3/2015 FORU LEGEA, otsailaren 2koa, Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, EZGAITASUNA DUTEN PERTSONAK, LAGUNTZA-TXAKURREKIN DAUDENEAN, GUNE IREKIETAN ETA MUGATUTAKO BESTE GUNE BATZUETAN SARTU, IBILI ETA EGOTEKO ASKATASUNA ARAUTZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

I

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 17. zenbakiak gizarte-laguntzaren arloko eskumen osoa ematen dio Nafarroako Foru Komunitateari. Gizarte-laguntzaren esparruan sartzen dira beharrezkoak diren ekintza publikoak, gizarteratzeko politika baten oinarriak eta mugigarritasuna murriztua duten eta beste muga batzuk dauzkaten pertsonentzako irisgarritasun baldintzak hobetzeko politika baten oinarriak ezartzekoak.

Nafarroako Foru Komunitateak, dagoeneko, zenbait arau emanak ditu oztopo fisiko eta zentzumenezkoak kentzearen arloan, uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legetik hasita (martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legeaz aldatu zen foru lege hori). Arau hori, gaur egun, Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Lege indardunak ordeztu du, zeina egin baitzen Ezgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna, diskriminazio-eza eta irisgarritasun unibertsala lortzeko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen printzipioen argitan.

Aipatutako azken foru lege horretako zioen azalpenak dioen bezala, ezgaitasunen bat duten pertsonek talde heterogeneo bat osatzen dute, baina horiek guztiek komunean dute, neurri batean edo bestean, berme osagarriak behar dituztela eskubide guztiak baliatuz bizi ahal izateko edota gainerako herritarren baldintza beretan parte hartu ahal izateko bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalean. Eskubideen berdintasun hori ez da erabatekoa oraindik, eta horrek eskatzen du erakundeak gehiago ahalegindu daitezela berdintasun hori lortze aldera, zeren eta, ezgaitasunen bat duen pertsona batek jasan behar izaten dituen desabantailen jatorria pertsona horrek dituen zailtasunetan dagoen arren, desabantaila horiek areagotu egiten baitira eguneroko bizimoduan herritar horiei bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalean parte hartzea zailtzen dieten oztopo eta baldintza murriztaileekin, gure bizimoduko gisa guztietako baldintzak ezgaitasunik ez duten pertsonentzat pentsatuta eta diseinatuta baitaude.

II

Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak ezartzen du espainiarrak legearen aurrean berdinak izatearen printzipioa, eta debeku dela inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta. Era berean, 9.2 artikuluak ezartzen du botere publikoei dagokiela inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere. Azkenik, 49. artikuluak botere publikoentzako agindu bat jasotzen du, ezgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko politika bat egin dezaten, haiei behar duten laguntza espezializatua emate aldera, horren bidez Konstituzioan bertan aitortuta dituzten eskubideak lor ditzaten.

Konstituzio-xedapen horien indarrez, berriki onetsi da, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina. Arau horrek batean bildu eta berrezarri ditu Ezgaitasuna duten Pertsonen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legea, Ezgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna, diskriminazio-eza eta irisgarritasun unibertsala lortzeko abenduaren 2ko 51/2003 Legea eta Ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunaren, diskriminazio-ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren alorreko arau-hausteen eta zigorren araubidea ezartzen duen abenduaren 26ko 49/2007 Legea. Lege horiek guztiak araudiaren esparruan iraultza bat izan ziren ezgaitasuna duten pertsonak bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean guztiz integratzea lortzeko. Testu bategin berriaren bidez, berriz, bete egiten da. Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko itunaren arabera araudia egokitzeko abuztuaren 1eko 26/2001 Legearen azken xedapenetako bigarrenean bildutako agindua, zeren eta guztiz berresten baititu bai eskubide horiek, bai botere publikoek ezgaitasuna duten pertsonak beren eskubideez egiazki balia ahal daitezen bermatzeko daukaten betebeharra ere, Konstituzioaren 9.2 artikuluan xedatutakoaren ildo beretik.

III

Nazioarteko arau-esparruan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, Nazio Batuen 183. Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean aldarrikatutakoak, 1. artikuluan ezartzen du gizon-emakume guztiak aske jaiotzen direla eta duintasun eta eskubide berberak dituztela. 2. artikuluan gehitzen du gizaki orori dagozkiola aldarrikapenean bertan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez dela inor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako gorabeherengatik. 6. artikuluan ezartzen du gizon-emakume guztiak berdinak direla legearen aurrean bereizkeriarik gabe, eta denek dutela legezko eta Adierazpen Unibertsala hausten duen edozein diskriminazioaren aurkako babes bera izateko eskubidea.

Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko 26. artikuluak (New Yorken egin zen 1996ko abenduaren 19an, eta Espainiako Estatuak berretsi zuen 1997ko apirilaren 13ko Tresnaren bidez) ezartzen du pertsona guztiak berdinak direla legearen aurrean eta eskubidea dutela legearen babes bera izateko, inolako diskriminaziorik gabe; eta gehitzen du legeak diskriminazio oro debekatuko duela, eta pertsona guztiei babes bera eta eragingarria bermatuko diela, edozein diskriminazioren aurka, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein gizarte-ezaugarri dela bide.

Zentzu berean, Giza Eskubideei eta Oinarrizko Askatasunei buruzko Europako Hitzarmenaren 14. artikuluan -Erroman egin zen 1950eko azaroaren 4an eta Espainiako Estatuan 1979ko urriaren 4tik dago indarrean-, “diskriminazioaren debekua” izenburupean, ezartzen da hitzarmenean aitortutako eskubide eta askatasunen gozamena ziurtatu behar dela, inolako bereizketarik egin gabe, eta, batik bat, sexu, arraza, larru-kolore, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo bestelakoak, jatorri nazional edo sozial, gutxiengo nazional bateko kidetasun, aberastasun, jaiotza edo beste edozein egoeraren ondoriozko bereizketarik egin gabe. Berrikiago, Hitzarmeneko 12. Protokolo Gehigarriko 1. artikuluak -Espainiako Estatuan 2008ko ekainaren 1etik dago indarrean-, “diskriminazioaren debekua” izenburu beraren pean, ezartzen du legez ezarritako eskubide ororen baliatzea inongo bereizketarik gabe bermatu beharra dagoela, eta, batik bat, ezin direla bereizketa horretarako arrazoi izan sexua, arraza, larru-kolorea, hizkuntza, erlijioa, iritzi politiko edo bestelakoak, jatorri nazionala edo soziala, gutxiengo nazional bateko kide izatea, aberastasuna, jaiotza nahiz beste edozein egoera. Eta gehitzen du inongo agintaritza publikok ezin duela inor diskriminatu; bereziki, diskriminazio hori aipatutako arrazoiengatik justifikatu nahi badu.

Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak -New Yorken egin zen 2006ko abenduaren 13an, Espainiako Estatuak 2007ko martxoaren 30ean sinatu zuen eta 2007ko azaroaren 23ko Tresnaren bidez berretsi zen- 1. artikuluan aldarrikatzen du bere xedea dela ezgaitasuna duten pertsona guztiek oso-osoan eta berdintasun-baldintzetan izatea oinarrizko eskubide eta funtsezko askatasun guztiak, eta pertsona horien berezko duintasuna errespeta dadila sustatzea. Arau berak ezgaitasuna duten pertsonen artean sartzen ditu epe luzerako gabezia fisiko, mental nahiz intelektualak edo zentzumenezko gabeziak dituztenak, oztopo desberdinekin topo egitean gabezia horiek eragotzi ahal izanen baitute pertsona horiek gizartean parte hartzea modu osoan eta efektiboan, gainerako pertsonen baldintza berberetan. Konbentzioaren printzipioen barruan, 3. artikuluak jasotzen ditu berezko duintasunaren, norberaren autonomiaren eta pertsonen independentziaren errespetua, diskriminazio-eza, aukeren berdintasuna eta irisgarritasuna. 4. artikuluak, Konbentzioa sinatzen duten estatuen betebehar orokorren artean, ezartzen du ezgaitasuna duten pertsonen giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztietarako eskubide osoa bermatu eta sustatzekoa, ezgaitasuna dela-eta inongo diskriminaziorik egin gabe. Horretarako, Konbentzioan bertan aitortutako eskubideak egingarri egiteko neurri egoki guztiak hartuko dira, legegintzakoak, administratiboak nahiz beste izaera batekoak; egoki diren neurri guztiak hartuko dira, legegintzako neurriak barne, indarreko legeak, erregelamenduak, ohiturak eta eginerak aldatu edo indargabetzeko, halakoek pertsona ezgaituak diskriminatzen dituztenean; eta egoki diren neurri guztiak hartuko dira inork (pertsona, erakunde edo enpresa pribatua izan) bereizkeriarik egin ez dezan ezgaitasun arrazoiengatik.

Konbentzioak, 5. artikuluan, ezgaitasuna duten pertsona guztien berdintasun eta diskriminazio-ezaren printzipioak aitortzen ditu, bai eta pertsona horiek legearen babes eragingarria izateko eskubidea ere, edozein arrazoitan oinarritutako diskriminazioaren aurka.

Ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasunari dagokionez, Konbentzioaren 9. artikuluak estatu sinatzaileak premiatzen ditu behar diren neurriak hartzera ezgaitasuna dutenei ziurtatzeko eskuragarri izatea, gainerako pertsonen baldintza berberetan, ingurune fisikoa, garraioa, informazioa eta komunikazioak, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak, eta jendaurreko edo erabilera...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR