67/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA 1.1. XEDAPEN OROKORRAK 1.1.2. Foru Dekretuak 67/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena. ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu arauaren aurreko testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Ikuspegi horri jarraikiz, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berriak hezkuntzaren printzipio eta helburuei gehitzen dizkie, besteak beste, haurren eskubideak benetan betetzea Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoaren arabera, hezkuntza inklusioa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioak aplikatzea.

Era berean, testu berriak aldatu egiten du gutxieneko irakaskuntzen oinarrizko edukiei dagozkien eskumenen lehengo banaketa, Estatuaren eta autonomia erkidegoen artekoa. Horrela, Gobernuari dagokio, autonomia erkidegoei Hezkuntzaren Konferentzia Sektorialean kontsulta egin ondoren, curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzea, gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituztenak, helburuen, konpetentzien, edukien eta ebaluazio irizpideen arloan. Era berean, legearen testu berriak modu nabarmenean aldatzen ditu irakaskuntzen antolamendua eta antolaketa, lehen zeuden hiru zikloak berreskuratu eta arloen antolaketa berria ezartzen baitu –ikasleen konpetentzien garapenerako mesedegarri izan dadin–, esparruen arabera antolatzeko bide emanez.

Hezkuntza administrazioek, berriz, legeak ezartzen duen eskumen ikuspegia mantenduz betiere, zeinek bere lurraldeari dagokion curriculuma ezartzeko ardura izanen dute, eta lehen aipatutako oinarrizko alderdiak jasoko dituzte bertan, ikasleentzat funtsezko konpetentzien garapenean oinarritutako prestakuntza integrala bermatzeko.

Lehen Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen martxoaren 1eko 157/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio, lege organikoak berak emandako ardura bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzea foru dekretu honen bidez.

Foru dekretu honek arloen arabera antolatzen du etapa, eta haren helburuak, xedeak eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak ezartzen ditu. Helburu, xede eta printzipio horiek konpetentzietan nola zehaztu jasota dago ikasleen irteera-profilean, Oinarrizko Irakaskuntzaren bukaerakoan, identifikatzen baititu nahitaezko irakaskuntzaren bukaeran ikasleek eskuratu eta garatuta izan beharko dituzten funtsezko konpetentziak, bai eta deskriptore eragileak ere, Lehen Hezkuntza bukatuta espero den jardun-mailari buruzko orientabideak ematen dituztenak. Bestalde, arlo bakoitzerako zehazten dira etapa honetan aurreikusitako konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta ziklo bakoitzerako oinarrizko jakintza gisa adierazten diren edukiak. Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, foru dekretu honetan ezartzen den curriculuma garatu eta osatuko dute.

Irakasleei haien jarduna erraztearren, ikaskuntza egoeraren definizio bat proposatzen da eta hura diseinatzeko orientabideak ematen dira.

Foru dekretu honetan, halaber, beste xedapen batzuk jasotzen dira, etaparen antolamenduari dagozkion funtsezko zenbait alderdiren ingurukoak, hala nola tutoretza, orientazioa, banako desberdintasunetarako arreta, ebaluazioa edo zikloz eta etapaz igotzeko irizpideak.

Ebaluazio diagnostikoei dagokienez, ikastetxeek laugarren mailan ebaluatuko dituzte ikasleek bereganatutako konpetentziak. Ebaluazio horrek informazio, prestakuntza eta orientazio izaera izanen du ikastetxe, ikasle, guraso, legezko tutoreentzat eta, oro har, hezkuntza komunitate osoarentzat.

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Foru dekretu honen xedea da Lehen Hezkuntzaren etapako curriculuma ezartzea, aplikatuko dena Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituztenetan.

2. artikulua. Curriculuma.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculuma da hezkuntzaren jarduna arautzen duten helburuen, konpetentzien (funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak), oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio irizpideen multzoa.

2. Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, foru dekretu honetan ezartzen den Lehen Hezkuntzako curriculuma garatu eta osatuko dute, hala dagokionean, eta curriculumaren zehaztapen hori ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuaren parte izanen da.

3. Hezkuntza Departamentuak lagunduko du curriculuma garatzen, bide emanda eredu irekiak egin daitezen irakaskuntzako programaziorako eta material didaktikoetarako, horien bidez ikasleen eta hezkuntzako langileen beharrei erantzuteko.

3. artikulua. Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira hitz hauek:

  1. Helburuak: ikasleek etapa amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, funtsezko konpetentziak bereganatzearekin lotuta.

  2. Funtsezko konpetentziak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka globalei eta tokikoei aurre egiteko bete beharrekoak. Ikasleen irteera-profilean jasota daude eta Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzkoan, ezarritako funtsezko konpetentziak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzearen emaitza dira.

  3. Funtsezko konpetentzien deskriptore eragileak: erreferentzia esparrua, konpetentzia espezifikoak eta funtsezko konpetentziak lotzen dituena, bide ematen duena konpetentzia espezifikoak ebaluatuta funtsezko konpetentzien bereganatze-maila zehazteko.

  4. Konpetentzia espezifikoak: ikasleek zenbait jarduera edo egoeratan betetzeko gai izan behar duten jardunak, jarduera edo egoera horiei heltzeko beharrezkoak direnean arlo edo esparru bakoitzaren oinarrizko jakintzak. Konpetentzia espezifikoek lotzen dituzte, alde batetik, ikasleen irteera-profila, eta, bestetik, arloen edo esparruen oinarrizko jakintzak eta ebaluazio irizpideak.

  5. Oinarrizko jakintzak: arlo edo esparru bati dagozkion edukiak osatzen dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak, konpetentzia espezifikoak bereganatzeko ikasi beharrekoak.

  6. Metodo pedagogikoak: irakasleek, kontzienteki eta gogoeta baten ondorioz, antolatu eta planifikatzen dituzten estrategiak, prozedurak, teknikak eta ekintzak; elkarren artean koordinatuta, helburu dute ikasleen ikaskuntza bideratzea helburuak eta funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak lortzera.

  7. Ebaluazio irizpideak: erreferenteak dira, eta egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun-mailak adierazten dituzte; egoera edo jarduera horiek lotuta daude, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean, arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoekin.

  8. Ikaskuntza egoerak: ikasleek funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak gauzatzea dakarten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratu eta garatzen laguntzen dutenak.

  9. Ikasleen irteera-profila (aurrerantzean, irteera-profila): tresna bat, zeinetan zehazten baitira Espainiako hezkuntza sistemak Oinarrizko Hezkuntzari dagokionez dituen printzipioak eta xedeak. Irteera-profilak identifikatu eta definitzen ditu, XXI. mendeko erronkei dagokienez, ikasleek Oinarrizko Hezkuntzaren etaparen bukaeran garatuta izan behar dituzten funtsezko konpetentziak, eta Lehen Hezkuntzaren bukaeran espero den jardun-mailari buruzko orientabideak sartzen ditu.

    4. artikulua. Lehen Hezkuntza hezkuntza sistemaren barruan.

    1. Lehen Hezkuntzako etapa Oinarrizko Hezkuntzaren parte da eta hiru ziklo ditu, eta horietako bakoitzak bi ikasmaila; ikasmaila horiek ikasleak sei urte betetzen dituen urte naturaletik hamabi urte betetzen dituen urte naturalera bitarte eginen dira, oro har.

    2. Lehen Hezkuntza arloen arabera antolatuta dago; arloek izaera global eta bateratzailea dute eta ikasleen konpetentziak garatzera bideratuta daude. Arlo horiek esparrutan antolatzen ahalko dira.

    5. artikulua. Xedeak.

    Lehen Hezkuntzaren xedea da ikasleek ahozko adierazpena eta ulermena, irakurketa, idazketa, kalkulua, trebetasun logikoak eta matematikoak ikastea eta kulturaren oinarrizko ideiak, bizikidetzako aztura, estudiatzeko eta lan egiteko aztura, zentzu artistikoa, sormena eta afektibitatea bereganatzea. Horrela, ikasleen nortasuna garatzen lagunduko duen prestakuntza integrala bermatuko da eta haiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza aprobetxamenduarekin ikasteko prestatuko dira.

    6. artikulua. Printzipio orokorrak.

    1. Lehen Hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da.

    2. Etapa honetan, hezkuntza ekintzaren ahalegina bideratuko da ikasleen esperientziak eta ikaskuntzak bateratzera, ikuspegi global batetik, eta bakoitzaren lan erritmo eta ezaugarrietara egokituko da; garrantzia emanen zaio, bereziki, ikasleen prestakuntza integralerako mesedegarriak izanen diren azturak, jarrerak eta balioak garatzeari.

    3. Horretarako hartzen diren neurriak, antolaketakoak, metodologikoak nahiz curriculumekoak, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioek zuzenduko dituzte; inplikazio moduak (zergatik ikasi), irudikapen bideak (zer ikasi) eta ekintza eta adierazpen bideak (nola ikasi).

    7. artikulua. Printzipio pedagogikoak.

    1. Etapa honetan...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR