34E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten baita 2023ko denboraldirako.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

47. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 7a 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA 1.1. XEDAPEN OROKORRAK 1.1.3. Foru Aginduak 34E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten baita 2023ko denboraldirako. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko arrantza-baliabideen aprobetxamendua babestu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea, jasangarritasun irizpideen arabera.

Ildo horretan, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 70. artikuluak ezartzen duenez, arrantza-aprobetxamendua antolatzeko, ingurumen gaietako eskumenak dauzkan departamentuko titularrak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

Foru agindu honek, beraz, Nafarroan kirol arrantza garatzeko behar diren zehaztapen eta arauak jasotzen ditu, basa populazioak kontserbatzearekin bateragarri eginez eta baliabidearen jasangarritasuna bermatuz.

Uretako faunaren habitata osatzen duen ibai-ingurunea tentsio handien eraginpean dago aldaketa globalaren ondorioz, eta horrek baliabide horien aprobetxamendua etengabe egokitzera behartzen du. Aldi berean, habitataren baldintzak hobetzeko ahalegin handia eskatzen du, ibaiertzeko formazioak berreskuratuz, arrabalekuak babestuz eta faunaren mugimendu askerako oztopoak kenduz, zeinak baitira, besteak beste, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak duela urte batzuetatik garatzen dituen ekintzak.

Nafarroan, espeziea presente dagoen Europako beste eskualde batzuetan bezala, izokin arrunta kudeatzeko plan bat dago, eta plan hori betetzen ari da. Izokinaren populazio basatia leheneratzea du helburu, denboran zehar bere buruari eutsi ahal izateko, eta izokinaren kirol-arrantza arautzea halako moduan non ez duen helburu hori oztopatzen. Espeziearen monitorizazioa, habitatari eta genetikari buruzko azterlanak, populazioa indartzea eta iragazkortze-ekintzak plan honetan sartzen dira.

Arrain-haztegian arrainkumeak ekoizteko lanez eta urteko birpopulatzeaz gain, aspalditik ari gara espeziearentzat erabilgarria den habitata hobetzen, batez ere izokina zailtasun handirik gabe edo arazo gutxirekin irits daitekeen ibai-tartea handituz. Hori lortzeko, batez ere oztopoak eraitsi behar dira eta, hori ezinezkoa denean, arrainentzako eskailerak eta pasabideak eraiki. Garrantzitsua da azpimarratzea lan honek, batez ere izokinak eragindakoa, ondorioak dituela berarekin bizi diren gainerako arrain-espezieengan ere, eta horrek ibai-habitataren hobekuntza globala dakar.

Lan horiek gorabehera, azken urteetan izokinaren egoerak okerrera egin duela ikusi da, hein batean bere banaketa-eremuaren baldintza klimatiko eta hidrologiko txarrek eraginda. Egoera hori espezieak Atlantikoan presentzia duen hegoaldeko eremu osoan gertatzen da.

2014tik aurrera, izokinaren populazioak behera egin zuen, eta egoera hori areagotu egin da 2018tik aurrera, eta, bereziki, azken bi urteetan; izan ere, igotzen diren izokinen kopurua modu kezkagarrian murriztu da, euri gutxi eta ohiz kanpoko tenperatura altuak izan ditugularik.

Egoera horrek arriskuan jar dezake espeziearen iraupena, eta salbuespenezko neurriak hartzera behartzen du. Horregatik, arrain-haztegian arrainkumeak ekoizten jarraitzeaz, iragazkortze-lanez eta izokina kudeatzeko planean jasotzen diren gainerako neurriez gain, lantalde bat sortzeko lan egiten ari da, LIFE Kantauribai proiektuaren barruan, konponbideak lantzeko inplikatutako eragileekin batera, bai Nafarroakoekin eta Gipuzkoakoekin, bai Frantziakoekin. Horrekin batera, nazioartekoa den tartean, Itsas Komandantziaren eskumenekoan, monitorizatzeaz eta konponbide bateratuak bilatzeaz ere arduratzen da. Gainera, hasi berri den LIFE Kantauribai proiektuak bultzada handia eman behar dio espezie horren habitataren hobekuntzari, batez ere oztopoak kenduz eta beste batzuk iragazkortuz, aprobetxamendu hidroelektrikoen inpaktuak minimizatuz, baita aurreikusten diren ibaiertzeko baso-formazioak hobetuz ere.

Horretaz gain, espezie horren egoeraren larriak eta Bidasoan izokinak irautea arriskuan jartzen duten ale urriek izokinaren arrantzaren geldialdi biologikoa egitera behartzen dute 2023ko denboraldi honetan. Horregatik, espezie hori ez da sartzen arrantza-debekualdien agindu honetan.

Hori horrela, Arrantzako Aholku Batzordearen eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenak ikusirik, eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 70.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2023ko denboraldirako (eranskinean jaso da).

2. Foru agindu hau eta eranskina (debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2023ko denboraldirako) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko otsailaren 14an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

ARRANTZAKO DEBEKUALDIEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRA 2023. URTERAKO

  1. KAPITULUA

    Xedapen orokorrak

    1. artikulua. Xedea eta helburua.

    Foru agindu honen xedea da Nafarroan, 2023an, arrantzarako aprobetxamendugai izaten ahal diren espezieak ezartzea, bai eta eremu, garai, egun eta aldi baliodunak ere, espeziearen edo modalitatearen arabera eta aprobetxamendugai diren espezieak babesteko muga orokorren arabera, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurrien arabera ere.

    Era berean, foru agindu honen helburua da espezie exotiko inbaditzaileen populazioak eraginkorki kontrolatzeko neurriak hartzea, eta horretarako, espezie horiek harrapatzea eta, kasua bada, harrapatutako aleak deuseztatzea.

    2. artikulua. Arrantza jarduera Nafarroan 2023ko denboraldian.

    1. Arrantza jarduera Nafarroan, 2023ko denboraldian, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzkoa, haren erregelamendua eta foru agindu hau.

    2. Beste lurralderen batekin muga egiten duten ibai tarteetan, arrantzaleak Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden arauak eta baldintzak bete beharko ditu, arrantza Nafarroan egiten bada.

    3. artikulua. Uren zonifikazioa, arrantzaren eta ur bilduen ondorioetarako.

    1. Xedapen honen ondorioetarako, eta Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat, Nafarroako ibaien tarteak eta ur-masak honela zonifikatzen dira: salmonidoen eremua eta ziprinidoen eremua.

    2. Ur bilduetako arrantzari dagokionez, zer ibilgutan isurtzen duten ura, haien arrain-eskualdeko araudi bera bete beharko da. Arro endorreikoen edo itxien kasuan, ibilgu hurbilenerako aurreikusita dagoen araudi bera izanen du. Esako urtegia ziprinidoen eremutzat jotzen da.

    Urtegien, ureztatzeko idoien eta antzekoen kasuan, bildutako uren inguruko perimetrora sartzea ur horien titularrari dagokion eskubidea da, eta, horregatik, bere esku du sartzeko baimena edo debekua ematea. Arrantzarako eskubidea, beraz, jendearentzako sarrera-eskubidearen ondotik helduko da.

    4. artikulua. Arrantza baimenak.

    Arrantza baimena izateaz gainera, baimendutako edozein espezie harrapatzeko salmonidoen goiko eremuan, izokin-tartean eta ziprinidoen eremuko arrantzarako kirol guneetan, beharrezkoa da eguneko baimen berezia izatea, pertsonala eta besterenezina, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emana.

    1. Salmonidoen goiko eremurako baimenak:

      16 urtetik beherakoek ez dute baimen hori beharko arrantzan egiteko arro guztietako hirigunearen barreneko ibai tarteetan. Salbuespen hori aplikatuko da soilik salmonidoen goiko eremurako arrantza-denboraldian eta arraina harrapatu eta askatzeko arrantza motan.

      Bi baimen izanen dira: arraina harrapatu eta eramatekoa, edo arraina harrapatu eta askatzekoa. Arraina harrapatu eta askatzeko modalitateko baimena eskatuz gero, baimenaren titularra modu horretan baizik ezin izanen da aritu arrantzan. Beste baimena duena, berriz, bi moduetan aritzen ahalko da arrantzan, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako betebeharrak errespetatuz, baina ezin izanen da arraina harrapatu eta askatzeko arrantza modalitateko tarte batean sartu arraina harrapatu eta eramateko arrantza modalitateko baimenarekin.

      Hauexek dira arrantza arro bakoitzeko emanen den gehieneko baimen kopurua:

      –Baztan-Bidasoa: 9.455 baimen.

      –Oria-Urumea: 4.667 baimen.

      Honako arro hauetan, harrapatu eta askatzeko modalitaterako bakarrik emanen dira baimenak (salbu amuarrainen arrantza barrutietako zati batzuetan).

      –Ega-Urederra: 467 baimen.

      Zudairiko barrutia: 260 baimen. –Arakil-Larraun: 882 baimen.

      –Arga-Ultzama: 1.115 baimen.

      Eugiko barrutia: 441 baimen. –Irati-Erro: 361 baimen.

    2. Izokin-tarterako baimenak:

      Izokin-tartean debekua egonen da 2023ko denboraldian.

    3. Baimenak, ziprinidoen eremuko arrantzarako kirol guneetarako:

      Arrantzaleko eta urteko ematen diren baimenek ez dute mugarik izanen urteko. Erabili aurretik gordetzen ahal den baimen kopurua, gehienez, 5ekoa izanen da.

      Aurretik ezarritako akordioen arabera, kirol guneen mantentze-lanez arduratzen diren erakundeek lehentasunez eskatzen ahalko dituzte gune horretako zenbait postu.

      Postu bakoitzean aritzeko baimena daukan titularraz gain (edo bi titular, baldin eta postua partekatzen badute), beste pertsona batzuk ere aritzen ahalko dira arrantzan postu horretan baldin eta baimenen titularrak han badaude eta horrekin konforme badaude.

      5. artikulua. Arrantzatzen ahal diren espezieak.

      1. 2023ko denboraldian, arrainen espezie hauek arrantzatzen ahalko dira:

    4. Autoktonoak edo bertakoak:

      –Graellsko barboa (Luciobarbus graellsii).

      –Txipa edo ezkailua (Phoxinus bigerri).

      –Zarboa (Gobio lozanoi).

      –Tenka (Tinca tinca).

      –Amuarrain arrunta (Salmo trutta).

    5. Exotikoak:

      –Zamo txikiak (Carassius auratus eta beste Carassius batzuk).

      2. Horretarako baldintzak betetzen badira, eta foru agindu honetan adierazitako zonetan...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR