51/2018 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrenden kudeaketa, gaur egun, apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz arautzen da. Foru agindu horren bi artikulu baliorik gabe utzi ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 5ean emandako 337/2017 Epaiak.

Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 29an emandako 55/2016 Foru Aginduak maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Agindua ordeztu egin zuen, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi baitziren.

Aurreko araudiarekin alderatuta apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduak sartutako aldaketa nagusia ordura arte lehentasunezko zerrenda deiturikoa kentzea izan zen, hau da, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda: oposizialdia gainditu arren, kasuan kasuko deialdiko hautapen prozesua gainditzen ez zuten pertsonek osatzen zutena.

Zerrenda hori kentzearen aurka errekurtsoa jarri zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta, horren ondorioz, lehen aipatutako uztailaren 5eko 337/2017 Epaia etorri da.

Epaiak oroitarazten du unibertsitatetik kanpoko irakasleen araubide juridikoa abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren V. tituluan jasota dagoela (legegintzako foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zen). Hala ere, horrelako langileak Administrazioan sartzeko arauak arlo horren gainean estatuan indarra duen araudian jasota daude, zehazki, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan, izan ere, errege dekretu horren bidez onetsi zen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatutako irakasle kidegoetan sartu eta bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua eta arautu egin zen lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean agertzen den sarrera-araubide iragankorra.

Izangaiak administrazio araubidean kontratatzeko zerrenden kudeaketari dagokionez, Epaiak garbi uzten du unibertsitatetik kanpoko irakasleei irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua aplikatu behar zaiela, horren bidez ezarri baitziren, orokorrean, Nafarroako Administrazio Publikoetan kontratazioak administrazio araubidean egiteko arauak, betiere langile horien berariazko ezaugarriak kontuan harturik.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak berak, 68/2009 Foru Dekretuaren jatorria denak, ezartzen du kontratatu beharreko langileen hautapena deialdi publikoaren bidez eginen dela, merezimenduetan eta gaitasunean oinarrituriko proben bidez. Aurreikuspen hori funtzio publikoan berdintasun baldintzetan sartzeko printzipioekin lotzen da, Konstituzioaren 23. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuz.

Epaiak oroitarazten du, halaber, lanposturik gabeko izangai gaindituen lehentasunezko zerrendaren sistema ezarri eta erabili izan dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste sektore batzuetan, eta uste du sistema hori irakasleen esparrutik kentzea, apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduak erabaki bezala, ez dagoela ez arrazoitua ez justifikatua. Horrenbestez, irizten du lanposturik gabeko izangai gaindituen lehentasunezko zerrenda kentzea funtzio publikoan berdintasun baldintzetan sartzeko printzipio konstituzionalaren kontrakoa dela.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuak ezinbestekotzat jotzen du irakasle lanpostuetan aldi baterako kontratuekin aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko sistema aldatzea eta lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda berreskuratzea.

Bestalde, aipatutako araudi guztia irakasleen esparruan aplikatzeak berekin dakar, berez, sartzeko hautapen prozeduren eta aldi baterako kontratazioetarako zerrenden arteko loturari eustea. Hortaz, zerrenda horiek kidegoen, espezialitateen eta hizkuntzen arabera bereizi behar dira, abenduaren 27ko 17/2017 Foru Legean bereizketa bera egin baita irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko prozeduretarako.

Aldaketa horiek egin behar direnez, bidezkotzat jo da apirilaren 29ko 55/2016 Foru Agindu osoa berrikustea, beharrezkoa delako indarrean egon den bitartean atzeman diren arazoak eta gabeziak zuzentzea.

Araugintzari lotutako teknika dela eta, egokia da foru agindu berri bat onestea, nahiz eta foru agindu berriaren zati bat apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduarekin bat datorren. Hori hala egiten da saihesteko, alde batetik, maila bereko arau bat baino gehiago indarrean egotea aldi berean, eta bestetik, etengabeko aldaketen ondorioz testu juridikoetan inkoherentziak eta doikuntza faltak izatea.

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda berreskuratzeaz gainera, foru agindu honek aurreko araudiarekin alderatuta dakartzan berrikuntza nagusiak alderdi hauen gainekoak dira: berariazko zerrendak; kontratazio bereziak; lanpostuak betetzeko zailtasunak dituzten ikastetxeak; gaitasun faltaren ondorioz edo lanpostuari ez egokitzearen ondorioz kontratuak bertan behera uzteko prozedura; prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ez edukitzeagatik zerrendetatik baztertuak izan ziren pertsonekin sortutako arazoa. Horiez gainera, beste alderdi zehatzago batzuk moldatu dira testuan, han-hemenka, sindikatuek eta herritarrek Nafarroako Gobernuaren Gardentasunaren Atariaren bidez egindako ekarpenen ondorioz.

Berariazko zerrendei dagokienez, ikusi da apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduan ezarritako sistema, aldian behin sartzeko zerrendetan oinarritua, ez dela praktikoa izan, eta izugarri zaila izan dela hura kudeatzea hezkuntza Departamentuak dituen giza eta gauzazko baliabideekin.

Egia esatera, zerrenda horietan izena emateko epea etenik gabe irekita egoteak gainkarga ekarri die Departamentuko giza baliabideei; baina, hala ere, horrek ez du ekarri zerrendak eraginkortasun handiagoz kudeatzea. Aitzitik, gainkarga hori etorri da kontratatzeko nahikoa jende daukaten espezialitateetako zerrendak kudeatu beharragatik, eta ez dira desagertu Administrazioak dituen zailtasunak izangai gutxiago dituzten espezialitateetarako irakasleak aurkitzeko. Proposatzen den sistema berriak ezartzen du zerrendak hogei egun naturaleko epean egonen direla irekita gehienez. Horrek bermatzen du, batetik, izangaiek zerrendetan izena emateko duten eskubidea, eta bestetik, departamentua gai izanen dela deialdien ondoriozko dokumentazioa kudeatzeko. Dena dela, zerrendak urtean bitan gutxienez irekitzea aurreikusten da, ikasturte bakoitzean espezialitate guztiak irekitzea bermatuta.

Kontratazio bereziak ere askoz ere zorrotzago eta zehatzago arautzen dira apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduarekin alderatuta. Egia bada ere ezinbestekoa dela kontratazio berezien figurari eustea kontratazio zerrendetan inor aurkitu ezin den ohiz kanpoko egoerei erantzuteko, arau berrian muga batzuk ezartzen dira, bai Administrazioarentzat bai bide hori erabiliz sartzen diren pertsonentzat. Prozedura hau oso egoera bakanetan erabiltzen da, baina, hala ere, araudi objektibo eta bermatzailea behar du.

Gaitasun faltaren ondorioz edo lanpostuari ez egokitzearen ondorioz gerora sortutako arrazoiengatik kontratuak bertan behera uzteko prozedura sinpleegia zen apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduan. Orain proposatzen den araudian, langileari berme guztiak eskainiko dizkion prozedura ezarri nahi da, eta sindikatuen ordezkariei parte hartzeko aukera emanen zaie prozeduraren fase batzuetan. Prozeduraren osagarri, langilearen lan osasunaren gaineko erreferentzia bat jaso da, gaitasun falta hori langilearen osasun arazo baten ondorioz izan daitekeela antzematen den kasuen espedienteetan, langilea Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzura bideratu ahal izateko, behar diren ondorioetarako.

Aipamen berezia merezi du Hezkuntza Departamentuak azken urte honetan aurre egin behar izan dion arazo batek: prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ez izateagatik kontratazio zerrendetatik baztertu ziren pertsonen egoera (apirilaren 12ko 1081/2017 Ebazpena eta ekainaren 20ko 1772/2017 Ebazpena). Foru agindu honek indarra hartzen duen egunean, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ez izateagatik kontratazio zerrendetatik baztertu ziren pertsonek baztertu zireneko zerrendetan dagokien tokia berreskuratuko dute, baina ez dira eskuragai egonen –edo horrekin parekatutako egoera batera igaroko dira– harik eta prestakuntza hori badutela frogatu arte. Konponbide horrekin erantzuna eman nahi zaie ukitutako pertsonen erreklamazioei, baita beste erakunde batzuek egindako gomendioei ere, Nafarroako Arartekoak egindakoari, esate baterako, iradoki baitzuen pertsona horiek berriz zerrendetan sar litezkeela harik eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa frogatu arte. Pertsona horiek behar den prestakuntza daukatela frogatzeko epea etenik gabe egonen da irekita foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

Azkenik, foru aginduaren alderdi batzuk eguneratzeko bidea malgutu egin da (esate baterako, lanpostuak betetzeko zailtasunak dituzten ikastetxeen kalifikazioa edo I. eranskineko titulazioen zerrenda), eta gaitasuna eman zaio Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari eguneratze horiek egiteko. Gainera, behar diren xedapen gehigarriak eta iragankorrak gehitu dira, foru agindu hau ahalik eta zuzenen aplikatu ahal izateko.

Foru agindu hau unibertsitatetik kanpoko irakasleen Mahai Sektorialeko sindikatuekin negoziatu da, baina ez zen akordiorik lortu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

  1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

  2. Foru agindu honen xedea da, alde batetik, irakasle lanpostuak aldi baterako kontratazioaren bitartez betetzeko prozedura arautzea, eta bestetik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle lanpostuetan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko izangaien zerrendak kudeatu eta arautzea.

  3. Hemen biltzen den araudiari jarraikiz aldi...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR