17/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

118. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a - BEREZIA 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA 1.1. XEDAPEN OROKORRAK 1.1.3. Foru Aginduak 17/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza den aldetik azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren indarrez, 2020ko ekainaren 19ko Erabakia hartu zuen, non ezartzen baita Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitzeko, osatzeko edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Eskumen horiek erabiliz, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren hamaikako 65/2021 Autoaren bidez, salbu eta Nafarroako Foru Komunitatean gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea eta terrazen, janaria etxera eramateko zerbitzuen, kanpoko kirol-instalazioen, haurren jolastokien eta funtzio anitzeko aretoetako kanpoko espazioen ordutegia murriztea.

Foru agindu hori maiatzaren 14ko 16/20221 Foru Aginduak aldatu zuen, zeinean ostalaritzarako neurriak malgutzen baitziren, barnealdeak ireki ahal izateko, zenbait aukera eta baldintzarekin.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, maiatzaren 10etik maiatzaren 16rako asteko diagnostiko berrien tasak %35 egin du behera, aste horretako intzidentzia metatua 78 kasukoa baita 100.000 biztanleko. 14 eguneko intzidentziaren eta 7 egunekoaren arteko ratioa 2,53koa da. Hortaz, 14. astetik, hots, Aste Santuaren ondoko astetik (apirilaren 5etik 11ra) sumatzen den beheranzko joera mantendu da. Beheranzko joera hori nabarmenxeagoa da 64 urtetik gorako biztanleen artean.

Gauzak horrela, oinarrizko ugaltze zenbakia 1etik behera dago (0,77).

Infekzioen kopurua nabarmenago jaitsi da adin handieneko taldeen artean, eta horrek iradokitzen du ospitaleen okupazioak hobera eginen duela. Datu horretan, txertaketaren eragin positiboa sumatzen da. Kontrara, Nafarroan aldagai britainiarra nagusitu den heinean, jende gaztearen ospitaleratze kasuen portzentajea handitu egin da. Deigarria da ospitaleratze kasuen adina gero eta txikiagoa dela, bai ospitaleratze arruntetan, bai ZIUetan. Aste honetan, ospitaleratuen %50 60 urtetik beherakoak izan dira batean zein bestean (54 urte eta 60 urte, hurrenez hurren).

Zirkulazioan dagoen birusari dagokionez, aldaera ingelesa da nagusi (kasuen %98), kutsakorragoa izateaz gainera ospitaleratzeko arriskua handiagoa duena. Asteroko txosten epidemiologikoaren grafikoan leku bat gaineratu da, aldaera berrietarako; izan ere, azken asteotan beste aldaera batzuen kasu bakan batzuk atzeman dira, eta susmoa da kasu gutxi horiek ez ote diren oraingoz aztertzen ari diren aldaera kezkagarrietakoak (aldaera hegoafrikarra eta brasildarra). Horrek kezka eta mehatxua handitzen du.

Ministerioak maiatzaren 13an argitaratu zuen txostenean, alerta 3. mailara jaitsi zen (maila altua). Une hauetan, bai intzidentzia maila, bai ZIUko okupazioa jaisten ari dira, eta orain arrisku maila 3-2 da (altua-ertaina); uste izatekoa da datozen egunetan arrisku maila 2ra jaitsiko dela (ertaina).

Biztanleriaren txertaketak aurrera jarraitzen du. 50 eta 59 urteen arteko taldeari hasi zaio txertoa jartzen (1962tik 1970era jaiotakoak), eta 60 urte eta gehiago dituztenak txertatzen jarraitzen dute (1961ean eta lehenago jaiotakoak). Maiatzaren 16an, 80 urte edo gehiago daukatenen taldean, 1000 biztanletatik 1000k daukate dosi bat hartuta, eta 987k pauta osoa. 70 eta 79 urteen arteko taldean, 1000 biztanletatik 976k daukate dosi bat hartuta, eta 669k pauta osoa. 66 eta 69 urte arteko taldean, 1000 biztanleko 916k daukate dosi bat hartuta eta 104k pauta osoa. Zenbaki hauek hola bilakatzen dira adin taldearen arabera: 60 eta 65 urte artean, 871 eta 83; 55 eta 59 urte artean, 549 eta 118. Osasun Ministerioaren datuen arabera, 60 urte baino gehiago daukatenen artean, %95,6k dosi bat hartuta daukate, eta %49,6k txerto osoa hartu dute.

Hori dela-eta, egoki ikusten da neurri murriztaileak arintzen joatea, zuhurki eta hurrenez hurren, egoera uneoro monitorizatzeari uko egin gabe.

Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzaren txostenaren arabera, azken bi asteetan berretsi da kutsatuen kopuruaren beheranzko joera, baita positibotasunarena ere, %5etik behera baitago dagoeneko. Halaber, ospitaleratzeen, ZIUn sartzeen eta larrialdietako arreten kopuruak jaitsi dira.

Jaitsiera erritmo honekin, ospitaleen gaineko eta, batez ere, ZIUen gaineko presioa arrisku ertainera iritsi da, eta uste izatekoa da, COVID-19rako oheen okupazio mailari dagokionez, datozen bi asteetan arrisku maila txikira iritsiko dela.

Ospitaleetako baliabideak erabiltzeko langileen kopurua murriztu egin da, izan ere, profesional kopuru esanguratsu batek jardun behar izan duelako txertaketan, miaketan eta proba diagnostikoak egiten, eta udako oporren programazioarengatik, zeinak modu esanguratsuagoan hasiko baitira ekainaren erdi aldetik aurrera.

Bilakaera hori aldatzen ahal duten hiru faktore daude, ordea. Alde batetik, gero eta herritar gehiago txertatzeak egoera hobetuko du, zenbat txerto gehiago hartu, orduan eta babes handiago hartzen baitu biztanleriak lehen ospitaleratzeko arrazoi ziren Sars-CoV-2aren infekzio larrien aurka. Aldiz, egoera oker dezakete sozializazio handiagoak eta babes-arauak eta autobabeserako neurriak laxatzeak; izan ere, oso litekeena da datozen asteetan kasuen emendatze bat gertatzea komunitatean, neurriak zorrotz bete ez balitez. Baliteke, ordea, kasuen gehitze horrek ospitaleratzeetan hainbeste oihartzunik ez izatea, herritar zaurgarrienak txertoa hartuta baitaude. Txarrenean jarriz gero, neurrien aldaketak aldaera arriskugarriagoen sarrera errazten ahalko luke. Aldaera arriskugarriago horien kasuan, infekzioa igaro izanak edo txertoa jaso izanak babes txikiago ematen dute, egungo aldaeren aurka ematen dutena baino.

Gauzak horrela, txostenaren arabera, prebentzio komunitarioko neurriak mantendu behar dira, helburu hauekin: ospitaleen egoera hobetzen segitzea; galga jartzea aldagai berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak eta ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute; eta, azkenik, denbora irabaztea txertoen bidez biztanle zaurgarrienak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa.

Foru agindu honek hainbat sektoretarako neurri sanitarioak arautu dira, lehen ere egin izan den bezala. Azpimarragarriena da araudi honetan ez dela aurreikusten pertsonei zuzenean eragiten dien oinarrizko eskubideen murrizketarik, eremu pribatuko murrizketak gomendio bihurtzen baitira. Egoera epidemiologikoak hobera egin duenez eta arrisku maila ertain-handian kokatu garenez, txosten teknikoetan jasota dagoen bezala, beste neurri batzuk malgutzea erabaki da: barnealdean egiten diren zenbait jardueraren ordutegia, oro har 22:00ak arte izatera pasatzen dena, pertsonen kopuruen mugak lurperatzeetan eta beiletan, gurtzan, turismo-gidarien taldeetan eta kultur jardueretan edo txikizkako merkataritzan, non jendea metatzeko arrisku txikiagoa baita. Era berean, hauek ere irekiko dira: bingoen barnealdeak, jolas eta joko aretoak, baldintza jakin batzuk dituzten ekitaldietarako funtzio anitzeko aretoak, elkarte gastronomikoak eta peñak, baldintza jakin batzuekin. Azkenik, lehengo neurri berdinak egonen dira ostalaritzan eta jatetxeetan, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 14ko 16/2021 Foru Aginduan onetsi ziren bezala.

Neurri horiek guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR