61/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

112. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 7a 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA 1.1. XEDAPEN OROKORRAK 1.1.2. Foru Dekretuak 61/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena. ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Ikuspegi horri jarraikiz, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren atariko tituluak hezkuntzaren printzipio eta helburuen artean aipatzen du, besteak beste, haurren eskubideak benetan betetzea Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoaren arabera, hezkuntza inklusioa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioak aplikatzea.

Haur Hezkuntzari dagokionez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berriak etapako antolamenduari eta printzipio pedagogikoei gehitzen die haurtzaroaren kultura espezifikoarekiko errespetua, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eta haren Batzordearen Ohar Orokorretan zehazten dena.

Era berean, aldatu egiten da gutxieneko irakaskuntzen oinarrizko edukiei dagozkien eskumenen lehengo banaketa, Estatuaren eta autonomia erkidegoen artekoa. Horrela, Gobernuari dagokio, autonomia erkidegoei kontsulta egin ondoren, curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzea, gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituztenak, helburuen, konpetentzien, edukien eta ebaluazio irizpideen arloan. Hezkuntza administrazioak, berriz, beren lurralde esparrurako curriculuma ezartzeaz arduratuko dira, horren barnean sartuta daudela arestian aipatutako oinarrizko alderdiak.

Haur Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzea foru dekretu honen bidez.

Foru dekretu honetan zehazten dira etapa osoaren helburu, xede eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak, bai eta funtsezko konpetentziak ere, eskolatzearen hasieratik bertatik garatzen hasi behar direnak. Horrez gain, arlo bakoitzerako jasotzen dira etaparako aurreikusten diren konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta ziklo bakoitzean ezarritako oinarrizko jakintzak.

Bestalde, soilik orientabide gisa eta hezkuntzako langileen lana erraztearren, ikaskuntza egoeraren definizio bat proposatzen da eta haren diseinurako printzipio batzuk ezartzen dira.

Azkenik, arau honetan jasotzen dira beste xedapen batzuk ere, etaparen antolamenduarekin lotutako funtsezko zenbait alderdi jorratzen dituztenak, hala nola ebaluazioa, banako desberdintasunak eta ikastetxeen autonomia.

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren 1ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Foru dekretu honen xedea da Haur Hezkuntzaren etapako curriculuma ezartzea, eta aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta Haur Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituztenetan.

2. artikulua. Curriculuma.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculuma da hezkuntzaren jarduna arautzen duten helburuen, konpetentzien (funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak), oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio irizpideen multzoa.

2. Ikastetxeek proposamen pedagogiko bat jasoko dute beren hezkuntza proiektuan, eta bertan, batetik, bi zikloen hezkuntza izaera jasoko da, eta, bestetik, foru dekretu honen eranskinetan ezartzen den curriculuma garatu eta osatuko dute, haur bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara eta beren hezkuntza eta gizarte errealitatera egokituta.

3. Irakasleek eta haurrak artatzen dituzten gainerako profesionalek beren hezkuntza jarduna moldatuko dute egokitzapen horien arabera, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalean oinarrituz eta kontuan hartuz bai hezkuntza etapa honen ezaugarriak bai beren ikasleen banako nahiz taldeko beharrak.

4. Hezkuntza Departamentuak lagunduko du curriculuma garatzen proposamen pedagogiko eta material didaktikoetarako eredu irekiak egin daitezen sustatuz, horien bidez ikasleen eta hezkuntzako langileen behar desberdinei erantzuteko.

3. artikulua. Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira hitz hauek:

  1. Helburuak: ikasleek etapa amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, funtsezko konpetentziak bereganatzearekin lotuta.

  2. Funtsezko konpetentziak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka globalei eta tokikoei aurre egiteko bete beharrekoak. Europar Batasuneko Kontseiluak 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzkoan, ezarritako funtsezko konpetentziak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzearen emaitza dira.

  3. Konpetentzia espezifikoak: zenbait jarduera edo egoeratan, zeinetan lanketarako beharrezkoak baitira arlo bakoitzaren oinarrizko jakintzak, ikasleek bete behar dituzten jardunak. Konpetentzia espezifikoak lotura elementu bat dira, funtsezko konpetentzien eta arloetako oinarrizko jakintza eta ebaluazio irizpideen artekoa.

  4. Oinarrizko jakintzak: arlo bateko berezko edukiak osatzen dituzten ezagutzak, abileziak eta jarrerak, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko ikasi beharrekoak.

  5. Metodo pedagogikoak: irakasleek, kontzienteki eta gogoeta baten ondorioz, antolatu eta planifikatzen dituzten estrategiak, prozedurak, teknikak eta ekintzak; elkarren artean koordinatuta, helburu dute ikasleen ikaskuntza bideratzea helburuak eta funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak lortzera.

  6. Ebaluazio irizpideak: erreferenteak dira, eta egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun-mailak adierazten dituzte; egoera edo jarduera horiek lotuta daude, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean, arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoekin.

  7. Ikaskuntza egoerak: ikasleek funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak gauzatzea dakarten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratu eta garatzen laguntzen dutenak.

    4. artikulua. Haur Hezkuntza hezkuntza sistemaren esparruan.

    1. Haur Hezkuntza berezko nortasuna duen hezkuntza etapa bat da, haurrak jaiotzetik sei urte betetzen dituzten urte naturalera arte artatzen dituena.

    2. Etapa honek bi ziklo ditu, eta ziklo bakoitzak hiru ikasmaila. Lehen zikloa 0 urtetik ikasleek hiru urte betetzen dituzten urte naturalera artekoa da, eta bigarrena, berriz, hiru urte betetzen dituzten urte naturaletik sei urte betetzen dituzten urte naturalera arte.

    3. Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen ahalko da ziklo osoa hartzen duten ikastetxeetan edo, gutxienez, zikloko ikasmaila oso bat ematen dutenetan.

    5. artikulua. Xedeak.

    Haur Hezkuntzaren xedea da ikasleen garapen integral eta harmoniatsuan laguntzea alderdi guztietan –fisikoa, emozionala, sexuala, afektiboa, soziala, kognitiboa eta artistikoa–, autonomia pertsonala indartu eta norberaren irudi positiboa eta orekatua modu progresiboan sortzea eta elkarbizitzarako balio zibikoen araberako hezkuntza ematea.

    6. artikulua. Printzipio orokorrak.

    1. Haur Hezkuntza borondatezkoa da.

    2. Hezkuntza etapa honen bigarren zikloa doakoa izanen da. Otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Gobernuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat, hezkuntza administrazioekin elkarlanean ezarri beharko duen planaren esparruan, lehen zikloa modu progresiboan ezartzera eginen da, behar adinako eskaintza publikoarekin eta doakotasuna zabalduz, lehentasuna izanen dutelarik pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden ikasleak sartzeak, batetik, eta eskolatze tasa apaleko egoerei aurre egiteak, bestetik.

    3. Ekitatearen eta inklusioaren printzipioak bermatzeko helburuarekin, Haur Hezkuntzaren programazioan, kudeaketan eta garapenean aintzat hartuko dira arrazoi kultural, sozial eta ekonomikoek eragindako desberdintasunek ikaskuntzan eta haurren eboluzioan dituzten ondorioen konpentsazioa eta hezkuntza laguntzako berariazko premien detekzio eta arreta goiztiarrak.

    4. Aipatutako helburu horrekin, antolaketaren, metodologiaren nahiz curriculumaren arloan hartzen diren neurriak Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioek zuzenduko dituzte: inplikazio moduak (ikaskuntzaren zergatia), irudikapen bideak (ikaskuntzaren zer) eta ekintza eta adierazpen bideak (ikaskuntzaren nola).

    7. artikulua. Printzipio pedagogikoak.

    1. Etapa honetan, hezkuntza jardunaren helburua izanen da modu progresiboan garatu eta finkatzea haur bakoitzaren garapen handiena lortzen lagunduko duten oinarriak.

    2. Ikasteko gozamena sortzera bideratuko da jardun hori, eta oinarrituta egonen da ikaskuntza-esperientzia adierazgarri, globalizatu eta emozionalki positiboetan, bai eta esperimentazioan eta jolasean ere. Horrez gain, goxotasun eta konfiantza giroan gauzatu beharko da, ikaslearen autoestimua eta gizarteratzea sustatzeko eta atxikimendu segurua ezartzeko. Orobat, zainduko da lehen kontaktutik bermaturik egon dadin trantsizio positiboa familia ingurunetik eskola ingurunera, bai eta zikloen eta etapen arteko jarraitutasuna ere. Hezkuntzako jardunaren ardatz...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR