30/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena, baliatu zen betetzeko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen III. kapituluan jasotako aurreikuspena.

69/2008 Foru Dekretua onetsi zenez geroztik, herritarren artean nabarmen aldatu da gizarte zerbitzuen zorroan jasotako zerbitzuen bidez lantzen diren egoeren gaineko pertzepzioa (mendekotasuna, desgaitasuna, adingabeak, gaixotasun mental larria, gizarteratzea eta abar), eta hori dela eta, dagozkion lege aldaketak egin dira. Hala bada, aipatu behar da abenduaren 14ko 39/2006 Legea (autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa) garatzeko araudia; hots, bereziki abenduaren 27ko 1051/2013 Errege Dekretua (Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren prestazioak arautzen dituena), azaroaren 29ko 1/2003 Legegintzako Errege Dekretua (Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haiek Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duena), uztailaren 28ko 26/2015 Legea (Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duena) eta azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legea (gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena).

Era berean, Desgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa ere aipatu behar da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE) 2006ko abenduaren 13an onetsia eta Espainiak 2007ko abenduaren 3an berretsia, zeinak indarra hartu baitzuen 2008ko maiatzaren 3an. 2008ko irailaren 15ean, Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen Konbentzioari babesa emateko deklarazio instituzional bat, eta hartan adierazten zuen konpromiso benetakoa eta eraginkorra hartzen zuela arau horrekin, haren eduki, balore eta printzipioei dagokienez eta horiek aplikatzeari dagokionez.

Araudi berri hori guztia dela eta, beharrezkoa da gizarte zerbitzuen zorroa berrikustea, bai artikuluak, bai eta, neurri handiagoan, eranskinak ere, non deskribatzen baitira prestazioak eta zerbitzuak, horiek izaki batez ere arautu beharrekoak.

Beharrezkoa da, halaber, zerbitzuak eta ematen den arreta egokitzea, abiapuntu harturik, betiere, pertsonak eta komunitateko eredu inklusiboak ardatz dituen plangintzaren zutabe oinarrizkoak.

Foru dekretu honekin egiten den aldaketan, zeina artikulu bakar batean gauzatzen baita, erabaki da mantentzea, oro har, zorroari buruzko egungo foru dekretuaren egitura, artikuluei dagokienez; hala, artikuludun zatiko alderdiak aldatzen dira eta/edo indargabetzen, beharrezkoa izanez gero, baina foru dekretua ordezten duen arau bat eman gabe. Eranskinei dagokienez, zeinetan jasoak baitaude zerbitzu bakoitzaren deskripzio fitxak, erabaki da orobat mantentzea eranskinen egitura (I. eranskina “Prestazio bermatuak” eta II. eranskina “Bermatu gabeko prestazioak”), bai eta fitxen egitura ere, kontzeptu eta guzti: xedea, izaera –bermatua edo bermatu gabea–, onuradunak, haietako bakoitzaz baliatzeko bete beharreko baldintza berariazkoak, zerbitzua edo laguntza noiz eta nola eman (salbu eta Oinarrizko Arretako prestazioak direnean), hartzaileei koordainketa eskatzeko aukera, bidezkoa denean, eta jarduketa esparrua.

Artikuludun zatiari dagokionez, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren 4. artikulua aldatzen da, berariaz jasotzeko arreta integrala atzerriko jatorria duten adingabeendako, gerora emandako araudiarekin bat etorriz.

Aldatzen da, halaber, bigarren xedapen gehigarria, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoari buruzkoa; izan ere, xedapen hori egokitu egin behar da, ordeztu ditzakeen zerbitzuei dagokienez, abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotakoa bete dezan (lege hori da autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa).

Bi xedapen gehigarri gehitzen dira: seigarrena, zeinak baimena ematen baitio gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari programa esperimentalak ezar ditzan zerbitzuak emateko. Hala, lortu nahi da departamentuak arinago eta azkarrago erantzutea errealitate sozialaren beharrei, eta gerora dena delako zerbitzua finkatzea, hala badagokio; horretarako, zorroa egokituko litzateke, eta bermatuta egonen litzateke zorroa dena delako behar horretara egokitzen dela. Zazpigarren xedapen gehigarriaren bidez, erantzun nahi zaie onuradunaren inguruabar pertsonalak direla-eta zerbitzutik kanpo geratzea dakarten egoerei, baina errealitatea denean pertsona horrek laguntza eta/edo arreta motaren bat behar duela.

Azkenik, foru dekretuaren edukia argitzeko, azken xedapen zenbait eta xedapen gehigarri eta iragankor zenbait indargabetzen dira, baldin eta haietan arautzen zenak zentzua galdu badu bertan zehaztutako epeak igaro izateagatik edo, halaber, aldatzen zituzten arauak indargabetu izateagatik.

Eranskinetan hobekuntzak gehitu dira, zeinek, ematen diren zerbitzuei eta haien kalitateari kalterik egin gabe, aukera ematen baitute eranskinen edukia sinplifikatzeko. Horrela, bere horretan mantendu da fitxen egitura, berariazko arloka antolatzen dena, baina elkartu egin dira antzeko edukia zuten fitxetako batzuk, hala nola eguneko arretako zerbitzuak (mendekotasuna, adinekoak eta desgaitasuna duten pertsonak) eta adopzioko zerbitzuak. Eranskinen egituran egindako hobekuntzen barrenean, arloak ere egokitu dira; horrela, mendekotasunaren arlotik atera dira gaixotasun mental larria dutenendako zerbitzu berariazkoak, eta gaixotasun mental larriaren arlo berariazkoan sartu. Izan ere, ulertzen da zerbitzuek bermatuta egon behar dutela gaixotasun mentalak premia bat sortzen duelako, eta, beraz, ulertzen da ez dela zertan baldintza izan mendekotasuna edo desgaitasuna edukitzea.

Gorago aipatu denez, aldaketak sartu dira zerbitzu eta prestazio zehatzen fitxetan ere. Zehazteko asmorik gabe, aldaketa hauek eginda zenbait zerbitzu pasatzen dira bermatu gabeak izatetik bermatuak izatera (hala nola orientazioa, bitartekaritza eta familia elkartzeko guneak edo egoitza arreta eta eguneko arreta gaixotasun mental larria dutenendako), bermatutako prestazio berriak sortzen dira (esaterako, laguntza-produktuen zerbitzua edo bizitza independenterako bulegoa), bai eta bermatu gabeak ere (etxebizitza zerbitzua, zeinak sostengua eskaintzen baitu arlo guztietan, edo gainbegiratutako pisuen zerbitzua desgaitasuna duenendako), gizarte zerbitzuen zorroan sartzeko baldintzak aldatzen dira (aipagarriena da berariaz sartzen direla zorroan mendekotasun moderatua dutenak), eta aldatzen da noiz arte emanen diren zenbait zerbitzu, eta familiei oro har maiztasun handiagoz emanen zaie arreta soziala eta sostengua.

Azkenik, zerbitzu bakoitzaren fitxatik kendu egin da haien arteko bateragarritasunari buruzko erreferentzia, gai hori arautu baitzuen, lege mailarekin, 7. artikuluan urriaren 6ko 1/2011 Foru Lege Dekretuak, defizitaren helburua betetzeko hainbat neurri onesten dituenak; izan ere, lege maila finkatu zen, eta prestazioen arteko bateragarritasuna adierazteko ahalmena ematen zaio soilik Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrari, Gizarte Politiketako kontseilariaren urtarrilaren 18ko 62/2013 Foru Aginduaren bidez egiazki egin zenez (foru agindu horren bidez ezarri zen mendekotasuna dutenendako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea eta arautu ziren mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak).

Foru dekretu honek badu xedapen gehigarri bat bermatzeko ezen foru dekretu hau indarrean sartzen denean dauden “Mendekotasuna duten pertsonei arreta etxean emateko gutxieneko laguntzak” mantendu eginen direla harik eta iraungi arte, laguntza horiek ematerakoan indarrean zegoen araudiarekin bat.

Beste xedapen gehigarri baten bidez, ezartzen da zein izanen diren irizpideak egoitza zerbitzuak eta/edo prestazioak eta eguneko arretakoak esleitzeko, baldin eta gertatzen bada onuradun gehiago dagoela plaza baino; horrela gardentasun eta batasun handiagoa izanen da erabaki horiek hartzerakoan. Horrez gain, haren bidez finkatzen da, hein handiagoan, zerbitzu publiko baten zain dauden pertsonen eskubideen bermea, bai eta informaturik egoteko aitortzen zaien eskubidearen bermea ere, une oro jakin dezaten zein den beren eskaeraren egoera.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 20ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

  1. Aldatzen da ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren 4. artikulua. Hona hemen testu berria:

    “4. artikulua. Prestazioen hartzaileak.

  2. Gizarte zerbitzu orokorren zorroan dauden prestazioen hartzaileak izanen dira Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako baldintzak eta zorro honetan prestazio bakoitzerako ezarritakoak ere betetzen dituzten pertsona guztiak, bai eta aplikatzekoa den araudian eta zorroan bertan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateak ere, baldin badago.

  3. Atzerriko jatorria duten adingabeak gizarte zerbitzuetara sartzeko, oinarri hartuko da atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko araudian ezarritakoa.”

  4. Aldatzen da ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria. Hona hemen testu berria:

    “Bigarren xedapen gehigarria.–Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa.

  5. Egoitza arretako prestazio bermatuen kasuan, modalitateak izanik egoitza, tutoretzapeko pisua eta pisu gainbegiratua eta hartzaileak izanik mendekotasuna dutenak, adinekoak, desgaitasuna dutenak eta gaixotasun mental larria dutenak, eta baldin eta ez bada posible zerbitzu publiko edo hitzartu bat jasotzea, zerbitzuaren ordez prestazio ekonomiko bat emanen da, betiere zerbitzu hori eskuratzeari lotutakoa. Halaber, prestazio ekonomiko bat emanen da, baldintza beretan, prestazio bermatuen kasuan, zerbitzuak izanik eguneko arreta, gaueko...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR