberritze bulegoen zeregina funtsezkoa izan da zaharberritze babestuko jarduketen tramitazioan eta kudeaketan, eta horrexegatik, araudi berrian ere haien alde egiten da. Izan ere, azken urteotan hainbeste espediente tramitatzen egindako lana ezin da oharkabean joan. Horregatik, Foru Komunitateko Administrazioak ahalegina eginen du ahal duen guztietan haiekin lankidetzan aritzeko eta bere eskura duen eta zaharberritzeko espedienteak tramitatzeko beharrezkoa den informazio guztia emateko.

    Halaber, aipamen berezia merezi du Lehentasunez Zaharberritu Beharreko Eremuak; foru dekretu honetan haren alde egiten da, emaitza bikainak lortu baititu Iruñean, Tuteran, Vianan, Lizarran, Cintruenigon, Corellan, Tafallan, Galipentzun, Alesbesen eta Garesen. Udalerri horietako hirigune historikoak nola suspertu dituen ikusirik, komenigarria da figura hori mantentzea eta Foru Komunitateko beste udalerri batzuetara ere zabaltzea.

    Eraikinen eta etxebizitzen zaharberritze-lanak babesteko laguntza saila handia, askotarikoa eta konplexua da, halakoxea baita zaharberritzearen errealitatea; baina foru dekretuak laguntza horiek erabilera errazeko tauletan aurkeztearen alde egin du, errenten, hartzaileen eta zaharberritze motaren arabera sailkatuta.

    Laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideetan berrikuntza garrantzitsuak sartu dira. Laguntzak diru-sarrerei estuago lotzen zaizkie lehengo araudian baino, errenta txikieneko eskatzaileentzako laguntzak lehenesten baitira, eta berriro definitu dira diru-laguntza jaso dezaketen jarduketa zehatzak. Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzeari buruzko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legeak...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR