Lan denboraren murrizketa frantzian: zenbait iruzkin

AutorMikel De La Fuente
CargoEuskal Herriko Unibertsitatea - Lan Harremanen Unibertsitate Eskola
Páginas08

1. Atarikoa

Europako beste lurraldeetan ere antzerakoak diren eztabaidek eta jarduera ekonomiko-sozialen eragina izan arren, Lan Denboraren Murrizketak (LDM) Frantzian hartu du berebiziko garrantzia. Azken hamarkadetan teorian zein praktikan izugarrizko lanak egin dituzte lurralde honetan, hainbait ekonomialari, historialari, soziologo eta enpresa-aholkulari bilduta, eta honelako gaiak izan dituzte aztergai: Lan Denboraren Murrizketak globalizatutako ekonomian izan dezakeen bideragarritasuna, ?lanaren amaiera? deitutako testuinguruan enplegugabeziaren aurka izan dezakeen eraginkortasuna, LDMk lan-antolakuntzarako edo langileriako zenbait talderentzat (emakumeak, goi-mailako langileak) ekar ditzakeen ondorioak, arduraldi partziala bezalako ?lana banatzeko? beste moduekiko erlazioa, eta abar.

LDM lege-ekimen bat baino gehiagotarako eta negoziazio zentral zein lokaletarako ere gaia izan da. Hauek guztiak gehiago bideratu dira lan-ordutegiak enpresen onerako malgutze aldera, soldatapeko langileen bizimodua hobetzera baino. 1997ko ekainean aurreratuta egin ziren legegintzarako hauteskundeetan ?Ezker plurala? deitutakoek hauteskundeak irabaztearen arrazoietako bat programako puntu nagusi legez 35 orduko lanaldiaren legearen ezarpena sartzea izan zen, izan ere, hitz emate honek soldatapeko langile askoren itxaropena piztu baitzuen. Agindutakoaren gauzatzea den 98-461 Legeak, ordea, Lan Denboraren Murrizteari dagokion ekainaren 13ko Bideratze eta Sustatze Legeak, alegia, hasierako itxaropen hura asko ahularazi du. Lege hau ?Aubry Legea? esanda ere ezagutzen da, bultzatu zuen lan ministro anderearen omenez.

LDMren inguruan maila akademikoan ez ezik maila politiko eta sindikalean ere sortutako eztabaidan zein esperientzia praktikoan Frantziak ?ibilitako? bidea izan da esperientzia hau aztertzera bultzatu nauena. LDM Estatu espainiarrean eta Euskal Herrian agenda politiko-sindikaleko behin eta berriroko gai bihurtzen ari den gune honetan (zehaztasun gutxirekin oraindik) interesgarria dirudi Fran- tziako esperientziara hurbiltzea, ikusteko zein baldintzatan izan daitekeen LDM lana duintzeko eta bereziki langabeziari aurka egiteko tresna.

Lanaldiaren iraupenak Frantzian izandako bilakaera eta Aubry legearen aurrekariak labur aztertu ondoren LDM langabeziari aurre egiteko tresna ote denari buruzko egungo eztabaida aurkeztuko dugu. Analisirako, ordea, giro akademiko eta politikoetan gehienen pentsaerarekin kritikoa den ikuspuntua hartu dugu. Ondoren Aubry Legearen azterketa eta berari lotuta dauden zenbait gai juridiko eta legea ezartzen hasi ondorengo behin-behineko balantzea zirriborratuko ditugu, eta, azkenik, aurten promulgatzekoa den Lege berriak ukituko dituen gaien berri ere emango dugu.

2. Lanaldiaren iraupenaren bilakaera Frantzian

Marchand eta Thelot-ek (1991, 1997) eta Rigaudiat-ek (1993) xeheki aztertu dute lan denboraren bilakaera Frantzian. 1835ean hasi zenetik gaurdaino lan denboraren murrizte nabarmena izan da Frantzian, garai hartan 3.000 ordukoa zena 1.630 izatera pasa baitzen 1995ean. Murriztea indartsuagoa izan da industrian eta hirugarren sektorean nekazaritzan baino, urteko iraupena erdira urritu baita aurreko bi haietan. Laburtze hau hainbat ikur-legek markatu du: 1841eko legeak lanean aritzea galerazten zien 8 urtez beherakoei, eta eguneko lanaldia mugatu egin zuen gainerako haurrentzat: 8 ordukoa, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, eta 12 ordukoa 12 eta 16 bitartekoentzat; 1848ko dekretuak 10 orduko laneguna ezarri zuen Parisen, eta 11koa probintzian; Lan Ikuskaritzari buruzko 1874ko eta 1892ko legeek emakumezko eta haurren lan denbora murriztu zuten; 1900eko Millerand Legeak, 10 orduko lanaldirako bilakabidea antolatu zuen eta 1919ko legeak, berriz, eguneko lanaldia 8 ordutan finkatu zuen eta inplizitoki, astekoa 48tan. Lege hau izan da lanaldiaren erreferentzia laneguna izatetik lanastea izateko bidearen abiapuntu.

Front Populaire-ren garaipenarekin batera etorri ziren Matignongo akordioak 1936ko ekainean: 46 orduko lanaste giroan 40 orduko lanastea ezarri zen, sol- data berarekin. Lan baldintzen hobetzeaz gainera hemen agertu zen, lehenengo aldiz helburuen artean, langabeziari aurre emateko nahia. Lan denboraren murrizte honek langileei ?aisialdia? izateko aukera eman zien, aldi berean onartu ziren ordaindutako bi opor asteak direla eta. Hala ere, hurrengo urtean izan ezik, 40 orduko lanastea ez zen hurrengo urte asko eta hamarkadatan gauzatu. Ordu gehigarriei1 buruzko legeria lasak ahalbidetu zuen bereziki lanaldiaren luzatze hau.

Lanaldiaren iraupenaren laburtzeari ez zitzaion berriro heldu hirurogeiko hamardara arte, eta orduan, Treinte Glorieuses2 garaiko ekonomi hazkundearen ondorengo emaitzen banatu beharraren ideologiaren eta praktikaren testuinguruan kokatu behar da. Murrizketa, Grenelle-n sinatutako akordioen ondoren hedatu zen ekoizpen-arlo guztietara, legezko 40 orduko lan denbora benetako lan denbora ere bihurtzeko eskatzea helburu zuten 1968ko maiatzeko mobilizazioen ondorioz. Handik aurrerako legegintza osoa aldez aurretik hitzartutako murrizketen atzetik etorri izan da, ez aurretik. Ezkerraren 1982ko garaipenaren ondoren 1982ko urtarrilaren 16ko Ordenantzak legezko 39 orduko lanastea ezarri zuen, gehienezko 48 orduko lanaste-iraupena, eta 46koa batez bestearena,12 asteko multzoan; aldi berean, ordu gehigarrientzako erregimena apur bat gogortu eta ordaindutako bosgarren opor astea orokortu zuen. Hala ere, onartu zituen ekoizpen-arloko edo enpresako akordioen bidezko, edo urteko modulazioen3 bidezko lan denboraren xedapen indargabetzaileak ere. Modulazio edo egokitze honek lanaldiak gora-beherak izatea ahalbidetzen du, beti ere, gehienez jota batez besteko 39 orduko lanastea izatekotan, aurreikuspen egutegia izanez gero, eta egunean gehienez 10 ordu lan egiten direla.

Gaurko egoera honako oharrek ezaugarritzen dute:

  1. ) LDMrekin batera lan antolakuntzaren malgutzea etorri da. Adierazgarriena ez da murrizketa bera izan, izan ere, erabat gelarazi baita, baizik eta lan denboraren aménagement edo berrantolaketa. Batez besteko murriztea lanaldi partzialaren bilakaeran nabari daiteke gehienbat (%17,4koa 1997ko martxoan, 1982ko %8,6koaren aldean) eta batez ere emakumezkoei, gazteei eta hirugarren sektoreko behe mailako enplegudunei egokitzen zaie, gehienetan ?derrigorrez?, lanaldi osorako aukerarik ezean. Europako beste lurraldeetan bezala Frantzian ere ideologia eta politika neoliberalak berarekin dakar ?Gizarte- eta hiritartasuneskubideak lortzen hasita zegoen soldatadunak lortua zuen maila zalantzan jarritakoan lanaldiaren laburtze orokorrak darabilen prozesu historikoa ere gelditzea, langabeziaren hedatze itzelari, ez-egonkortasunari eta eskubide sozialen mozketei esker? (de la Fuente-Otazua 1998:57). LDM era bateko edo besteko malgutzearen truke lortu izan da, denbora kontuetan ezezik baita lan zuzenbideko beste gaietan ere.

  2. ) Legezko eta benetako denboraren arteko bereizketa. Egin beharreko lan denboraren iraupena legez laburtu egin bada ere, egindako lan denboraren iraupenak bere hartan mantentzen dira eta gora egin dute hainbat arlotan gainera4. Oso hedatuta dago 39 orduz gorako lanastea. Bostetik zazpi milioira bitarteeko soldatapeko langile dira 45, 50 edo 60 lanordu astean egin beharrean gertatzen direnak. Urtean 1.200 milioi ordu gehigarri lan egiten dira (1993ko udan Balladur lan ministro zenaren txostenaren arabera), aitortuta edo gabe, 680.000 enpleguren parekoak, alegia. Lanari dagokionean kolokatasun egoeran dauden gutxi gora-beherako 6,7 milioi pertsonak enplegu defizitaren beste alderdia dira5. Defizit hau lanik gabeko 3 milioiei halabeharrezko lanaldi partzialean ari direnak eta lanik aurkituko duten itxaropena galduta merkatura joan ere egiten ez diren ?etsitakoak? gehitu behar zaizkie. Kopuru hauek kontrajarri egiten dira lan-gainzama eta nekosotasuna jasaten duten ia beste horrenbesteekin. Horregatik esan ohi da estatistika ofizialek errealitatea ezkutatzen dutela enpresa handiei edo sektore publikoari bakarrik dagozkien lan denboraren murrizketak erakusten dituztenean, sindikatu-jarduera indartsua duten arloenak alegia, arlo hauek errealitatearen zati txiki bat baino ez baitute osatzen. Hala, arlo pribatuko 14,5 milioi soldatadunetik 7 milioi 50 langilez beherako enpresetan aritzen dira lanean, eta horrelako lantokiek bakarrik osatzen dituzte zenbait ekonomi arlo, hala nola garraioa, ostalaritza, turismoa, eraikuntza, larrua, eta abar.

Adibidez, Institut National de la Statistique et des Etudes Economiques (INSEE)-koen estatistika ofizialetan benetako iraupenak jasotzerakoan, 1997an lanaldi partzialean aritutako 3,6 milioi langileen lanaldiaren pisua ere barne hartu zutenez, estatistika hauek ez dute lan denboraren errealitatea erakusten, ez eta egun osoko lanaldian aritzen direnen bilakaera ere. Benetako iraupenen kalkuluak lanaldi osoa eta partziala, industria eta zerbitzuak, edo enpresa handiak eta txikiak nahastu beharrean, arlokako inkestak egitea eskatzen du, arlo edo enpresa bakoitzeko langile kopuruaren arabera.

3. LDM eta enplegu politikari buruzko eztabaida

LDMk sortarazitako kontrako arrazoi eta eztabaidak honako hauek dira:

a) Lanaren kostua. Soldata murrizketarik gabeko LDMren aurkako lehenengo argudioa soldata-kostuen igoerak enpresen lehiakortasunean izan leza- keen kalterako eragina da. Soldata-kostua lehiakortasunerako elementu askoren arteko bat baino ez da, ordea. Eta hala erakutsi dute laurogeiko hamarkadan sol- data-kostuen igoera handiagoa izan arren irabazi merkataritza-balantzak izan dituzten Alemania edo Japonia bezalako herrialdeek. Frantziako ekonomiak ere gora egin du kokapen erlatiboari dagokionean: dagoeneko 120.000 milioi liberako eszedentea duen kanpo-merkataritza hobera egiten ari da gainera (Ngoc 1998:177).

Ekonomi teoria neoklasikozaleek gainerako ekoizpen-faktoreen aldean ekoizpen-faktore baten urritzeak eskearen gorakada erakarriko duela defendatzen dute. Kapitala eta goi-mailako lana bezalako faktoreen...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR