244/2011 FORU DEKRETUA, abenduaren 14koa, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen duena Larra-Aztaparreta izeneko Batasunaren Intereseko Lekua, eta haren kudeaketa plana onesten duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Larra-Aztaparreta izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Izabako udal mugapean. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktiboko eta aurreneurrietako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak zaintzeari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarauak dira Europar Batasunak naturaren zainketaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunen intereseko habitat natural eta basa florako eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Natura 2000 Sarea eratzeko, zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitaten motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen ahal diren Lekuen zerrenda behin behinekoz onetsi zuen, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartzeko. Horien artean, Larra-Aztaparreta izeneko ES0000123 gunea dago.

Batasunaren Intereseko Lekua onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Zainketa Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren zainketa neurriak ezarriko dira, Batasunaren Intereseko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko, edo egoera hori lehengoratzeko.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpetarreko Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, zainketa bereziko eremutzat joko dira.

Larra-Aztaparretako gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Nafarroako Gobernuak 1990eko abenduaren 27an hartutako Erabakiaren arabera, "Larra-Aztaparreta" gunea Hegaztien Babesgune Berezia da (ZEPA B-123).

HBB horren mugak berraztertu ondoren eta doikuntza kartografikoak oinarri hartuta, egokia dirudi horiek berriz ere definitzea, "Larra-Aztaparreta" gunearen mugekin bat etor daitezen.

Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 56.1.d artikuluan ezarritakoarekin bat, eta, halaber, Babes bereziko araubideko basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen katalogoa garatzeko otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuaren 11.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, soilik edo neurri handi batean naturgune babestuetan, Natura 2000 Sarean edo nazioarteko bitartekoek babestutako eremuetan bizi diren espezie edo populazioak berreskuratzeko edo zaintzeko planak eremu horiei dagokien planifikazio eta kudeaketa tresnen bidez artikulatzen ahalko dira.

Larra-Aztaparreta eremuan daude Nafarroako eper zuri (Lagopus mutus) eta basoilar (Tetrao urogallus) guztiak. Galzoriko espezieak dira, aipatutako katalogoaren eta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoaren (azaroaren 27ko 563/1995 Foru Dekretua) arabera. Halaber, Nafarroako Tengmaln hontz (Aegolius funereus) guztiak ere eremu horretan bizi dira. Hontz horiek espezie kaltebera dira espezie mehatxatuen Espainiako katalogoaren arabera.

Eper zuriak (Lagopus mutus) eta basoilarrak (Tetrao urogallus) berreskuratzeko behar diren jarraibideak eta neurriak jasotzen ditu Larra-Aztaparreta eremuko kudeaketa planak. Era berean, Tengmaln hontzak (Aegolius funereus) zaintzeko behar diren jarraibideak eta neurriak ere jasotzen ditu.

Beraz, plan horrek eper zuriaren (Lagopus mutus) eta basoilarraren (Tetrao urogallus) Berreskuratze Planaren izaera du, eta Tengmaln hontzaren (Aegolius funereus) Zainketa Planaren izaera.

Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 14an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. artikulua. Xedea.

    Foru dekretu honen xedea hauxe da:

  2. Batasunaren Intereseko ES0000123 Lekua, "Larra-Aztaparreta" izenekoa, Zainketa Bereziko Eremutzat jotzea.

  3. "Larra-Aztaparreta" izeneko B-123 Hegaztien Babesgune Bereziaren (HBB) mugak berriz zehaztea eta Zainketa Bereziko Eremuko mugekin bat etorraraztea.

  4. "Larra-Aztaparreta" izeneko ES0000123 Zainketa Bereziko Eremuaren (ZBE) eta "Larra-Aztaparreta" izeneko B-123 HBBren kudeaketa plana (foru dekretu honi erantsi zaio) onestea.

  5. artikulua. Lurralde mugaketa eta planaren aplikazio eremua.

    "Larra-Aztaparreta" izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 3.922,97 hektareako azalera dauka.

    Hona hemen haren mugak:

    Iparraldeko eta mendebaldeko muga.

    Frantziako muga, La Contiendatik Arrakogoitiraino. Hortik hasita, Lakorako hegietan buelta ematen du mugak, Puerto Grandetik segitzen du, hegoalderago Belaguako Rincónetik, eta, azkenik, Pacos de Tanburinera iristen da.

    Hegoaldeko eta ekialdeko muga.

    Hegoaldean, Mazeko gainak dira muga, Huescarekiko mugaraino. Hortik aurrera, Huescako eta Frantziako mugak.

    Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

    Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 129. OPMa ukitzen du, 3.737,93 hektareako azalera.

    Aurretik adierazi denetik ondorioztatzen da Leku honen eremurik handiena mendi katalogatua dela.

  6. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

  7. Zuzendaritza Batzordea sortuko da. "Larra-Aztaparreta" gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organoa izanen da. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

  8. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

    1. Bultzatuko du kudeaketa planean jasotako neurriak gauzatu daitezela, saiatuko da aurreikusitako egutegia bete dadin eta Administrazioaren eta eragile sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza sustatuko du.

    2. Partaidetza soziala sustatuko du ingurumeneko eztabaida eta erabakietan.

    3. Gune honetako balioak eta berezitasunak eraginkortasunez babesteko proposamenak eginen ditu, bidezko izan daitezkeen handitzeak sustatuko ditu eta gunearen kontserbaziorako eta garapen iraunkorrerako onuragarritzat jotzen dituen kudeaketak eginen ditu.

    4. Kasu bakoitzean eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei eskatuko die planaren helburuetarako kaltegarriak izaten ahal diren jarduerak eteteko edo behin betiko desagerrarazteko.

    5. Planaren betetze-maila urtero ebaluatuko du, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatuko die bete ditzatela neurriak garatzeko behar diren konpromisoak.

    6. Larra-Aztaparretako natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatuko ditu, baita ezagutza eta onura publikoa ere, eta haren balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuko ditu.

    7. Kudeaketa plana aldatzeko edo berrikusteko edozein plani buruzko txostena eginen du, onetsi aurretik.

    XEDAPEN GEHIGARRIAK

    Lehen xedapen gehigarria.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematea.

    Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko kostu ekonomikoaren zenbatespenak Europar Batasunera igortzeko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

    Bigarren xedapen gehigarria.-Lotutako araudia.

    "Larra-Aztaparreta" izeneko lekuaren barnean dauden Ukerdiko Erreserba Integralari (RI-2), Aztaparretako Erreserba Integralari (RI-3) eta Larrako Natur Erreserbari (RN-12) dagokienez, honako hauei jarraituko zaie: Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeari, Nafarroako erreserba integralak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 231/1998 Foru Dekretuari, Larrako natur erreserba erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea onesten duen uztailaren 5eko 209/1993 Foru Dekretuari eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuari.

    Halaber, onura publikoko mendia den Lekuko azaleran, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

    AZKEN XEDAPENAK

    Azken xedapenetako lehena.-Kudeaketa planaren indarraldia.

    Foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planak 10 urteko indarraldia izanen du. Epe hori bukatzean berraztertu eginen da. Hala ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen iraupenean eragina izan dezakeena, berraztertzen edo aldatzen ahalko da.

    Azken xedapenetako bigarrena.-Beste plan batzuekiko erlazioa.

  9. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR