58/2014 FORU DEKRETUA, uztailaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrei ematen dieten arretan erabilerraztasun unibertsalera jotzen duten neurriei buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

I

Espainiako Konstituzioak 9.2 artikuluan ezartzen du botere publikoei dagokiela baldintzak sustatzea norbanakoen askatasuna eta berdintasuna gauza daitezen. Testuinguru horretan, konstituzio testuaren beraren 49. artikuluak agindu bat du botere publiko horiek desgaitasunak dituzten pertsonak integratzeko eta babesteko politika egin dezaten, I. tituluan aitortzen zaizkien eskubideak izan ditzaten.

Agindu hori betez, Minisbaliatuen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legea, desgaitasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko legea deitua, eman zen, eta, desgaitasunari buruzko ikusmolde berriak erantsiz, Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako erabilerraztasunari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearekin osatu zen; horren azken xedapenetako bosgarrenean, Gobernuaren esku uzten da, besteak beste, legeak indarra hartu eta bi urteko epean finkatzea zer baldintza bete behar dituzten herritarrarentzako arreta zerbitzuek, gailuek eta bulego publikoek, erabilerraztasunaren eta bazterkeria ezaren alorrean.

Orobat, bidezko da gai honen inguruan aipatzea abenduaren 26ko 49/2007 Legearen onespena, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezartzen baitu desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta erabilerraztasun unibertsalaren arloan.

Azkenik, arautze prozesu hori Estatuan azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua onetsi zenean burutu zen, desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideei buruzko lege orokorraren testu bategina onesten baitu. Dekretu horrek bere baitan biltzen ditu eta indargabetzen lehenagoko lege hauek: 13/1982 Legea, apirilaren 7koa, desgaitasunak dituzten pertsonak gizarteratzeari buruzkoa; 51/2003 Legea, abenduaren 2koa, desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako erabilerraztasunari buruzkoa; eta 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezartzen duena desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta erabilerraztasun unibertsalaren arloan.

Bestetik, nazioartean, Desgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioak desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak babesten ditu; izan ere, Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE) 2006ko abenduaren 13an onetsi zuen, Espainiak 2008ko apirilaren 21ean berretsi, eta 2008ko maiatzaren 3an hartu zuen indarra. Konbentzioaren arabera, desgaitasunak dituzten pertsonak eskubideen subjektu titularrak dira, eta botere publikoak behartuta daude eskubide horiek osorik eta eraginkor gauza daitezen bermatzera.

II

Nafarroako Foru Komunitateak, foru araubidea duenez, berea du eskumen osoa Nafarroaren funtsezko Zuzenbideko edo antolakuntzako espezialitateetatik heldu diren administrazio prozedurako arauetan, baita ekonomia eta administrazio prozedurakoetan ere, horri helduz gero; orobat, Foru Diputazioaren, haren Administrazioaren eta haren menpeko erakunde publikoen araubide juridikoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluko c) eta e) letretan xedatzen denaren arabera.

Hori horrela, eta bere eskumenen esparruan, Nafarroako Parlamentuak Erabilerraztasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legea, onetsi zuen; lege horrek xede hau du: aukera berdintasuna bermatzea desgaitasunak dituzten pertsonei erabilerraztasun unibertsalari eta ororendako diseinuari dagokienez, ingurune, prozesu, ondasun, produktu eta zerbitzuen inguruan, baita gauza edo tresna, erreminta eta gailuen inguruan ere, halako moduan non horiek ulertzeko eta erabiltzeko modukoak izan behar duten pertsona guztientzat, segurtasun baldintza berdinetan, erosotasun aldetik eta ahalik eta modu autonomo eta naturalenean; 3. artikuluan esparru hauetara zabaltzen du aplikazio eremua:

  1. Telekomunikazioak eta informazioaren gizartea.

  2. Gune publiko urbanizatuak, azpiegiturak eta eraikinak.

  3. Garraioak.

  4. Jendearen eskura dauden ondasun eta zerbitzuak.

  5. Administrazio publikoekiko harremanak.

  6. Unibertsitateak eta hezkuntza sistema.

    III

    Foru lege horren azken xedapenetako lehenak Nafarroako Gobernuaren erregelamendu bidezko garapenera igortzen du, haren neurriak zehazteko.

    Foru legearen aplikazio eremuak ukitzen dituen esparruak askotarikoak direnez, hobe da zenbait arautan zatitzea erregelamendu bidezko garapena, arinagoak izan daitezen erregelamenduak prestatzeko prozesua eta ondoko aldaketak, horiek egin behar direnean. Hori galarazi gabe, kontuan hartuta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetan bai teknologia berriek duten eragina, baliabide tekniko berriak jartzen baitituzte harreman horien zerbitzuan, bai herritarrentzako laguntza bulegoen ezaugarri fisikoak, hobe da arau baten barrenean heltzea bi esparru horiei, zeini bere aldetik baina, aldi berean, harmonian, horrela foru legeak Nafarroako Gobernuari ematen dion agindua betetzen baita bi eremuetan; alegia, biak bilduko dituen arau bakar bat prestatu eta onetsiz garatzen da erregelamendua, eta ez da galarazten foru lege horrek gainerako esparruetarako aurreikusten duen erregelamendu bidezko garapena geroago emanen diren berariazko xedapenen bidez egitea.

    Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da neurri multzo bat ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde autonomoen eremuan, haien bidez zehazteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduketetan bete beharreko erabilerraztasun baldintzak, herritarrentzako arreta zerbitzuek eta bulegoek, aurrez aurrekoek zein telematikoek, berma dezaten desgaitasunak dituzten pertsonen erabilerraztasuna eta bereizkeria eza errealak eta eraginkorrak izanen direla.

    IV

    Horrela ba, herritarren eta Nafarroako administrazio publikoen arteko harremanak erregulatzea du xede foru dekretu honek, zehazki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak, Nafarroako beste administrazio batzuetara ohiko bidez aplikatu ahal izatea galarazi gabe, honako hauetara iritsiz: bulegoen antolaketa eta diseinua, ematen den arreta pertsonala eta teknikoa, administrazio prozeduren tramitazioa eta informazioa eskuratzea, Administrazioaren eta eskaintzen diren zerbitzuen web orrialdeak, inprimakiak, idatziak zein telematikoak izan, komunikazioak, idatziak zein telematikoak edo telefonikoak izan, guztientzako diseinu bakar bat lortzen saiatuz eta halako bereizkeria eza, non, ahal dela, desgaitasun fisiko, psikiko eta sentsorial guztiak eta edozein muga funtzional sartuko baitira, adin handia edo hizkuntza gutxi menperatzea barne.

    Zehazki, foru dekretu honen artikuluek zenbait esparrutan eta ikuspegi desberdinetatik neurriak ezartzen dituzte herritarren erabilerraztasun unibertsalaren alde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin dituzten harremanetan, halako moduan non emaitza orokor gisa herritar guztientzat arreta orokor erabilerraza lortuko den, zein den ere haien harremana entitate horiekin.

    Lehendabizi, neurriak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen herritarrentzako arreta bulegoen baldintzak diseinatzeko: haien kokalekua, sarbidea, sistemak eta harreralekuko arreta, kanpoko eta barreneko seinaleak, arreta-postuen konfigurazioa, arreta eta informaziorako sistema elkarreragileak eta bulegoetako gainerako elementu osagarriak, hala nola, osasun eremuak edo segurtasun eta ebakuazio sistemak, guztientzako diseinua eta herritarren erabilerraztasun osoa lortu nahian.

    Bigarrenik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen inprimaki eta dokumentuen erabilerraztasun unibertsala bermatuko duten neurriak garatzen dira, entitate horien eta interesdunen arteko komunikazio idatziak ahalik eta erabilerrazenak izan daitezen, inprimatutako baliabideak edo telematika bidezkoak erabiliz, zein diren berariazko beharrak horren arabera, interesdunentzat bideragarria eta onuragarria denean.

    Indar berezia egin da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen herritarrentzako arreta zerbitzuen erabilerraztasunera bideratutako neurriak hartzen; horretarako, abiaburutzat hartu da arreta pertsonal hori, behar bezala ematen bada, osagarria izan daitekeela edo baliabide materialak erabiltzeko egokitzapenek izan ditzaketen gabeziak ordezten ahal dituela, eta horrela, batera lortzen ahal dela bilatzen den erabilerraztasun unibertsal hori modu pertsonalizatuan, zuzeneko arreta pertsonal horri begira. Bereziki zaindu da arreta horren konfigurazioa, aurrez aurrekoa zein telefono bidezkoa izan, eta hura bideragarrien den modurik unibertsalenean ematen ahalegindu da.

    Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen web orrialdeen erabilerraztasuna bermatuko duten aurreikuspenak garatu dira, baita orrialde horietan jasotako dokumentuenak ere, kontuan izanda bide telematikoa ohiko bidea dela herritar ororentzat eta gora eta gora ari dela; gainera, erabiltzeko erraza bada, aukera bereziki baliagarria da ohiko bideetatik Administrazioarekin harremanak izateko zailtasun fisikoak dituzten pertsonentzat.

    Sistema osoa ixteko, diziplina bat ezarri da baliabide materialak eta pertsonalak erabiltzeko administrazio prozeduraren tramitazioan, guztiz erabilerrazak izan daitezen herritar guztientzat.

    V

    1. artikuluan azaldu diren zenbait printzipioren inguruan atondu da araua, berori interpretatu eta aplikatzeko; besteak beste, aipagarriak dira “berdintasuna eta bereizkeriarik eza” helburu nagusi gisa; “laguntza gehigarria”, hau da, baliabide materialen bidez lortutako erabilerraztasuna osatu edo inplementatzen duen langileen laguntza; eta “bidezko ahalegina eta kostua”, jasotako neurriak zenbateraino eskatu behar diren orientatzen duen parametro gisa.

      Proiektatutako neurriak laster abiaraz daitezen, herritar guztiek izan dezaten aukera Nafarroako...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR