Nazioarteko berregituraketa produktiboaren ondorio espaziala. Industrializazio zaharreko erregioei buruzko hausnarketa

AutorHelena Franco y Goio Etxebarria Kerexeta
CargoProfesoras de Economía Aplicada I Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea
Páginas05
  1. SARRERA

    Kapitalismoaren garapenak berak dakarren globalizazio joera bizkortu egin da azken hamarkadetan. Globalizazioaren inguruan egun dauden eztabaida eta hausnarketak gutxietsi gabe1 inork ez du ukatzen nazioarteratze gehikorreko joera horrek lehiaren areagotze nabarmena ekarri duela, horrek ondorio espazial argiak izango dituen doikuntza eta berregituraketa industrialeko prozesuak eraginez. Industria astuna eta arina gehi fabrikazio tradizionalena garapen bideko herrietara zuzenduko da, eta herrialde garatuek teknologia altuko sektore, jarduera edota produkzio-faseen inguruan antolatuko litzatekeen egitura ekonomiko berria garatu beharko dute.

    Herrialde industrializatuei dagokienez berregituraketa honek eragin disparekoa izango du espazio batzuetan eta beste batzuetan. Erronka teknologiko berriak dakartzan kostu altuei ezin aurre egiteak arazoak sortzen ditu zenbait erregio eta lurraldeetan, eta, halaber, aurrerabide teknologikoak ahalbidetutako lan prozesuaren segmentazioaren ondorioz agertzen diren nazioarteko lehiatzaile berriek, beren kostu baldintza apalagoak direla eta, lehiarako zailtasun itzelak sorraraziko baitizkiete.

    Testuinguru horretan ezagutza eta ikaskuntzan oinarritutako lehiak inoiz ez bezalako garrantzia hartuko du, etengabeko bilakaeran dauden merkatu eta baldintza teknikoei azkar egokitzeko eta berebat berrikuntzak burutzeko gaitasuna funtsezkoak bilakatzen diren heinean. Eta hor egon daiteke, hain zuzen ere, globalizazioaren muga inportanteenetako bat, ezagutza kodifikatua munduan zehar eta nolabaiteko erraztasunez transferitu badaiteke ere ezagutzaren beste modua, ezagutza tazitoa eta know-how delakoa, oso errotuta baitago lokalizazio eta organizazio espezifikoetan.

    Horrela, bada, gero eta globalagoa den mundu honetan lurraldeak (esan nahi baita erregioak, tokiko eremuak) badu, beraz, leku garrantzitsua. Nazioarteko Lan Zatiketa Berriaren araberako berregituraketa prozesu sakon honetan arrakasta handiagoa izango dute ekonomia berriztatzaile eta moldakor baten garapenerako ezaugarriak eskaintzen dituzten lurraldeek.

    Testuinguru orokor honetan kokatu nahi izan dugu desindustrializazio eta berregituraketa ekonomikoaren inguruan burutu dugun hausnarketa. Desindustrializazio fenomenoaren azterketatik abiatuko dugu artikulua, berau azaltzen duten zio orokorrei ez ezik bere isla espazialari ere kasu emanez. Ildo beretik segituko du hirugarren atalak ere, izan ere desindustrializazioaren eragin espazialaren adibide latzena diren gainbeherako erregio industrialei helduko baitiegu; eta beren problematikaren oinarrian dauden zioetaz harago batez ere gainbehera egoerari buelta emateko dituzten aukera desberdinen inguruan bideratu nahi izan dugu gogoeta. Laugarren atalean gaur egun lehiakor eta arrakastatsuen agertzen zaizkigun lurraldeei zuzenduko diegu begirada, alegia, nazioarteko metropoli eta hiri-ingurune aurreratuei. Azkenik, bukaera gisa bidean sortu zaizkigun zenbait hausnarketa eta ideia jasoko ditugu bosgarren atalean.

  2. DESINDUSTRIALIZAZIOA ETA LURRALDEAREN GAINEKO ERAGINA

    2.1. Desindustrializazio fenomenoaren tratamendu orokorra

    80ko hamarkadan ekonomilarien artean kezka bizia sortu zuen gaietako bat desindustrializazioari buruzkoa izan zen. Nahiko nabarmen zirudien fenomeno honen inguruan hainbat definizio eta teoria garatu ziren orduan.

    Gizarte postindustrialaren teoria da horietariko bat. Industri iraultzan lehen sektoretik industri lanpostu berrietarako lanesku trasbasea izan zen bezala, horrela ere gizarte postindustrialean bigarren sektoretik hirugarrenerako mugimendua egongo zela uste zen, aurreikuspen hau honako balizkakoen gain eraikitzen zelarik: alde batetik, industriak produktibitate maila hazkorrak izango zituela eta, bestetik, herrialdeak aberatsagoak bilakatu arau, zerbitzu ekonomia baterantzako joera areagotuko zela (Bell, 1973). Fabriken itxierak, beraz, industrian oinarritutako ekonomia batetik zerbitzuetan oinarritutako baterako eraldakuntza horren elementu izango lirateke; eta, gainera, sektore berrietako enplegu hazkundeak konpentsatuko lituzke eragindako lanpostu galerak.

    Garapen ekonomikoari eta aldaketa estrukturalari buruzko teorietatik edango du Rowthorn-ek (1986, 8-15) ere helduaroaren tesia deitzen duena proposatzerakoan. Tesi horren arabera, herrialde baten garapen prozesuan hasieran industriaren portzentaia enplegu totalarekiko oso azkar handituko da; aurrerago proportzio hori egonkortuko da; geroago, behin puntu jakin batera helduz gero erortzen hasiko da. Hortaz, ekonomia industrial batek gero eta garapen handiagoa lortzen duen heinean zerbitzuek enplegu totalean duten proportzioa ere handitzen da; hasieran hazkunde hori (eta industri enpleguarena ere) nekazaritzaren lepotik izango da, baina aurrerago, hedapen mota horren potentziala akitu ahala, industriaren lepotik. Edozein kasutan, industri enpleguaren beherakada erlatiboaz ari zaigu azalpen hau, kopuru absolututan gerta daitekeena enplegu totalaren bilakaeraren menpe utziz.

    Asko izan dira teoria postindustrialaren aurka mintzatu zaizkigun ahotsak, beren kritika nagusiak funtsean bi alderditatik abiatuz: bat, manufaktura-sektorea dela ekonomi hazkundea sortzen duena eta zerbitzu sektorea sostengatzen duena; eta bi, manufakturako lanpostu galerak ez direla aldaketa teknologikoak sorrarazitako produktibitate igoeren eta berauek enpleguan zerbitzuen aldera eragindako mugimenduaren ondorio, baizik eta manufaktura-sektorearen beherakada absolutuak eraginak2.

    Halere, eta kritikaren ardatz nagusietan bat etorri arren, beherakada horren zergatiak azaltzeko orduan sortzen da eztabaida, teoria desberdinak azaleratuz. Horien arteko adierazgarrienak laburki azalduko ditugu datozen paragrafotan.

    Hor izango genuke, adibidez, Cambridge Economic Policy Group (CEPG) taldearen eta, bereziki, Singh-en (1977) eskutik datorkigun lana. Hauen iritziz desindustrializazioa ulertzeko ezin gara mugatu herrialde baten barneko osagaien azterketara soilik; aitzitik, desindustrializazioa ekonomia batek bere lehiatzaileen aldean duen funtzionamendu kaskarraren adierazgarri izango litzateke. Horrela, desindustrializazioa ulertu beharko genuke herrialde bateko manufaktura-outputak beste herrialde batzuetakoarekiko partaidetza galtzen ari den seinale gisa. Manufakturen merkataritza-balantzari dagokionez, desindustralizazioa gertatzen da herrialde batek ezin duenean bere kontuei aurre egin: esportazioak ez baitira nahikoak inportazio errekerimenduak ordaintzeko sozialki onargarri diren langabezia eta ganbio-tasa maila batzuetan.

    Rowthorn-ek (1986, 19-26) porrotaren tesia izenaz jasotzen du ikuskera hau, eta honela azaldu: manufaktura-enpleguaren beherakada porrot ekonomikoaren sintoma litzateke, manufaktura-industriaren porrot hazkorra, nazioarte mailan lehiatzeko edota enplegu beteko ekonomia oparo batek eskatuko lukeen outputa produzitzeko. Rowthornek honako bost proposizioetan laburbiltzen du tesi hori, Britainia Handiko kasuan oinarrituz: (i) herrialdearen emaitza ekonomikoak errenta eta enplegu arloan eskasak izan dira; (ii) aurrekoaren arrazoi nagusia manufaktura-industriaren errendimendu ahula izan da; (iii) baldin manufakturasektorea sendoagoa izan balitz, sektorearen outputa ere handiagoa izango zen; (iv) horrek manufakturakoak ez diren ekonomiaren atalak estimulatuko zukeen eta zerbitzuetan eta beste jarduera ez-manufakturakoetan ere enplegu sorrera handiagoa ahalbidetu; (v) baldin manufaktura-sektorea sendoagoa izan balitz enplegu beherakada (erlatibo eta absolutua) ez zen hain azkar gertatuko3.

    Edozein kasutan, eta azalpenerako izan ditzaketen mugak ukatu gabe, planteamendu hauek nolabait aditzera ematen digute desindustrializazioaren fenomenoa ez dela soilik herrialde baten barnean gertatutako prozesu eta bilakaera desberdin batzuen ondorio, hori baino konplexuagoa dela eta, hortaz, herrialde baten mugaz haragoko perspektiba batean aztertu beharreko zerbait.

    Ikuskera zabalago horri eutsi diote beste autore batzuek ere. Massey eta Meegan-ek (1982), esate baterako, aurreko ikuspegietako azalpen ildo batzuk bereak egiteaz gain (zenbait lanpostu produktibitatearen gehikuntzaren ondorioz desagertu direla, teoriko postindustrialek aurrikusi zutenez; edota beste batzuk lehiakortasun ezak ekarritako enpresen itxierak direla-eta, CEPGk aipatutako puntu bat) azalpen osatuagoa eskaini asmoz hirugarren faktore bat ere mahaigaineratzen dute, hots, zenbait lanpostu desagertu direla kapitalaren nazioarteko berregituraketa eta Nazioarteko Lan Zatiketan izandako aldaketak direla medio, korporazio multinazional handiek laneskuan intentsibo diren produkzio-faseak atzerrira transferitu baitituzte. Beraz, Britainia Handiko desindustrializazioa ez litzateke soilik lehiakortasun ezari loturiko kontua, Nazioarteko Lan Zatiketan izandako aldaketa sakonek ere izan dute zerikusia. Aurrerago ikusiko dugunez, kapitalaren berregituraketa hori herrialde kapitalista aurreratu guztiek nozituko badute ere, eraginaren tamaina eta izaera desberdina izango da batzuetan eta besteetan, eta baita estatuz azpiko lurraldeen artean ere.

    Antzeko ikuskera batetik baina arreta enpresa multinazionaletan jarriz, honakoa diosku Kapitalaren higikortasunari buruzko teoriak4: beren izaera multinazionala eta nazioarteko kapitalarekiko irispide errazari esker, konpainia hauek errentagarritasun altuko industri sektoreetan eta soldata baxuko erregioetan birkokatzearen bidetik berreskuratu ahal izan dituztela beren zuzendaritza-arazoen ondoriozko galerak. Lantegien itxierak, beraz, kapitalaren higikortasunaren gehikuntzaren eta, horrekin batera, zuzendaritza-estrategiek produkzio eta banaketa arloan izandako porrotaren ondorio gisa ulertuko lirateke.

    Ekarpen teoriko desberdin nagusiak berrikusi ondoren5 eta horietariko bakoitzaren azalpen-gaitasunaren norainokoaz izan dezakegun jarrera zehazki agertuko ez dugun arren, zenbait hausnarketa mahaigaineratu nahi genituzke atal honi bukaera eman aurretik:

    – Herrialde bateko industri sektorearen beherakada...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR